Este navegador no soporta el elemento video. 03 MAR. 2022 - 21:05h Haritz Harreguy izango da bideoklipa aurkeztu duen Delirium Tremens taldearen gitarrista berria Haritz Harreguy Delirium Tremenseko laugarren taldekidea eta gitarrista izango da hemendik aurrera. Bideoklip berria aurkeztu duen talde mutrikuarrak jakinarazi d maiatzaren lehen astean kaleratuko dutela ‘Ordago’ diskoa. Andoni Basterretxea, Patxi Irisarri eta Juantxo Yurrita Delirium Tremensen itzulera iragarri zutenean, Bilboko Kafe Antzokian. (Endika PORTILLO | FOKU) NAIZ Delirium Tremens talde mutrikuarrak, bideoklip berria aurkezteaz gain, iragarri du Haritz Harreguy izango dela aurrerantzean laugarren taldekidea, gitarra hartuta. Musikari eta soinu teknikari den Harreguyren fitxaketari dagokionez, taldeak ohar batean zehaztu du bera ez datorrela 2019an zendu zen Iñigo Muguruza ordezkatzera, baizik eta «2022ko Delirium Tremens ahalbidetzera». Hori horrela, rock taldeak berriz ere laukote bat izango direla ospatu du: Andoni Basterretxea, ahotsa eta gitarra; Patxi Irisarri, baxua; Juantxo Yurrita ‘Txufu’, bateria; eta, azkenik, Haritz Harreguy, gitarra. Harreguy izen entzutetsua da euskal musikaren esferan. Izan ere, hamarnaka talderen diskoen grabaketen atzean egon da Donostiatik 10 minutura dituen grabaketa estudioetan. Esaterako, Huntzaren ‘Xilema’ eta ‘Ezin ezer espero’ diskoak bere estudioan grabatutakoak dira. Hortaz gain, Harreguy gitarrajole bezala ibili da Sen eta eMe musika talde gipuzkoarretan. Hortaz gain, Delirium Tremensek data jarri dio ‘Ordago’, zortzi kantaz osatutako, disko berriari: maiatzeko lehen astean argitaratuko dute. Dagoeneko bi single dituzte kaleratuta: ‘Ordago’ eta ostegun honetan publikatu duten ‘Hola tio’. Azken single hau bideokliparekin batera estreinatu dute eta Harreguy taldekide bezala agertzen da jada. 30 urtez oholtzetatik at egon ostean, Delirium Tremensek 2022ko maiatzaren 28an, larunbatean, du aurreikusita bueltako lehen kontzertua ematea. Hitzordua BECen izango da, Barakaldon, eta Mutrikuko taldeak McOnak eta Deskontrolekin konpartituko du oholtza. Izan ere, urteurrenen gaua izango da, MacOnak eta Deskontrolek 10 eta 25 urte betetzen baitituzte hurrenez hurren.