12 MAR. 2022 - 00:00h Gerra hotsak espazioan; nazioarteko elkarlana ere kolpatu du Ukrainakoak Ukrainako gerraren ondorioak espazioraino iritsi dira. Azken urteetako elkarlana eta egitasmo ugari bertan behera gelditu dira Errusiaren eta Europaren eta AEBen arteko loturak apurtu ondoren. Soyuz koheteen erabilera lehena izan da. ISS estazioa ere kolokan dago. Eta Marteko esplorazioa? 2019 urtean jaurtiketa Guyana frantseseko Kourou basean. (Jody Amiet | AFP) Pablo Ruiz de Aretxabaleta Ukrainako gerraren ondorioak azkar hedatu dira arlo espazialera, eta kolpe handia eman diote potentzia ugariren artean Gerra Hotzaren ondoren abian jarritako elkarlanari. AEBek eta Europar Batasunak Errusiari ezarritako zigor gogorrak direla medio, kolokan daude hainbat egitasmo. Roscosmos Errusiako agentzia espazialak bertan behera utzi ditu Guyana Frantseseko Kouroutik egitekoak ziren Soyuz ontzien jaurtiketak. Eta bere ingeniari eta teknikariak erretiratu ditu espaziora ontziak bidaltzeko erabiltzen den base horretatik. Guztira, ehun pertsona inguruk alde egin dute. Halaber, ExoMars misio errusiar-europarra eten egin da. Datorren irailean bidali behar zuten Martera. 2020an ere atzeratu egin zen pandemia zela-eta. Orain planeta gorriaren esplorazioak ere atzerapen nabarmena izan dezake. ESA Europako Espazio Agentziak (22 estatu biltzen ditu) uste du «oso gertagaitza» dela jaurtiketa aurreikusitako «leihoan» izatea. Arazoa da leiho hori bi urtean behin baino ez dela irekitzen. ESAren “Rosalind Franklin” roverra kohete errusiar batek jaurti behar zuen Baikonurreko basetik (Kazakhstan), eta Marten lurreratu behar zuen “Kazatxok” izeneko lurreratze modulu errusiarra erabiliz. Interfaze berezi eta konplexu hori aldatzeko lana oso luze eta garestia izango da, urrats bakoitzaren antolaketa milimetrikoa da-eta. «Lazgarria da zientziarentzat eta urteetan zehar loturak sortu eta urteetako lana egin duten zientzialarientzat», adierazi du Isabelle Sourbes-Verger Frantziako CNRS Zientzia Ikerketarako Zentroko politika espazialei buruzko ikerketako zuzendariak. ExoMars estralurtar bizitzaren arrastoak bilatzeko premiazko misioa zen. Eta aldi berean, 1996an Europaren eta Errusiaren artean hasitako elkarlanaren ikurra. SESBen kolapsoaren ondoren, estatu europarrek eta Ameriketako Estatu Batuek errusiarrei tokia egin zieten espazio arloko euren proiektuetan. Ondo zekiten espazioan aitzindari izan zen potentziaren ezagutza ezin zela alferrik galdu. SESB izan zen urte askotan espazio lasterketan irabazle. Modu horretan, Nazioarteko Espazio Estazioaren (ISS) garapenean funtsezkoa izan zen Mir estazioaren eskarmentua. ISS izan da orain arte Errusiaren eta Mendebaldeko estatuen arteko elkarlanaren emaitzarik emankorrena. Eta orain hori ere zalantzan dago. Batzuek asmoa urrunago eramanez, lankidetza espazial zibila nazioak batzeko bitarteko bihurtu zuten. Une hartan, zientzialari eta industrialari errusiar batzuek ESAko kide bihurtzeko eskaintza ere egin zuten, Isabelle Sourbes-Vergerrek dioenez. Ezinezkoa izan zen hain sektore handia xurgatzea, baina Europak oso azkar erabaki zuen Errusiarekin zer egin zezakeen. Soyuzi «nazioarteko merkaturako atea ireki ziola» adierazi du Sourbès-Vergerek. Baina argi dago, halaber, Soyuz ontzi errusiarra ezinbestekoa izan dela beste herriek espaziorako bidea irekita izateko, hori izan baita bide nagusia sateliteak orbitan jartzeko zein ISSra tripulazioa eramateko edo estazioa bera orbitan mantentzeko. 2011tik, Arianespacek Errusiako Roscosmos agentziarekin kolaboratzen du Soyuz kohetea erabiltzeko Kourou eta Baikonurretik. Europa «bereziki harro zegoen lankidetza horretan arrakasta izan zuelako». Baina urteak joan urteak etorri, harremanak tenkatu egin dira, batez ere 2014an Errusiak Krimea anexionatu ondoren. Azkenean, Ukrainako gerrak suntsitu egin ditu. Zaila da haustura horren ondorioak aurreikustea, egoera azkar aldatzen ari baita. «Egungo gatazka gorabehera, lankidetza espazial zibilak zubi izaten jarraitzen du», txiokatu zuen ESAko zuzendari nagusi Josef Acshbacherrek duela bi aste. Horren ondoren, ordea, Roscosmosek iragarri zuen satelite militarren eraikuntzan jarriko duela arreta, eta ISSk Alemaniarekin dituen baterako esperimentu zientifikoei amaiera eman zien, Moskurekin zuen lankidetza eten berri baitzuen, CNRSk bezala. Gaur egun, Matthias Maurer astronauta alemaniarra dago ISS espazio estazioan, Thomas Pesquet frantziarraren lekukoa hartu baitzuen ESAren ordezkari gisa. Pesquetek ez zuen iritzirik eman. ISS erortzeko arriskuan? NASAk, bere aldetik, ziurtatu zuen AEBek eta Errusiak elkarrekin «modu baketsuan» lan egiten dutela ISSn. «Taldeek beti hitz egiten duten euren artean», adierazi zuen. Baina, aldi berean, estazioa Errusiaren laguntzarik gabe orbitan mantentzeko soluzioetan lan egiten ari direla zehazten zuen. Izan ere, premiazkoa da. «Gurekin elkarlana blokeatzen badute, nork eragotziko du Nazioarteko Espazio Estazioa kontrolik gabeko orbitan sartu eta AEBetan edo Europan erortzea?», ohartarazi zuen Dmitri Rogozin Roscosmoseko zuzendariak. Modulu errusiarrak ditu estazioa orbitan mantentzeko behar den motorrak. Horiek gabe ez dago modurik ibilbideak zuzentzeko eta Lurrera eroriko litzateke. Roscosmosek bideo bat zabaldu zuen oharra nabarmentzeko. Irudietan, kosmonautek agur esaten diote Mark Vande Hei astronautari. Modulu errusiarra banatzen da. Ondoren, ISS erortzen hasten da. Estazioa erortzeko arrisku horretaz aparte, espazio zientzia da, seguruenik, gatazkaren ondorioz gehien sufrituko duena. «Jaurtiketa komertzialak berreskuratuko dira. Edozein kasutan, Ariane 6 Soyuz ordezkatzeko zegoen prestatuta», azaldu du Isabelle Sourbes-Vergerrek. Baina oraindik ez dago prest eta jaurtiketak gutxienez hainbat hilabete atzeratuko dira. Errusiaren aldetik, herrialdearen isolamendu gero eta handiagoak «zientziak pairatzen duen aurrekontu defizita» are gehiago handitzeko arriskua dakar, ikertzailearen arabera. Ostegunean, ia 7.000 zientzialari errusiar publikoki gerraren aurka mintzatu ziren, «nazio zientifiko handi» bihurtzeko asmoen porrot gisa ikusten baitute. Aurten hiru jaurtiketa egitekoak ziren Soyuz erabiliz. Horietako bi Galileo nabigazio sistemaren sateliteak orbitan jartzeko. Hirugarrena, CSO-3 satelite espioi frantseserako. CNES Frantziako Espazio Ikerketarako Zentroaren arabera, «Vega-C eta Ariane 6 jaurtitzaileen berehalako iritsierak Europako jaurtiketa instituzionalak berrantolatzea ahalbidetuko du». Britainiarrek ere itxaron egin beharko dute. Joan den astean Baikonurretik Soyuz kohete bat atera behar zen 36 sateliterekin, dagoeneko orbitan dauden beste 428 sateliterekin batera abiadura handiko Internet eskaintzeko. Baina OneWeb enpresa britainiarraren egitasmoa bertan behera geratu da. Roscosmosek kohetea erretiratu eta zerbitzu teknikoko instalazioetara itzuli du, Gobernu britainiarra OneWebeko zuzendaritza kontseiluko kidea delako. Moskuk bermeak eskatu zituen satelite hauek eta horien bitartez jasotako datuak helburu militarrekin ez daitezen erabili. Gainera, Gobernu britainiarrari exijitu zion OneWeb enpresako akzioduna ez izatea. Gaur egun akzioen %42 ditu. Londresek uko egin zion.