GAIAK
Entrevista
Ane Arruti Lopetegi
Keia taldeko abeslari eta gitarra jotzailea

«Edo nik zerbait egiten nuen edo ez zen inor etorriko salabardoa hartu eta ni salbatzera»

Arrutiko Intxaurrak proiektuan bakarrik aritu zen eta bazuen taldearen babesean kulunkatzeko gogoa. Keia da bere proiektu berria, eskarmentudun hiru oñatiarrek lagunduta abiatu duen bidea; barrura begira, kanpora kantatuz.

Keia musika taldeko kideak. (Ibai ARRIETA)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Badira urte batzuk Ane Arruti Lopetegik (Zarautz, 1985) Arrutiko Intxaurrak bakarkako proiektua martxan jarri zuela. Orain, ordea, musika ibilbidean beste urrats bat egin eta Keia taldea sortu du hiru oñatiar lagun dituela: Iñigo Ibarrondo, Iker Martinez de Zuazo eta Egoitz Olalde. “Erregaia” debuteko diskoa kaleratu berri dute.

Debuteko lana bai, baina musika kontuetan debutariak ez, esperientzia dezente duten musikariak zarete.

Esperientzia gutxiena nik dut, egia esanda. Bakarrik bai ibili nintzela garai batean eta talde bezala lehen esperientzia da. Beste hirurek bizitza osoa daramate proiektu desberdinetan eta talde potenteetan sartuta.

Zuk, esaterako, umetan ezagutuko zenuen Latzen bezalako proiektu bat.

Oso ume harrapatu ninduen Latzen-ek. Gero gehixeago entzun nuen, baina zuzenekorik sekula ez nuen ikusi. Uste oraindik txupatxusak jaten genbiltzala ikastolako patioan.

«Badu» kantuan intro gozo bat egiten duzue eta gero indarra hartzen doa. Mezuari dagokionez, bat hauskor bezain indartsu izan daitekeela iritsi zait.

Kantuek nik gitarra akustikoarekin sortutakoa dute oinarri eta hemen hori nabari da, gero sartzen da potentzia guztia. Diskoan zehar ere mantentzen da intentsitate hori. Hitzei dagokienez, bizitzan jartzen dizkiguten etiketek eta kargatu behar izaten ditugun motxilek zenbat baldintzatzen gaituzten jakinda, horiek askatzeko beharraz hitz egiten du.

Segidan lehendabiziko aurrerapen kantua dator, «Ez al zara zu?» deiturikoa. Begirada batekin komunikatzen dena hitzetara zenbat kostatzen zaigun pasatzea, ezta?

Harreman askotan gertatzen den momentu konkretu bati buruz ari naiz hizketan. Ikusten duzunean dagoeneko harreman hori bukatu dela, baina galdera hori egitera ausartzen zaren uneaz ari naiz. Galdera egiten duzunerako gauza nahikoa garbi egoten den arren.

Onarpen hori zenbat kostatzen den.

Bai, eta galdera egiten duzu, baina ez duzu erantzuna entzun nahi, baina iristen da une bat egin beharra dagoena.

Kantu hau behin eta berriz entzunda, R.E.M. taldearen kutsua hartu diot.

Uau, hori asko esatea litzateke. Ez dut haien diskografia osorik ezagutzen, disko batzuk bai, noski, baina loreak beti ongi etorriak dira.

Bai, kantu malenkoniatsua, gitarraren akorde horiek… Batez ere instrumentu horrek pisu handia hartzen du.

Ez da batere kantu azkarra, pausatua da eta pisutsua une batzuetan, iluna dela ere esan digute nahiz eta niri ez zaidan hala iruditzen, eta letrak ere eramaten zaitu malenkonia horretara.

Taldea, nola elkartu zen?

Nik banituen kantu batzuk urteetan pilatzen joandakoak eta banuen haiekin zerbait egiteko edo grabatzeko nahia. Baina argi neukan ez nituela aurreko formatuan grabatu nahi, ez nituen akustikoan edo soilean nahi. Instrumentazio gehiago nahi nuen abestientzat eta zalantzati ibili nintzen hainbat urtetan, eta ez bazara jartzen ez duzu egiten.

Halako batean, Iker Martinez de Zuazori komentatu nion eta bera laguntzeko prest agertu zen, berak esan zidan zein pauso eman, seriotasun gehiagorekin hartu genuen eta kantuek zer behar zuten bilatu genuen.

Hala, Egoitz eta Iñigorengana jotzea erabaki genuen. Nahiko bide naturala izan da; izan ere, Sharon Stoner taldekoak dira eta Ikerrekin lokala partekatzen dute. Bien baiezkoa jaso genuen eta kantu batzuk grabatzea zen hasierako asmoa, baina lokalean biltzen hasi ginenean gogotsu ginela ikusi genuen eta beste dena etorri da gerora.

Oñatin entseatuko duzuela pentsatzen dut. Joan-etorrian aritzea gogorra al da?

Eltziako lokaletan ibiltzen gara. Niretzako, entseatzeko eguna egun berezia izaten da. Gustura joaten naiz eta dagoeneko Zarautz-Oñati tartea begiak itxita ere egingo nuke. Entseatzea bada zerbait bete egiten nauena.

Erabili diren instrumentuen artean, ba al da sintetizadorerik edo gitarraren efektuak baliatu dituzue?

Ia dena gitarrarekin eginda dago, baina bada abestiren batean melotroi bat, sintetizadorearen aurrekaria dena nolabait esatearren.

Xehetasun asko daude kantuetan, bai gitarran, bai baxuan eta baita baterian ere.

Egia da ni orain ari naizela diskoaz gozatzen, aurretik nirea egitera zentratu nintzelako. Orain ari naiz diskoari buelta batzuk eman eta xehetasun denak entzuten eta gozatzen. Sekulako konposizioak egin dituztela iruditzen zait.

Zuretzako ardura ere izango zen, zoriontasuna gerora etorri bada ere.

Bai, noski. Orain pasatu delako, baina grabaketarako banuen nire kezka ea nire maila gutxienekora iritsiko zen ikusteko. Hauek sekulako esperientzia dute eta nik banuen kezka hori. Pila bat lagundu naute bide honetan, esandako guztia ikasten eta xurgatzen saiatu naiz. Eta grabaketa bukatzean harrotasuna sentitu nuen, nire gitarra guztiak nik grabatu nituelako eta gai izan naizela erakutsi diodalako nire buruari.

Kolaborazio parea izan duzue «(H)ura gara» kantuan. Hitzak Jon Garmendia «Txuriya»-renak dira eta Andrea Lopetegik abestu du zure ondoan.

Twitterretik hartutako txio bat da Txuriyarena. Harremana dugu aspalditik eta orain berriz indartu dugu orduko harremana. Bi abestitako hitzak dira bereak. Andrea, berriz, lehengusina da. Sekulako potentzia du ahotsean eta ezagutzen ez duenarentzat, Mor-More taldean ibili zen, Managaitz taldean badabil eta sortu berri duten Ginger taldean ere bai. Nahi nuen gonbidatu diskoan parte hartzera, bakarka ibiltzen nintzen garaian Mor-More taldearekin batera asko ibili ginelako, eta kantu bat harentzat egokia bazen, hauxe zen, diskoko gogorrenetakoa delako eta marru batzuk egiteko egokia zelako.

Iñigoren konposizioak aipatu dituzu, eta nik onartu behar dut «Handitzen naizenean» kantuan harrapatu egin nauela. Baina denetarik du abestiak, gitarraren slide eta psikodelia ukituak, bigarren ahots berezia… Sortzerakoan eta grabatzerakoan zenbat buelta eman dizkiozue?

Kantuak, entzun daitekeenez, hasiera soila du oso. Esango dudan honekin baxu jotzaileek akabatu nahiko naute; izan ere, orain arte gainerakoei laguntzeko instrumentu bezala ulertzen nuen baxua; falta bada igartzen dela, baina bestela askorik ez. Eta konturatu naiz, eta barkatu berandu ohartzen banaiz, kantuaren oinarria baxuarena dela eta zenbat aldatu dezakeen kantu bat baxuaren melodiak, indarrak edo distortsioak. Abestia nahiko suabe zihoan, baina Ibarrondok bere proposamena gehitu zionean, dena lehertu zen.

Hitzek ere pisu dezente dute. Zer gertatzen da, heldu bihurtzen garenean zoriontasunik ez dugula topatzen inon?

Gauzak beti gerorako uzten ditugula aipatzen dut kantuan. Zerbait gogoko dugunean, baina ez dugunean egiten okupatuta gaudelako. Horrez gainera, beste batzuen nahiei gehiegi begiratzen diegu gure desioei kasu egin ordez. Bada, ‘handitzen naizenean’ hori oso tipikoa da.

Segidan datorren «Berandu» kantua ere musikalki nolabait lotuta dago. Countryaren ukitua, desert rocka, halako eraginak ditu. Iker Martinezek bere bakarkako ibilbidean lantzen dituen musiketara eramaten gaituzte. Zuk moldaketak nola ikusi dituzu?

Buelta batzuk eman genizkion “Berandu” abestiari, kosta zitzaigun honaino iristea. Hasieran akustikoa dago, bi doinu bata bestearen gainean, eta gero elektrikoa sartzen da. Gitarrarik gabe geratzen naizen unea ere badago eta horra iritsi ginenean esan nuen: «Bai, hau da».

Ahotsen melodiak zuk sortzen dituzu edo konponketa horiek musikariei egiten uzten diezu?

Ez da nik ez diedala uzten, baizik eta haiek niri lazo batekin oparitzen didatela lan hori guztia. Gero egia da zuzenekoetan Ibarrondok egiten dituela koroak, baina diskorako dena nik egin dut.

Armonia desberdinak bilatzen-eta lan dezentea egin duzu hor bigarren ahotsetarako.

Bakarka ibiltzen nintzen garaian eta looperrarekin hasi nintzen garaian hartutako bidea da. Orduan landu nuen eta aspalditik gogoko izan dudan zerbait da ahotsak lantzearena.

«(H)ura gara» minimalista bazen hitzen aldetik, hau oraindik eta gehiago.

Galdera bakarra dago hor, ezta? Garai ilun samar bat izan nuen, identitate krisi bat edo 30etako krisia edo… Ama nintzen, musika banda bat sortzeko garaia pasatu zitzaidala eta halako kontuak nituen buruan. Anariren kantu batean, “Oreinak” abestian, «denborarekin ‘oraindik ez’ hura bihurtu zen ‘honezkero ez’» entzun, eta parean jo zuela uste nuen.

Hortaz, nolabait ere nireak egin zuela uste nuen. Baina gitarra hartu nuen, looperrarekin hasi nintzen bueltaka eta momentuan esaldi hori sortu zitzaidan nire burua konbentzitzeko edo nik zerbait egiten nuela edo ez zela inor etorriko salabardoa hartu eta ni salbatzera. Bada, horri bueltaka hasi eta uste dut eman diodala buelta. Hortaz, terapia bezala nahi duenak har dezala eta bere terrenora eraman.

Metaforikoki arrainek hegan egin dezaketela esaten duzuenean, gugan sinisten badugu edozertarako gai garela ere badiozu.

Bai, garai txarrak badirelako baina laguntzarekin edo laguntzarik gabe aurrera jarraitu beharra dago, zulotik irtengo bagara.

Anari aipatu duzu eta hau ere zure kantuetan erreferente garbia dela esan dezakegu, ezta?

Nik ez dut hain modu argian ikusten, baina egon beharra du, asko entzun eta jarraitu dudalako, eta baldin badago, ez da txarra.

«Damua» eta «Oskolaren atzean» lotuta daudela esan dezakegu. «Damua» kantuan itxurakeria eta halakoak aipatzen dira eta «Oskolaren atzean» kantuan, berriz, oskola badugula baina barrutik hauskorrak garela esaten duzu. Barruari begira jartzeko moduko kantuak, biak ere.

Bietan desberdin baina ideia nagusi bera duten kantuak dira: azala eta mamia edo kanpora ematen dugun irudi gogorra eta barruko hauskortasuna. Gaur egun irudiak indar handia hartu du eta irudi bat ematen dugu, nahiz eta gero ez garen hori. Konturatu naiz gai horrekin badudala halako obsesio txiki bat.

Gure nerabezaroan Instagram eta halakoek harrapatu bagintuzten, auskalo gu ere nola ibiliko ginen.

Hitz hauek Instagram bera sortu aurretik idatzitakoak dira, gu garai hartan Fotolog webgunean ibiltzen ginen. Asko esaten ari naiz nire adinaren bueltan… Kantua idatzi nuenean, parrandan irteteko zer-nolako prestaketak-eta izaten genituen nuen buruan, itxura bat eman behar hori, nahiz eta gerora beste zentzu bat hartu duen. Baina konfirmatu egiten du nik neukan obsesio hori eta irudiari oraindik ere sekulako garrantzia ematen diogu barrukoari kasu gehiegirik egin gabe.

«Damua», gainera, igande goizerako uzten duzun gogoeta da, larunbat gaueko argazkiari begira jarrita egindakoa.

Bai, eskerrak garai hartan ez zegoen hainbeste kamera. Nahikoa lan izaten genuen gure aje emozionalarekin, gainera bideotan ikusi behar izateko ere.

Abesti honetan Iker Martinezek bere gaitasun guztia erakusten du gitarra jotzeko garaian. Zuk ere flipatuko zenuen hau aurrez aurre jo zizunean.

Bada, esango nuke sakakortxoarekin ateratako zerbait izan dela. Beste kanta batzuetan esaten nion zein rol nahi nuen izatea eta hemen esan nion protagonista izan behar zuela. Berari gehiegi iruditzen zitzaion, baina nik esaten nion bere errepertorio guztia behar genuela eta nik uste dut oso ondo geratu dela. Berak ez zuen ikusten kateatutako solo horiek guztiak jotzearena, baina bukaerarako lortu genuen.

Kantu-kontrakantu moduan ulertzen dira ahotsaren eta gitarraren artean egindakoak. Abestietan dauden geruza guztiak estudioan grabatzeko ondo aukeratu behar, ordea. Iñigo Irazokirekin izan zarete Atala estudioan, kantuak arintzeko eskatu dizue edo ondo neurtuta eraman duzue guztia?

Limitea grabagailuak jartzen zuen hemen, analogikoan grabatuta 24 kanal baino ez dituelako Atala estudioaren kasuan. Aurretik hori jakinda, dena ondo pentsatu behar da, ze lokalean grabatu dezakezu nahi adina kapatan eta dotore geratu, baina estudio honetan gero dena soildu egin behar da. Horrek gero zuzenekoetarako lagundu egiten du, nahiz eta nik estudioko lana eta zuzenekoa bi gauza oso desberdin bezala ulertzen ditudan.

Orokorrean ez daude erantsitako geruza gehiegi, oinarria elkarrekin batera joz grabatu genuelako. Horrek ere badu bere xarma: laurok elkarrekin eta gela berean grabatzean, zerbait erreala grabatzen ari zaren sentsazioa ematen du, gure akats eta guzti. Analogikoan grabatzean hori ere bai baitago, dena perfekzioz ateratzea zaila izaten da eta beti norbaitek akatsen bat diskoan sartzea onartu behar izaten zuen.

Diskoaren izenburua, «Erregaia», nondik dator?

Taldearen izena Keia jarri genuenez, harekin lotuta zihoan zerbait jarri nahi genuen diskoaren izenburu gisan. Buelta asko eman genion, eta azkenean egoki ikusi genuen “Erregaia” deitzea. «Keia» hitzarekin barruan ditugun kezka eta ezinegonei egiten diegu erreferentzia, askotan identifikatzen ez ditugunak direlako baina «keia» edo kea beti azaleratzen delako. Kasu honetan, erregaia kantuak dira, su horiei erregaia botatzen diegulako berpizteko edo bizirik mantentzeko.

Hemendik aurrera, kontzertuak izango dira zuen erregaia, jakina.

Nahiko genuke, baina ez dago erraza. Bi eman ditugu eta gutxienez beste bi baditugu eta horrekin oso pozik gaude. Gu bezala beste talde asko ere horrela dabil, toki gutxi daudelako eta egoera oraindik ere argitze bidean dagoelako.

Hurrengoa, Ginger taldearekin, martxoaren 25ean Getarian. Gaztetxe dotorea kontzertua emateko.

Urola Kostatik bertatik atera gabe. Getarian oso harreman onak ditugu eta horietatik tira egin dugu lehendabiziko kontzertu hauek emateko.

«Lehengo udak hobeak ziren», Txuriyak egindako bigarren letra. Zu uda konkreturen batera eraman zaitu kantuak?

Ez, ez zitzaidan halakorik etorri. Momentua gozatzeko ditugun zailtasunen inguruan hitz egiten du. Beti lehengoa ona zen eta oraingoaz ez dakigu disfrutatzen eta momentua bizitzen eta daukagunarekin disfrutatzen ikasi behar dugula uste dut. GARAn idatzitako zutabe bat da, garai hartan bertan nintzen lanean eta bere zutabea maketatzea sarri tokatzen zitzaidan. Irakurri nuenean bazuen zerbait berezia eta melodia bat banuen bueltaka; testua eta melodia ondo ezkontzen zirenez, luzea bada ere, kantu hau atera zitzaidan.

Orain beste zentzu bat hartu duen arren, 2013an ere momentuaz gozatzeko esaten ari ginen. Hortaz, badakizue, momentuaz gozatu.