GAIAK

Alkurruntz: txoko ederrak, historia aberatsa

Amaiurko gaztelua, Pirinioetako bunkerrak, Gorramendin estatubatuarrek eraiki zuten base militarra… Historia aberatsa du Baztan bailarak. Turismorako ere oso leku aproposa da, bai Baztan bera, bai Alkurruntz tontorretik iparrera dagoen Xareta bailara.

Alkurruntz gailurra Artzubietako menhirrak dauden tokitik ikusita.

Bailara berezia da Baztan. Mendi garaiek inguratzen dute: Saioa, Hauza (Autza), Gorramendi edo Alkurruntz bera, Baztango piramidea. Bidasoa-Baztan ibaiak erdibitzen du, eta herri txikiz zipriztindutako bailara ederra da, bere baitan historia aberatsa duena.

Mendi buelta batek ezaugarri anitz eduki ditzake. Gorputza astindu eta egun osoko bueltan txoko asko ezagut daitezke. Txango lasaiagoa ere egin daiteke, eta mendi inguruneaz gain, tontor horretatik gertu dauden hainbat turismo aukerarekin gozatu. Bigarren aukera proposatzen du irteera honek: mendi buelta lasaia egin eta irakurlearen baitan utzi eguneko beste orduak nola probestu. Egin beharreko ahalegina: Alkurruntz mendia, 934 metrokoa, Baztan bailarako piramide ezaguna, Lizarmeaka lepotik. Lepo hori Otsondo mendatetik gertu dago, eta ordu pare batean buelta erraza eginda egin genezake joan-etorri osoa. Ondoren, eta aukeran, hainbat pizgarri hamar kilometroko bueltan.

Alkurruntz mendiak Amaiur herria dauka hegoaldera eta, herritik gertu, gure aberriko eta nafarren historia gordetzen duen gotorleku historikoa izan zena, Amaiur gaztelua. Gaztelak Nafarroa konkistatu aurretik iraun zuen azken erresistentzia-txokoa izan zen, 1.512 urtean. Bertako monolitoak bisita merezi du, noski. Pirinioak muga geografiko eta estrategiko garrantzitsua izan dira betidanik, eta horrek borroka franko eragin ditu Baztan aldean historian barrena. Horien arrastoak presente daude.

Alkurruntz mendia bera, esaterako, bunkerrez josita dago. Dozena bat badira, gutxienez, Betarteko Haitzak eta Alkurruntz banatzen dituen Zureta lepoan hasita. Espainiako Gerra Zibilaren ostean eraiki ziren defentsa guneak dira, Gipuzkoa eta Nafarroako mugen artean, aurrena, eta Pirinioak mendilerro osoan ondoren. Francoren diktadurak iparraldetik etor zitezkeen inbasioei aurre egiteko eraiki zuen Vallespin izeneko defentsa lerroa (Valles Pirenaicos-en laburdura). Pirinio osora zabaldu ostean “Linea P” izena jarri zioten, Pirinioetako Defentsa Lerroa. 10.000 bunker eraikitzeko asmoa zuten, baina 6.000 jarri zituzten azkenean. 6.000 bunker, erraz esaten da.

Base militarraren arrastoak Itzulegiko lepoan

Alkurruntzetik gertu dago Gorramendi mendigunea, Otsondo mendatetik hamar kilometrora, hautsi samar dagoen errepidean barrena. AEBek base militarra kokatu zuten Itzulegiko lepoan, Gorramendi eta Gorramakil tontorren magalean, 60 hektareako eremua. Bi tontorretan antenak eta radarrak jarri zituzten, eta bi hamarkadan egon zen martxan, 1954tik 1974ra. Urte horretan eraitsi egin zuten, baina arrastoak agerikoak dira gaur egun, batez ere antena eta radarrenak. USAFena izan zen base militarraren egunerokoa zaintzeko ardura (United States Air Force, AEBetako Aire Indarra).

Gerta liteke kontu militarren historiak arreta gehiegi ez sortzea irakurlearengan. Horientzat ere bada zer ikusi franko. Infernuko Errota, adibidez, Lizarmeaka lepotik Lekarozko Orabidea auzora daraman errepide estuan, aparkalekutik hamaika bat kilometrora. Karlismo garaiko errota da, gerra hartan funtsezkoa izandakoa.

Baztan atzean utzi eta Xareta bailaran ere bada zer ikusia. Xareta Nafarroako Urdazubi eta Zugarramurdik eta Lapurdiko Sara eta Ainhoa herriek osatzen dute. Urdazubiko Erdi Aroko zubiak edo bertako monasterioa bisitatzen orduak oharkabean pasatuko dira. Leizeen bisitak ere jende asko erakartzen du Urdazubi, Zugarramurdi eta Sara herrietara. Asteburuetan tentuz ibili, muga lurra den neurrian, Ipar Euskal Herriko jende asko hurbiltzen baita herri hauetara, salneurriak Ipar Euskal Herrian baino merkeagoak direlako Nafarroan.

Erraza, erosoa, ikuspegi ederrekoa

Alkurruntz igoera erraza da. Lizarmeaka lepotik oso agerikoa da igoera. Piramidea inguratzea da aukera onena, baina zuzen-zuzen ere irits daiteke gailurra ordu erdi pasatxoan.

Hareharri bloke handiek osatzen dute gailurra, eta tarteka eskuak ere erabili beharko ditugu zutik mantentzeko. Zuzeneko bidea egitea edo piramidea inguratzea erabaki beharko dugu Artzubietako menhir-ak dauden tokian, 750 metrora. Tontor osoa inguratu gabe ere gailurrera aise irits daiteke belar maldetan gora, baina maldak tenteak dira. Piramide itxura zerbaitegatik du Alkurruntzek, eta zorua bustita badago, tentuz ibili behar da.

Ziztu bizian iritsiko gara Zureta lepora, eta han bunker bat azalduko zaigu. Baita Betarteko Haitzak eta Gorramendi eta Gorramakil gailurretako antena zatarrak ere. Ordu laurden eskaseko bidea dugu gailurreraino, harkaitz artean, baina eskailera eta guzti topatuko du mendizaleak, igoera ahalik eta erosoen egiteko. Eskailerak igotzen hasi aurretik dago, hain zuzen ere, mendi honetako bitxikeriarik handiena: lurrikarak neurtzeko behatokia. Nafarroa eta Baztan lurrikara txikien gune izaten da sarri, eta Alkurruntz mendian detekzio behatoki bat dago.

Hortik gailurrera minutu pare bat baino ez, eta gailurrean, Alkurruntzen benetako altxorra, ikuspegi dotorea. Kantauri itsasotik ekialderantz dagoen mendi garaiena da Alkurruntz, Larhun eta Arxuria baino garaiagoa, eta tontorretik dena dauka magalean. Iparrerantz Xareta bailara, eta Lapurdiko kostalde osoa, Donibane Lohizunetik Baionaraino. Ekialde eta hegoaldera, Pirinioetako lehen tontor garaiak, martxo hasieran zuriz jantziak: Saioa, Hauza eta Adi mendia. Urrun, Orhiko Kukulla ikusten da, eta Erronkariko goi mendi elurtuak ere bai. Eta haien magalean, Baztan ibar berdea, bere herrixka txiki eta etxaldez zipriztindua, benetan ederra zeruetatik ikusita. Gaineko oroitzapen gozoak ahazterako Lizarmeaka lepoan izanen gara bueltan, nekatu garen edo ez jabetu gabe.