11 NOV. 2021 - 09:36h Durangoko Azokaren Ahotsenean 50 kontzertu eskainiko dira, Plateruenan Durangoko Azokako aurtengo edizioan Ahotsenea guneko kontzertuak iragarri dituzte gaur. Guztira 50 emanaldi izango dira, abenduaren 4tik 8ra, Plateruenan eta sarrera doakoa izango da. Ahotsenean kontzertu bat, Durangoko Azokaren aurreko edizio batean. (Juanan RUIZ/FOKU) NAIZ Durangoko Azokan Ahotsenea gunean 50 kontzertu antolatuko dira aurten, abenduaren 4tik 8ra. Emanaldi guztiak Plateruenan izango dira, 11.00etatik 22.00etara, hamar kontzertu egun bakoitzeko. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, aforoa bete arte. Urtero bezala, ibilbide luzeko musikariak eta talde hasiberriak tartekatuko dira, hainbat musika estilotakoak: pop, rock, folk, hip-hop, trikitixa, funk, reggatoia, flamenkoa, bakarlariak... Musikari batzuek euren lehenengo diskoa aurkeztuko dute Azokan, eta beste batzuk ibilbide luzeko taldeak izango dira, Azokan behin baino gehiagotan euren lanak aurkeztu dituztenak. Guztiek ordu erdiko tartea izango dute euren lan berria aurkezteko. Zuzeneko guztiak streaming bidez eskainiko dira Azokaren webgunean. Egunez eguneko egitaraua honakoa izango da: Abenduak 4: Bulego, Eneritz Furyak, Habia, Serge, Kaserna, Katez, Rolan Garces & Bandatze, Anita Parker, Addar eta Anari. Abenduak 5: Diabolo Kiwi, Lur Jota, Larrealde Trikitilariak, Kilimak, Skakeitan, Nikotina, Fufu, Kai Nakai, Sueder eta Lotura. Abenduak 6: Trigger, Jabi Patxon & Kofradia Beltza, Bixente Martinez, Hibai, Iker Martinez eta Zaldi Herrenak, Bengo, McOnak, Etxekalte + Habi, Iheskide eta Jiel. Abenduak 7: Ekiñe, Konpost, Esanezin, Willis Drummond, Vinilo Ridin' Rocket, Hegazkin, Estitxu, Wood Strings, Onki Xin eta Hipnosia. Abenduak 8: S.A.D., Birkit, Astoturfer, Nahiak Nahi, Liher, Klak!son, Giante, Madeleine, Screamers and Sinners eta Errietan. Musika ez ezik, Durangoko Azokak diziplina askotariko egitaraua izango du 56. edizio honetan: solasaldiak, proiekzioak, arte eszenikoak, umeentzako ikuskizunak, ekitaldiak... Egitarau osoa azaroaren 22an aurkeztuko da.