GAIAK

Emakume zientzialariak omenduko dituzte Bizkaia eta Gipuzkoako 98 erakusleihotan

Elhuyarren ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimenaren baitan, Bizkaia eta Gipuzkoako 98 saltokik emakume zientzialariei buruzko informazioa jarriko dute bereien dendetako erakusleihoetan ostiral honetatik otsailaren 25era arte.

Erakusleiho bat Naima El Bani Altuna paleontologoari buruzko informazioarekin. (Elhuyar)

Ostiral honetan ospatuko den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Elhuyar erakundeak ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimena jarri du martxan. Guztira, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritako 98 denda atxiki dira ekimenera eta, hortaz, ostiral honetatik hasita, denda bakoitzak emakume zientzialari bat omenduko du bere erakusleihoan honi buruzko informazioa jarriz.

Zehazki, Bilbo, Tolosa, Ibarra, Villabona, Elgoibar eta Donostiako dendek hartu dute parte, Elhuyarren esanetan, «emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko» sortutako ekimenean.

Mota guztietako dendetan topatu ahalko dira zientzialariei egindako omenaldiak: ile-apaindegietan, farmazietan, dietetiketan, optiketan, liburu dendetan… Erakusleihoetako edukiei dagokienez, Elhuyarrek azaldu du «zientzialariarekin lotutako ilustrazioak» eta informazioa biltzen duten «horma-irudiak» jarriko dituztela dendetan, eta haren «ikerketan inspiratuta» apainduko dutela dendariek establezimenduko erakusleihoa.

 

Erakusleiho bat Marta Macho matematikariari buruzko informazioarekin. (Elhuyar)
Erakusleiho bat Marta Macho matematikariari buruzko informazioarekin. (Elhuyar)

Hala, Elhuyarrek esplikatu du dendek dibulgatzaile rola beteko dutela ekimenak iraungo duen bi asteetan: «Emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute».

Horretaz gain, ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, erakusketa bat antolatu dute Eureka! Zientzia Museoan, zeina martxoaren 13ra arte bisitatu ahalko den, zientzia eta teknologia arloko 12 emakume omentzeko xedez. Erakusketarekin batera, familientzako esperimentuak antolatuko dira emakume horien omenez otsailaren 12an eta 13an museo horretan bertan.

Alde nabaria STEM ikasketetan

Unescok argitaratutako azken txostenaren arabera, 2019koa, munduan zehar STEM goi mailako ikasketak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arlokoak) burutzen dituzten ikasleen %35 dira emakumeak. Arloka aztertuz gero, informazio eta komunikazio teknologien sektorean emakumeen presentzia %3koa izango litzateke, natur zientzietan, matematikan eta estatistikan, aldiz, %5ekoa eta ingeneritzetan emakumeen presentzia %8ra igoko litzateke.