GAIAK

Starting Grant bekak, zientzialari gazteei Europatik bultzada

Starting Grant Europar Batasuneko dirulaguntzarik lehiakorrenetakoak dira eta zientzialari gazte bikainenen etorkizun handiko lanak nabarmentzen dituzte, beren ikerketa ildo berritzaile propioa garatu dezaten. Euskal Herrian lanean ari diren bost ikerlari daude zerrendan.

Ezker eskuin, Barja, Arranz, Monrabal, Marzo eta Olazabal. (FOKU / EHU)

Horizon Europe programaren barnean kokatzen den ERC Starting Grant deialdia Europako entzutetsuenetako bat da. Ikerketa karreraren hasieran dauden edozein nazionalitatetako ikertzaileak finantzatzen ditu, betiere gainbegiratutako lan bikaina egin dutenak, eta modu independentean lan egiteko eta ikerketa lider bihurtzeko gaitasuna dutenak.

Euskal Herrian diharduten bost ikertzailek jaso dute bultzada garrantzitsu hori. Ikerbasqueko ikertzaile den Francesc Monrabalek 1,5 milioi euro jaso ditu neutrinoen detektagailu bat garatzeko. Klima aldaketa ikergai duen BC3 zentroko Marta Olazabalek ere 1,5 milioi euroko bultzada jaso du ‘IMAGINE Climate Change Adaptation in Urban Areas’ ikerketarako, klima aldaketaren aurrean hiri handiak nola egokitu ikertzen segitzeko. NUPeko irakasle eta ikertzaile den Asier Marzok pareko laguntza jaso du, airean proiektatuko diren 3D grafikoak maneiatzea ahalbidetuko duen teknologia garatzen laguntzeko. UPV/EHUko Sara Barjak 2,3 milioi euro eskuratu ditu hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile berriak garatzeko. Azkenik, UPV/EHUko Amaia Arranzek 1,5 milioi izango ditu ikertzeko ea zergatik hasi ziren ehiztari-biltzaile populazioak lurra lantzen.

Starting Grant bekek 1,5 milioi euro ematen dituzte gehienez, bost urtean zehar. Baina, horrez gainera, beste milioi bat euro eska daiteke hirugarren herrialde batetik Europar Batasunera edo herrialde elkartu batera ikertzera mugitzen diren ikertzaileen kostuak ordaintzeko edo ekipamendu garrantzitsua erosteko. Hori da, hain justu, Sara Barjaren kasua, 2.345.000 euroko laguntza lortu baitu.

Sara Barjaren COSAS proiektua

Hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile eraginkorrago eta merkeagoak lortzea da uraren bidez energia jasangarria ekoizteko erronka nagusietako bat. Ura oxigenotan (O2) eta hidrogenotan (H2) bereizteko ikuspegi orokortuagoa erabili beharrean, COSAS proiektuaren (Controlling Oxygen Selectivity at Atomic Scale) helburua da ura oxidatuz hidrogeno peroxidoa lortzea –O2 baino balio handiagoko produktua– eta elektrolisia itsasoko uretatik abiatzea –horrela, itsasoko ura purifikatzeko prozesu garestia saihesten da prozesu honetan–.

COSAS proiektuaren xedea da ulertzea erreakzio horiek nola gertatzen diren oinarrizko ikuspegi batetik, eta, horretarako, oraindik ulertzen ez diren prozesu katalitikoei buruzko gaiak landuko ditu. UPV/EHUtik azaldu dutenez, COSAS proiektuak ikuspegi berritzaile bat proposatzen du, gainazalen zientzia eta esperimentu elektrokimikoak integratu nahi baititu. Jasotako finantzaketaren zati batekin, sistema esperimental bat instalatuko da, zeinaren bidez doitasun atomikoz ikertuko baita elektrodoaren eta elektrolitoaren arteko interakzioa lan baldintzetatik hurbil. Galdera horien erantzunek aukera emango dute hidrogeno berdea ekoizteko ahalik eta katalizatzaile eraginkorrenak modurik espezifikoenean diseinatzeko.

Palaeorigins proiektua

Amaia Arranzen Palaeorigins proiektua atzera begira jarri da. Nekazaritzarako trantsizioa gizateriaren historiako aldaketa garrantzitsuenetako bat izan zen. Asiako hego-mendebaldean hainbat hamarkadatan egindako ikerketek frogatu dutenez, prozesu hori duela 10.000 urte inguru amaitu zen, Neolitoan nekazaritza garatu zenean. Hala ere, ezezagunak dira oraindik ere ehiztari-biltzaileak landare baliabideen ustiapena landu eta areagotzera bultzatu zituzten faktoreak.

Palaeorigins-en helburu nagusia da galdera horri erantzutea. Zehazki, proiektuak argituko du ea Neolitoa garatu baino lehentxeago (duela 23.000-11.000 urte) gune hartan bizi ziren ehiztari-biltzaileen taldeek ba ote zuten jakintzarik landare baliabideak ekoizteko eta areagotzeko moduen inguruan. Proiektuak orain arte planteatutako hipotesirik garrantzitsuenetako batzuk berrebaluatuko ditu, azaltzeko gizakia nola pasatu zen landareak biltzetik elikagaiak ekoiztera. Zenbait teoria berrikusiko ditu, trantsizio hori azaltzeko, bereziki ingurumen faktoreak eta faktore soziokulturalak agerian jartzen dituztenak. Horretarako, Jordanian, Israelen eta Zipren hoberen kontserbatutako aztarnategi epipaleolitiko batzuetako material arkeobotanikoak aztertuko ditu proiektuak.

Proposamenak ikerketa aukera berriak irekiko ditu ehiztari-biltzaileen eta haien ingurunearen arteko interakzioen izaera azaltzeko, aintzat hartuta nekazaritza garatzea ahalbidetu zutela eta, azken batean, gure historiaren bilakaera aldatu.

Monrabal: «Gauza berriak ikus ditzakegula pentsatuz gero, ez dut lorik egiten»

Francesc Monrabal. (Gorka RUBIO/FOKU)

Mamu batekin alderatu izan dute neutrinoa, unibertsoko partikula txikienen artean dagoena. 1930ean ‘asmatu’ zuen Wolfang Pauli fisikari alemaniarrak, prozesu fisiko batzuetan ustez desagertzen zen energia nonbait apuntatu ahal izateko. Desagerpen hori onartu baino, nahiago izan zuen partikula bat asmatu. Baina intuizio ona izan zen, neutrinoak existitzen baitira, eta ez dira gutxi. «Gure gorputzeko zentimetro karratu bakoitzetik 100 milioi neutrino pasatzen dira segundoero», azaldu du Francesc Monrabal DIPCko Ikerbasqueko ikertzaileak.

Ez hori bakarrik, unibertsoaren sekretu batzuk ere gorde ditzakete partikula hauek, materia eta antimateriaren arteko desoreka kosmikoa, adibidez.

Baina neutrino horiek antzematea ez da erraza. Hamarkada batzuk, saiakera asko, eta lur azpian eraikitako hainbat piszina erraldoi behar izan zituzten fisikari esperimentalek lehenengo neutrinoak topatu eta Nobela irabazteko. Monrabalek zailtasun horiek azaldu ditu: «Gainontzeko partikulek ez bezala, neutrinoak ez du erakarpen elektromagnetikorik sentitzen; materiarekin interaktuatzeko probabilitatea oso-oso txikia da».

Neutrinoak detektatzeko, orain arte, partikula hauek nukleo baten protoi edo neutroiekin talka egitea bilatu da. Alegia, nukleo baten barruko partikulekin. Duela lau urte, ordea, detekzio mota berri bat entseatu zen: ‘neutrinoaren eta nukleoaren arteko elkarrekintza elastiko koherentea’ izenekoa. Monrabalek argitu digu zertan datzan: «Orain aski da nukleoaren edozein punturekin talka egitea, alegia, jomuga askoz handiagoa da, eta neutrinoak detektatzeko aukera 10.000 aldiz handitzen da». Hori lortzeko, ordea, detektagailuak energia minimoak antzemateko gaitasuna eduki behar du. 

«Neutrinoa eltxo bat da, eta aurrean jartzen diogun nukleoa kamioi bat da abiadura bizian. Eltxo horrek kamioian eragiten duen mugimendua detektatu behar dut», azaldu du Monrabalek.

Detektagailu hori eraikitzeko, 1,5 milioiko saria jaso berri du Donostian bizi den fisikari valentziar honek, Europako Ikerketa Kontseiluko (ERC, ingelesezko sigletan) Starting Grant beka baten bidez.

Proiektuak GanESS du izena, eta Suedian estreinatu berri den neutroien espalazio iturrian kokatzen da. Monrabalek lagundu behar izan digu berriz azalpenekin: «Lundten orain martxan jarri den espalazio zentroa, azken batean, neutroiak ekoizten dituen iturri bat da. Horretarako, protoi sorta bat astintzen da material desberdinen kontra. Horrela neutroi asko sortzen dira, baita neutrinoak ere. Gure asmoa, beraz, gure gailua iturri horren ondoan instalatzea da, eta neutrino horiek detektatzea».

Berritasunen artean garrantzitsuena zera da, Monrabalen esanetan, neutrinoen interakzio hauek gas desberdinen nukleoekin detektatzeko gaitasuna. Alegia, «orain arte inork egin ez duen zerbait egitea».

Inozoki galdetu diogu zertarako balio dezakeen horrek, eta zientzialariaren atzean dagoen ameslariak erantzun du. «Errealistena da pentsatzea ez dugula ezer berezirik topatuko, hau da, fisikaren estandarrak aurreikusten duena topatuko dugula. Horrela bada, baliagarria izango da, bide hauek ibili behar direlako, leku berrietara eramaten ez dutela baieztatzeko; baina aldi berean, inork detektatu ez dituen elkar eragiteak ikusi nahi ditugu, eta gerta liteke fisika berria ikustea, ezagutzen ez diren prozesu fisikoak ikustea».

«Inork detektatu ez dituen elkar eragiteak ikusi nahi ditugu, eta gerta liteke fisika berria ikustea»

DIPCri, eta hango presidenteari eta zuzendariari buruz –Pedro Miguel Etxenike eta Ricardo Diez Muiño, hurrenez hurren– hitz onak baino ez dituen ikertzaile honi nabari zaio pasioa: «Horrelako zerbait gertatzen bada, hurrengo elkarrizketan afaltzera gonbidatuko zaituztet».

«Ilusioa hori da beti, zeozer berria topatzea, horretarako sartu ginen horrelako abentura batean; bestela, ez dauka zentzurik, ni ez nago hemen beste batzuek neurtu dutena berriz neurtzeko; baina zer topatu dezakegun pentsatzen hasten banaiz, ez dut lorik egiten, eta bost urte biziraun behar ditut gutxienez, esperimentu hau egin ahal izateko», dio.

Olazabal: «Klima aldaketarako ez ezik, aldaketa sozial eta ekonomikorako prestatu behar dugu»

Marta Olazabal. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Parisko Akordioan mahai gainean jarri zen eta Glasgowko Klimaren Goi Bileran berretsi: hiri handiek klima aldaketaren aurrean egokitzeko neurriak bultzatu behar dituzte. Horri buruzko ikerketa eta jardunak ez du ibilbide luzea halere, eta Marta Olazabal (Bilbo, 1981) BC3ko ikertzaileak hori konpontzeko lan egingo du datozen bost urteetan Starting Grant beka baliatuta. ‘IMAGINE Climate Change Adaptation in Urban Areas’ lanagatik saritu dute.

Hain gutxi ikertu denez honen inguruan, oraingoz ez dago modurik neurtzeko klima aldaketarako hiri handien egokitzapena. «Oraindik ez dakigu nola egiten den», dio Olazabalek.

Alta, ikertzaile bilbotarrak denbora darama gai honen bueltan lanean. Ikerketa bi egin ditu Maria Ruiz de Gopegirekin batera; lehenengoan kostaldeko 136 hiri handi ikertu zituzten, haien egokitzapen planak, baldin bazituzten, zeintzuk ziren ikusteko. Lagin horretatik soilik 59 hirik zuten klima aldaketarako egokitzapen plana, eta horiek zehatzago aztertu zituzten bigarren ikerketan.

Lan horietatik aletutako ondorioak ez ziren positiboak izan: egiaztatu zuten «motibazioa» falta dela aldaketa klimatikorako egokitzapena «lehenesteko», edo egokitzapen planak osatzeko «ezagutza zientifikoa» falta delako edo, sarri, plan horiek ez datozelako lagunduta aurrekontu proiektu batekin.

Modu berean, atzeman zuten egokitzapena herrialde aberatsetan gailentzen dela. Herrialde pobreenetako hiriek ez dute nahikoa baliabide plan horiek diseinatu eta martxan jartzeko.

Gobernantza eredua

Klima aldaketaren ondorioei aurrea hartzeko, Marta Olazabalen iritziz, beharrezkoa da egungo gobernantza ereduak aldatzea. «Gaur egun, sektore publiko guztiek txertatu behar dituzte klima irizpideak dagoeneko gugan eragina izaten ari diren klima larrialdiaren arriskuen aurrean prest egoteko. Dauzkagun gobernantza ereduek zuloak sortzeko joera dute, sailen artean ez dira komunikatzen eta ez da ezagutza transferitzen; horrela oso zaila da politika eraginkorrak egitea», agertu du BC3ko ikertzaileak.

«Dauzkagun gobernantza ereduek zuloak sortzeko joera dute, sailen artean ez dira komunikatzen eta ez da ezagutza transferitzen»

Badira, ordea, klima aldaketarako egokitzapenaren arloan eredu izan daitezkeen hiriak, kasurako, New York, Kopenhage, Durban edo Rotterdam.

Eta, gertuago, Marta Olazabalek iritzi dio Donostian eta Gasteizen politika eraginkorrak bultzatzen ari direla. Zera gertatzen da, bere esanetan, egokitzapenerako politikak martxan dituztenak «megahiriak» direla gehienetan eta «zaila» dela hiri hauek egindakoa herrietan edo hiri txikiagoetan aplikatzea.

Eragin zuzena Euskal Herrian

Baina zeintzuk izango lirateke, egokitzapen planak egoki bultzatzen ez badira, klima aldaketak Euskal Herrian eragin ditzakeen ondorioak? Olazabalek ohartarazi duenez, «zaurgarria» da Euskal Herria, klima aldaketak eragin «zuzena» izan dezakeelako bertan, bereziki kostaldean. «Bero boladen eta hotz boladen eragina eta, batez ere, itsasoaren mailaren igoerak eta uholdeek itsasertzean izan dezaketen eragina arazo handiak izango lirateke», esplikatu du.

Hala ere, klima larrialdiak sor ditzakeen zeharkako arazoez ere mintzatu da ikertzaile bilbotarra: «Klima eraginak Espainiako hegoaldeko lehorteetan erasaten badu, zenbait elikagaitan eragina izango du, adibidez. Eta, haratago begiratzen badugu, migrazio klimatikoa da ni asko kezkatzen nauen gai bat, gero eta gehiago egongo delako».

Horregatik, iragarri duenez, «klima aldaketarako ez ezik, honek eragindako aldaketa sozial eta ekonomikoetarako ere prestatu behar dugu».

Hori guztia «modu integratuan» landu behar dela defendatu du Olazabalek. «Horregatik hitz egiten da trantsizio ekologikoez, gai hauek modu integratuan lantzen badira eraginkorragoak izango direlako», dio.

Marzo: «Unibertsitate handien antzeko gauzak egin ditzakegu NUPen, baina bitartekoak behar ditugu»

Asier Marzo. (Iñigo URIZ/FOKU)

Airean edo gailu baten barruan agertzen diren eta pertsonek zuzenean haiekin elkarreragiten duten 3D grafikoak. Filmetan ikusi dugu, baina oraingoz ez da posible. Asier Marzo NUPeko irakasle eta ikertzaileak datozen bost urteetan errealitate bihurtu nahi du. Marzok Starting Grant laguntza lortu du, 1,5 milioi euroko finantziazioarekin hurrengo bost urteetan. Horrekin, airean proiektatuko diren 3D grafikoak maneiatzea ahalbidetuko duen teknologia garatzea proposatzen du, irakaskuntzatik medikuntzara bitarteko erabilerekin.

Ikertzaileak azaldu duenez, proiektuak hainbat zati ditu, «baina garrantzitsuena teknologia bat sortzea da, interakzio zuzena duen display bolumetrikoa sortzea ahalbidetzeko.

Display bolumetrikoa gauzak ordenagailu baten pantailan bezala plano batean ikusten ez diren gailu bat da. Orain ordenagailuko pantailara begiratzen baduzu, 2D azalera bat da, plano bat da, eta plano horretako puntu bakoitzak argia igortzen du. Orduan, zuk 3D grafikoak simulatu ditzakezu, baina horiek ez dituzte inoiz izango mundu errealak ematen dizkizun ikuspuntuak, begi bakoitzak gauza bera ikusten baitu, nahiz eta zure fokua puntu batean ez den desitxuratzen, eta hori bai gertatzen da bizitza errealean. Eta hori, txarra badirudi ere, ona da, gauzen sakontasuna hobeto hautematen laguntzen dizulako». Display bolumetrikoetan grafikoak kubo baten barruan agertzen dira, bolumen batean.

«Kuboko puntu bakoitzak argia igortzen du eta, beraz, zu display honetara hurbiltzen zara eta barruan hiru dimentsioko objektuak ikusten dituzu. Eta zuk ez ezik, hainbat pertsonak ere ikus dezakete ikuspegi desberdinetatik. Kubo honetan buru bat erakusten badugu, adibidez, nik aurrez aurre ikusten badut begiak eta kopeta ikusiko ditut, baina norbaitek atzetik begiratzen badio, garondoa eta lepoa ikusiko ditu», zehaztu du ikertzaileak.

«Sakontasunaren pertzepzioa eskatzen duten zereginetarako askoz ere erabilgarriagoa izango da display hau»

Puntako teknologia hori existitzen da, baina Marzok gidatuko duen proiektuak pauso bat gehiago eman nahi du. «Munduan enpresa bakarra dago merkaturatzen duena, Australian. Arazoa da –eta hori da InteVolekin eskaini nahi duguna– eskua sartu ahal izatea 3D grafiko horiekin zuzeneko interakzioa izateko. Nik adierazi nahi badut esaten ari ginen buru horren begiei buruzko informazioa nahi dudala, eskua zuzenean sartu ahal izatea, begia ukitu ahal izatea. Hau, egun, ezin da. Display bolumetrikoetarako dauden teknologiek ezin dute eskua sartu».

Teknologia berritzaile horrek askotariko erabilerak izango ditu. «Ikusi da interakzioan nahi dituzun zati horiek ukitzea edo arrastaka eramatea oso garrantzitsua dela mugikorretan. Errazagoa eta naturalagoa da. Beraz, sakontasunaren pertzepzioa eskatzen duten zereginetarako askoz ere erabilgarriagoa izango da display hau. Adibidez, 3D piezen eta planoen diseinuarekin zerikusia duen guztirako, baina plangintza medikoaz ere ari gara. 3Dko giza gorputz bat ikusi ahal izango da, eta endoskopio bat gorputzeko hodietan zehar nola joango den planifikatu».