GAIAK

DNA teknikei esker, boli-trafikoan ari diren nazioarteko sareak identifikatzea lortu dute

DNA probek elefanteen boli-trafikoko nazioarteko sareen arteko loturak eta erabiltzen dituzten teknikak ezagutaraztea lortu dute, ‘Nature’ aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera.

Elefante familia bat Keniako Samburu erreserba naturalean. (Jane WYNYARD | AFP)

‘Nature’ aldizkarian astelehen honetan argitaratu den txosten batek iragarri duenez, Washingtongo Unibertsitateko aditu talde batek eta AEBko Segurtasun Nazionaleko Departamentuko agente bereziek marfilezko test genetikoak erabili dituzte, indar polizialek konfiskatutako elefante-letaginetatik eskuratutakoak, Afrikan boliarekin trafikatzen duten nazioarteko sareak identifikatzeko.

Ikerketak ondorioztatu duenaren arabera, elefante letaginetatik hautemandako datu genetikoek uste baino lotura sendoagoak iradokitzen dituzte boli-trafikoko sareen artean. Hori horrela, ikerketa burutzeko 17 urtetan zehar Afrikako 12 herrialdetan egindako 49 konfiskaziotan eskuratutako 4.000 elefante-letagin baino gehiagori egindako DNA testen emaitzak jaso dituzte.

Loturak bolizko letaginen konfiskazio desberdinetan eskuratutako aleen artean egin dituzte, zeinak Afrikako eta Asiako portuetan konfiskatu ziren, eta, ziurrenik, elefanteen bolizko letaginen trafikoagatik atxilotutako pertsonen aurkako «ebidentziak berretsi», eta erakunde kriminal transnazionalen «jarraipen polizialak indartuko» dituztela uste du Samuel Wasserrek, ikerketaren egile nagusi, biologiako irakasle eta Washingtongo Unibertsitateko Ingurumen Zientzia Forentseko Zentroko zuzendariak.

«Metodo hauek boli-trafiko gehienaren atzean dauden sare gutxi batzuk seinalatzen dituzte, eta sare horien arteko loturak aldez aurreko ikerketek erakutsi dutena baino sakonagoak dira», ohartarazi du Wasserrek.

Wasserrek eta bere lankideek 2018an argitaratutako txosten batek abisatu zuen, agintariek letaginak konfiskatu aurretik, trafikatzaileek elefante beraren bi letagin banatu eta lote desberdinetan trafikatu zituztela. Horregatik, elefante beraren bi letaginak topatzeak, elefantearen ehiza bi sare desberdinei egoztea ahalbidetu zuen. 2011tik 2014ra bitartean, trafikatzaileek Mombasa (Kenia), Entebbe (Uganda) eta Lomeko (Togo) portuak erabiltzen zituzten batik bat.

Wesserrek azaldu du ikerketa berri honetan elefante familiak identifikatzeko DNA analisien ikerketa eremua zabaldu dutela: «Letagin bat bere bikotearekin ahokatzen saiatzen bazara, aukera gutxi daude, baina gertuko senideak identifikatu ezkero boli inkautazio gehiago lotu daitezke trafikante erakunde berarekin». Hurbileko senideen letaginak identifikatzeko analisiak zabalduz, taldeak dozena bat herrialdetako konfiskazioak lotu ditu Afrika erdialdean eta mendebaldean, Boli Kostatik hasita Mozambikeraino.