GAIAK

«Zientzia bada nesken kontua» aldarrikatuko dute elkarlanean ondutako egitarau zabal batekin

Hamazazpi euskal erakundek aurkeztu dute urtez urte handituz doan Emakumeak Zientzian proiektua, helburuekiko konpromisoa berretsiz: emakume zientzialarien lana ikusarazi, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtu eta neskek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Emakumeak Zientzian ekimenaren aurkezpena, Donostian. (ELHUYAR)

Hamazazpi euskal erakundek programa zabala antolatu dute elkarrekin, Emakumeak Zientzian ekimenaren seigarren ediziorako. Xede nagusia da azpimarratzea zer garrantzitsua den zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzea.

Otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren inguruan, batik bat otsailaren 11tik 18ra bitarteko astean, egingo dituzte ekintzak, Donostian. Era askotako jardueraz osatutako programa zabal bat osatu dute, ‘zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko.

Familia, nerabe eta eskolentzat

Asteazken honetan egindako aurkezpenean adierazi dutenez, adin guztietako jendeak izango du ekimenean parte hartzeko aukera. Esaterako, familientzako Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jokoa, eta ‘Piztu! Emakumeon energia’ antzezlan dibertigarria egingo da.

Nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak emango dituzte, eta eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitatzeko aukera izango dute. Irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere prestatu dute. Etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren benetako ereduak aurkezteko helburua dute hauek guztiek.

55 urtetik gorako emakumeentzat

Emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dituzte, ‘Esperientziaren boterea’ izenburuarekin. «Zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil dadin».

Halaber, publiko orokorrarentzako saio berezi bat izango da Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. ‘Gorilas en la Niebla’ filmaren lau proiekzio egingo dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean.

Emakumezko zientzialariei omenaldia, erakusleihoetan

Urtetik urtera errepikatzen den ‘Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur’ zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Gipuzkoako hainbat ikerketa-zentroetan lan egiten duten sei emakumezko igoko dira oholtzara beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emanez.

Bi erakusketa ere bisitatu ahal izango dira, bat Eureka! Zientzia Museoan eta beste bat Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eraikin nagusian. Gainera, berrikuntza eta proba pilotu gisa, Donostian, ekimen bat jarri dute abian, hiriguneko saltoki batzuekin elkarlanean, erakusleihoetan beren ibilbide bikainagatik nabarmentzen diren emakumezko zientzialariak omentzeko. Elhuyarrekin, Donostiako Sustapenarekin eta San Martin Auzoarekin batera egindako lanari esker lortu da.

Jarduera-programa osoa ikusgai dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Jarduerak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.

«Elkarrekin hobeak gara»

Nabarmendu dutenez, Emakumeak Zientzian ekimenaren seigarren edizioan parte hartzen duten 17 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira. «Batasun hori posible izan da jendea biltzeko bokazioarekin jaio zelako Emakumeak Zientzian proiektua; ateak zabalik ditu, eta argi du elkarrekin hobeak garela».

Ondokoak dira 2022ko Emakumeak Zientzian proiektua antolatu duten erakundeak: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.