03 ABR. 2022 - 00:00h Indar lana, gorputz ororentzat onuragarri Jurgi Fernandez Ostoaga - Salto Training Lehenik eta behin, Salto-ren ustetan, bai gorputz osoa bai gorputz atal zehatz bat mugitzeko beharrezkoa den energia kontsumo ororen atzean indarra dago. Hau da, indarra edozein mugimendu egiteko behar dela esango genuke, bai galtzerdi bat jartzeko, bai aulki batetik altxatzeko, bai armairu baten atea ixteko. Jakina, mugimendu orok ez du energia kontsumo bera eskatzen, eta, hori dela eta, gaitasun ezberdinak behar dira gure egunerokoan, baina gaitasun horiek guztiek indarraren beharra dute. Gizarteak, aldiz, indar lana beren itxura aldatu nahi duten pertsonekin, bereziki muskulatura handia dutenekin, soilik identifikatzen du, indarra halako pertsonek bakarrik garatu behar dutela pentsatuz. Alta, indarra edonork bere egunerokoan behar duen gaitasuna dela esan badugu, nola liteke iritzi hori hain zabaldua egotea? Horren erantzuna estereotipo desegokien, desinformazioaren eta ezjakintasunaren batuketa izan daiteke. Azken finean, indar lana betidanik muskulatura handitzearekin, gorputz gihartsuekin, eta halterofilia edota powerlifting-eko kirolariekin identifikatu izan da, guztiz estigmatizatuz eta osasunean eragiten dituen onurei erreparatu gabe. Gainera, onura horien inguruan ezjakintasun handia egon da urte askoan, harik eta gaur egungo zientziak patologia askori aurre egiteko, lesioetatik osatzeko edota bihotzeko gaitz zein gaixotasun kardiobaskularren tratamenduen osagarri gisa erabili dituen arte. Ikerketa horiei esker, indar lanek osasunean dituzten hobekuntzak ezagutaraztea lortu da. Laburbilduz, gure ustetan, indarra gizakion egunerokoan ezinbestekoa denez –zutik jartzetik erosketak garraiatzera bitartean dagoen edozein jarduera–, indar lanak ere pisu bera izan beharko luke gure bizitzan. Indar lana gure bizi kalitatea hobetzeko tresna funtsezkoenetako bat da. Eskura dugunez, erabil dezagun.