Transmongoliarra, bidaiatzeko eredu zaharrak berreskuratuz 14 NOV. 2021 - 07:19h Egoitz Lopez de Lacalle (Argazkiak: Eduardo Izarzugaza eta Getty Images) Trenean eseri, leihotik begiratu eta kilometroak presarik gabe egitearen sentsazioa, XXI. mendean, luxua da ordulariaren menpe bizi garenontzat. Aukeratutako geltokiez gain, ibilbideaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du Transmongoliarrak. Aireportuko atea igarotzean, aurpegian hezetasunez betetako haize beroa sentitu dugu. Bilbon hegazkinera sartu ginenetik, egunbete pasatu da eta aire egokituaren tenperatura aldaketen menpe bizi izan gara Bartzelona, Mosku eta Beijingo aireportuetan. Eskertzen da giro naturala, baina abuztuan Beijing beroa da benetan. Goizaldeko 4ak dira eta poliziaren 3 kontrol pasatu behar izan ditugu Beijinen sartu ahal izateko. Jende ugari hurbildu zaigu «taxi!» oihuen artean. Atetik datorren edonork negozioa dakar. Berdin du nora goazen edo zer nahi dugun. Elkarren arteko ulermenik ez da behar. Taxian nahi gaituzte. Ordu txikiak izan arren, mugimendu handia sumatzen dugu. Hogei milioi biztanleko hiri batean egotearen lehenengo zantzuak dira. Egoera hauek lasai hartzea komenigarria izaten den arren, Euskal Herritik Internetez erreserbatua daukagun hostel-era heltzeko, taxia da ordu hauetan daukagun alternatiba bakarra. Ingelesa (gure neurrian) praktikan jartzeko eta negoziaziorako abilezia neurtzeko garaia da. Konplikatua benetan, zoramen horretan, ingelesez ez dakien edonori nora joan esatea. Bidaiariak, ordea, beti aurkituko ditu nahi duen lekura joateko bideak. Beijingen geratzen diren auzo tradizional edo hutong deituriko gune batean (azken urteotako hiriburu estruktura eraldatzeak betiko auzune hauen ia erabateko desagerpena ekarri du) omen dago gure ostatua. Horrela ulertu diogu atezainari. Mugimendua ikaragarria da, bizilagunek bizitza etxeko paretetatik kanpo egiten duten seinale. Etxe bakoitza komertzio txiki bat da, eta kalea erakusleiho. Fruta, arraina, haragia, jatetxe txikiak... Kaleko kartel guztiak txineraz daude. Ezin dugu ezer irakurri eta ulertu. Gure lehen helburua Ulan Bator-erako tren txartelak erostea dela argi dugu; ondoren, Tiananmen plaza, Hiri Debekatua eta Mao Tse-Tungen mausoleoa ikustera joateko. Dena erraldoia da: kaleak, eraikinak, zubiak... Etorbideetan barrena hainbat kilometro egin ditzakegu, azken urteetako Beijingen eraldaketaren ispilu. Gune berrietan, auzune zaharretan ez bezala, eraikin handien artean jende gutxi sumatzen da. Metroa omen da bidaiatzeko garraiobiderik egokiena eta estazio izenak ulertzen ez baditugu ere, mapa bat eskuan eta senari jarraituz moldatu gara. Geltokia jendez gainezka dago eta ondoren datorkigun jinkanari hasiera emateko, txartela non erosi asmatzea izan dugu lehen erronka. Luzea izan da lehen froga, ordu luzez ibili gara geltokian gora eta behera. Tren Transmongoliarrerako txartelak derrigor International Hotel-en barruan dagoen bidaia agentzia baten ofizina txikian soilik erosi behar direla jakin dugu, azkenean. Hortxe bigarren erronka: ofizinara heltzea. Egin beharreko lanak bukatuta, Beijing ikusteko parada dugu. Hirian gora eta behera goazela, segurtasunak duen garrantziaz jabetu gara. Metrora sartzeko, motxilak metal detektagailuetatik pasatu behar izaten ditugu. Tiananmen plazara sartzeko ere berdintsu. Herri militarizatua da Txina. Uniformeak non-nahi ikus daitezke. Beijing-etik hurbil, Harresi Handia ikusteko gunerik egokiena Badaling omen da. Turistentzat antolatutako txangoak erraz topa daitezke. Guk, ordea, Mitianyara joatea erabaki dugu. Ez omen da horren turistikoa eta, Interneten, autobus urbanoan joan gaitezkeela irakurri dugu. Ikaragarria da Harresi Handia. Eraikinari dimentsioa ematea zaila egiten zaigu. Ikusitako tartetxoa milaka kilometroren partea bat dela jakinda. Mongolia zeharkatuz Transmongoliarraren xarma nagusietako bat, nagusia ez bada, trenean bidaiatzea da. Ordu luzeak emango ditugu bertan eta luze egingo zaigun beldurra ere badaukagu. Trenaren sarreran, uniformez jantzita eta formazio militarrean dauden langileak aurkitu ditugu. Gure kabina txukuna da (bigarren klaseko kabina hautatu dugu, lau pertsonarentzat da eta bakoitzari ohatze bat dagokio). Badauka puntu erromantiko bat, 6070eko hamarkadetako filmetan trenak daukan protagonismoa berreskuratu eta norbaitengana edo zerbaitetara joatearen xarma. Azkartasuna bilatu gabe bidaiatzeko modu bat izan da gurea. Leihoari begira ordu batzuk pasatu ditugu. Paisaiek merezi dute. Kolore guztiak, testura ugari. Gobi desertua, Gorkhi Terelj oihana. Irakurtzen ere beste ordu batzuk, eta solasean asko. Bagoietatik bueltaka, besteren bat, eta erretzaileek, bagoien artean bat edo beste. Mongoliako mugan, Herenhoten, polizia-etxetik pasatu gara. Pasaporteak, bisatuak, aduana... Txinako eta Mongoliako trenbideen diametroak ez omen dira berdinak eta lokomotorra aldatu behar izaten da. Turistak bakarrik gaude mugan, herritar gutxi ibiltzen baitira alde batetik bestera. Garagardo batzuen artean, ingelesa hala moduz erabiliz, ulertarazteko gai izan gara. Ulan Batorrera heltzean, lehenengo begirada batean, Txinan ezagutu dugun gutxiaren antz txikia daukala ikusi dugu. Txarteldegiak zirilikoz idatzita daude, baina arazo berbera daukagu. Ezin irakurri, ezin ulertu. Eraikin bukatu gabeak yurt-ekin (Mongoliako nomaden dendak) tartekatzen dira hirian barrena. Baliteke egonkortasun txikiko hiriburua izatea. Gana’s Guesthouse ostatua ere eraikinez eta yurt-ez osatutako konbinazioa da. Mongolian barrena egun batzuk egin nahiko genituzke, baina garraio publikorik, trenaz gain, apenas aurki daiteke. Turistentzat, ordea, autoa, gidaria eta turismo-gidaria barnebiltzen dituzten tour-ak nonnahi kontrata daitezke. Kostua da desberdintasuna. Saiya turismo-gidaria eta Babo auto-gidaria dira guk kontratatutakoak. Babok 76 urte dauzka, Sobietar Batasunean ikasitako ingeniari mekanikoa. Beti errusieraz hitz egiten digu, kanpotarrak izanda ulertuko diogulakoan. Saiyak, aldiz, ingelesez hitz egiten du eta elkar ulertzen dugu. Hurrengo sei egunetan bidaia-lagun izango ditugu. Mongolia sabana ikaragarria da. Zaldiz, behiz, jakez (zonadeko behia) eta gameluz beteriko larre erraldoia. Patrol txiki batean bidaiatutako ordu gehienetan ikus daitekeen paisaia. Herri nomada denik ezin daiteke ukatu, ezerezaren erdian beti aurki daitekeelako unai mongoliarra. Tartean gune menditsuak edota desertu itxurakoak aurki daitezkeen arren, monotono xamarra bilaka daiteke egun batzuk pasatutakoan. Mongolia ez da herrialde oso garatua. Lotara joan garen gehienetan, kandela bat izan dugu lagun. Etxe gehienetan, komunak lurzoruan egindako zuloak dira eta zelai zabalek ere norberaren beharrak asetzeko toki paregabea dira bertako biztanleentzat. Komunikabide edota komunikazio tresnen faltan, elkarrekin hizketan pasatzen dituzte orduak. Orduaren garrantzia erlatiboa dela dirudi. Betebeharrak dira norberaren ordutegia. Harreman sakona lortu dugu Saya eta Baborekin. Azken egunean, Ulan Batorreko merkatura eraman gaituzte. Beti esan ohi da merkatuak herrialde edota hiriburu bakoitzaren esentzia direla. Herrialde bakoitzaren idiosinkrasia bertan aurki daitekeela. Kontainer industrial zaharrez eta egurrezko denda kuriosoz osatuta dago azoka hau. Dena dago salgai eta dena erosgai. Saltokien antolakuntza ez da harmonikoa, baina bakoitzak badu bere tokia. Leninen busto txikietatik Reebook zapatilarik berrienera. Dena negoziagarri. Errusiako lehenengo geldialdiak Egun batzuk pasatu ondoren, Mongolia atzean utzi eta Errusia aldera joateko ordua da. Pena eman digu gure lagunei agur esan beharrak. Saya euskaraz ikasteko tentatuta utzi dugu. Ez bereziki gure hizkuntzarekiko erakargarritasuna sortu diogulako, baina bai, agian, Mongoliara etortzen diren euskaldunekin negozioa egin dezakeelako. Tren geltokian ordu batzuk pasatu behar izan ditugu. Kezkatuta gaude. Gurea, Irkuts-era (Siberia) doana da. Garraioa hartzerakoan tentuz ibili beharra dago, gure erreferentzia bakarra ordua delako. Ez dago bidaia txartela ulertzerik, treneko txartelak ere ulergaitzak dira eta galdetu arren, ezin ziurta daiteke ulertu digutenik eta erantzuna egokia izango denik. Trenean sartutakoan, bertako langileak zuriak direla konturatu gara. Errusiarrak. Bagoaz pixkanaka Asia atzean uzten. Bidaiaren eboluzioak badu bere xarma. Ikuspuntu genetikotik, arrazen eboluzioa eta kulturen arteko elkarbizitza ikusgarriak bihurtzen dira. Hizkuntzak ere eboluzionatu egiten du, herritarren ohiturak emeki aldatzen doaz eta eraikuntza ereduak ere errealitate horretara moldatzen dira. Lehenengo geldialdia Mongolia eta Errusiaren arteko mugan egin dugu. Segurtasuna berriro ere, kontuan hartzeko elementua. Gurekin dagoen Hodil frantziarrari motxilan tramankulu berezi bat aurkitu omen diote eta ordu erdiz galdeketa zorrotza pairatu behar izan du, uniformatutako errusiarren eskutik. Irkuts Baikal Lakura sartzeko hiriburua da. Gure asmoa lakuan egun batzuk pasatu, ingurune zoragarriaz lasai gozatu eta Errusiako giroaz jabetzea da. Eco-hostel bat omen dago basoen erdian eta hasierako helburu hauek lortzeko aukera ona izan daiteke. Abuztua den arren, lurraldearen iparraldera goazen heinean, tenperaturen freskatzea ere nabarmena izaten ari da. Beijingo bero hezearekin konparatuz, Baikal lakuko tenperatura lehorragoa eta hotzagoa da ezbairik gabe. Ostatuaren ondoan Listuianka herrixka dago, kilometro askoko basoz inguratuta. Basoan barrena sartuz gero, tentuz ibili beharra dago, non gauden jakin ahal izateko. Ondoan mendixka bat daukagu eta bertatik laku osoa ikus daiteke. Neguan, elurtuta, nola egongo den amestu dugu. Zero azpitik 40ra arteko tenperatura izaten omen dute bertan. Herrixka lakuari estuki lotuta dagoen dudarik ez dago. Arrain ketua non-nahi saltzen dute. Turista errusiarrek pipak bailiran jaten dute, paseatzen duten bitartean. Lasaitasun pixka bat izan eta naturaz gozatzeko egun egokiak bilakatu dira hauek. Siberiako herri nekazari bat Gure hurrengo geltokia Krasnoiark da. Hiri industrializatua omen da eta bere zientzia-unibertsitatea, herrialde osoan ezaguna. Interneten, etxe partikular batean ostatu hartzeko aukera genuela ikusirik, bertara joatea erabaki dugu. Gure kontaktuak Julia izena du. Etxe xumea da Juliarena, bi gelatxo eta sukalde txiki egiteko omen da. Txundituta gaude, nor gara gu bada? Bazkaria ere prest dute. Bertan landutako eta prestatutako janaria omen da dena. Vodka ez da inon falta. Hunkitu gara. Brindisak hasi dira, bata errusieraz bestea euskaraz. Ulertu ez arren, giro paregabea sortu da. Uraletan zehar Pena handiz utzi behar izan ditugu Julia eta Listuiankako herritarrak, baina gure ibilbidearekin jarraitu beharra daukagu. Hurrengo geltokia Jekaterinburg da. Jekaterinburgerako tartea prasscard-ean (gelarik gabeko ohatze-bagoi bat) egitea erabaki dugu. Errusiar bidaiariekin harremanak lantzeko aukera paregabea izan daitekeelakoan gaude. Eta ez zaigu arrazoirik falta izan. Bidaiari asko etorri zaizkigu nongoak garen galdetzera. Bakoitzak bidaian zeregin ezberdinak ditugula konturatu gara. San Petersburgotik Irkutsera seme militarra ikustera joan den ama bat dago, Mantxurian ebanjelioa zabaltzen aritutako kristau gazteen talde bat, Moskura familia ikustera doan armeniar bat, destinoa Kazanen duten bi militar, Moskura doazen amona-ilobak... Denek egin digute kasu; begiradarekin bai, behintzat. Ez omen da oso arrunta bertan turista parea ikustea. Gauez heldu gara Jekaterinburgera. Handia da hiria eta lehenengo zeregina ostatua aurkitzea izango da. Errusiako ostatuak, normalean, Sobietar Batasunean eraikitako bloke zaharretan egoten dira eta aurkitzeko zailtasunak izaten ditugu. Ez dute inongo identifikazio bereizirik izaten. Askotan, galdetzea besterik ez zaigu geratzen. Euskal Herritik abiatu ginenean, errusiarrak trakets xamarrak ziren inpresioa geureganatu genuen, zenbait bidaia-blog irakurrita, baina esperientziak kontrakoa esan digu. Egia da hasiera batean, bederen, hizkuntzaren tonuarengatik zakar xamarrak diruditela, baina beti, beti, hizkuntz zailtasunak zailtasun, herritarren baten laguntza izan dugu. San Petersburgo eta Mosku Azkenaurreko geldialdia San Petersburgon egin dugu. Hiri ikusgarria omen da, bere eraikinfeudalekin, museo ikaragarriekin, tsarren garaiko palazioekin... Gehien txunditu gaituena, hala ere, Errusiako beste zonalde batzuekin konparatuz, bertan dagoen bizi-maila izan da. Mikrokosmos bat dirudi. Kapitalismo bortitzak erabat aldatutako hiria da San Petersburgo. Benneton, Zara, Apple, Audi... munduko multinazional guztien dendak aurki ditzakegu bertan. Hiritarren itxura ere deigarria egin zaigu. Bertakoek, Berlin, Londres edota Parisko herritarren antza handiagoa dute, Errusiako beste edozein herritarrena baino. Turismoari lotutako hiria ere bada. Egun bakar batean, orain arte ikusi gabeko turista guztiak ikusi ditugu. Eta gu ere geure burua horrela ikusten hasiak gara. Dena ordaindu behar da, dena oso garestia da kanpotarrarentzat. Tartean, euskal herritarrak garen galdetu digun gizon bat hurbildu zaigu. Georgiarra omen da. Euskaldunak asko maite dituela esan digu. Georgiarrak eta euskaldunak anaia-arrebak garela. Txundituta utzi gaitu ezagutu berri dugun gizon honek. Urruti egonda euskal herritarrak maite dituen gizon bat aurkitzeak zirrara sortu digu. Azken egunak Moskun eman ditugu. Ikusteko asko omen dago bertan, baina eguraldia ez dugu lagun. Heldu ginenetik euria barra-barra ari du. Kremlinera bisita, Leninen mausolera, Bigarren Mundu Gerran hildako soldaduen monumentura, metroa... Duela 21 urte Sobietar Batasuna atzean utzi bazuten ere, kapitalismo bortitzaren eta Sobietar Batasunaren ikonografiak elkartzen ditu Mosku hiriburuak. Starbucks multinazionalaren ondoan, Stalinen estatua erraldoia ikus daiteke, Leninen mausoleoa ikustera doan bisitariak, bitartean, McDonald’s hanburgesa jaten du. Metroak ere, lur azpian egon arren, ez du toki batetik bestera mugitzeko bakarrik balio. Geltoki bakoitza Sobietar Batasuna izan zenaren museo txiki bat da. Joko olinpikoetan parte hartutako kirolariei zuzendutako geltoki bat dago, Leningradeko batailan hildako gudariei zuzendutako beste bat, nekazariei zuzendutakoa... Ordu asko pasa daitezke metroko geltoki guztiak bisitatzen. Askotan galdetu diogu geure buruari errusiarrek zergatik eusten dioten ikonografiari, garai historiko hori atzean utzi badute. Izan direnaren ispilu moduan eutsiko diote? Herritarrek justizian oinarritzen zen eredua oraindik ere faltan botako ote dute? Edota turistentzako oroigarri moduan eusten diote? Bilbotik abiatu ginenetik 28 egun pasatu dira eta dagoeneko egun guztiak agortu ditugu. Etxerako hegazkina zain daukagu eta gauza asko ikusteko geratu bazaizkigu ere, ahaztuko ez dugun bidaia egiteko aukeraz erabat gozatu dugu. Esperientzia izugarria izan da, bai egindako distantziagatik eta ezagututako jendeagatik bai bizitakoarengatik. Bidaiatzeko modu ezberdina. Erromantikoa.