25 ABR. 2022 - 15:26h Luzon uhartea, munduko zortzigarren miraria Filipinetan Oraindik inguratzen duen xarmak bereizten du Luzon munduko gainerako parajeetatik. Hango paisaia zoragarrietara eta mila urtetik gorako arroz soroetara bidaiatzeak antzinako tribuetako jendea eta aro kolonialeko arkitektura oraindik mantentzen duten herriak ezagutzea dakar. Banaueko arroz soroak munduko zortzigarren miraria dira. Sergi Reboredo (Argazkiak S.R. eta Getty images) Bost mendez ia etengabeko gorabeherak izan badituzte ere, filipinarrek ez diote inoiz uko egin ez independentzia gogoari, ez iragan historikoari. Miguel Lopez de Legazpi gipuzkoar konkistatzaileak sortu zuen Manila hiria, 1571ko ekainaren 24an. 1762tik 1764ra bitartean, Zazpi Urteko Gudaren garaian, britainiarrek eraso zuten hiria eta haien kontrolpean egon zen. Geroago, 1898ko abuztuan, Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerran, AEBko gudarosteak hiria birrindu eta okupatu zuen, espainiarren ontzidia garaitu ondoren. Ia mende erdi bat geroago, 1942ko urtarriletik 1945eko otsailera, japoniarren mende egon zen, harik eta, 1946an, Filipinetako estatu burujabearen hiriburu bilakatu zen arte. Espainiar kolonia izan zeneko aztarna asko geratu dira, baina bat beste guztien gainetik: erlijio katolikoa. Filipinak dira Asiako herrialde kristau bakarra eta hori hirian lurreratu bezain azkar igartzen da. Manilako katedralean –hiriko harresien barruan dago–, jendearen emana eta joan-etorria atergabea da. Unescok ondare unibertsal aldarrikatu zuen 1993an. Goizeko lehen ordutik arratsaldeko azken ordura arte, bata bestearen atzetik ematen dira mezak, tagaloz. Ez da erraza egun bakar batean hamar milioi biztanleko hiriburua bisitatzea, eta pentsatzekoa da interes handiko hainbat leku galdu izango genuela, baina gu bila etorri ginen abentura hiritik kanpo zegoen. Banaue, zerurako eskailerak Autobusak ipar aldera egin ahala, paisaia gero eta malkartsuagoa da; ordokiak atzera utzi eta mendi berdeetara hurbiltzen ari gara. Altura irabaziz goazen neurrian, tenperatura, pixkanaka, hozten hasten da eta behe lainoa nagusitzen da inguru guztiaz. Herrira iristeko ordubete inguru falta dela hasten gara mailaka eratutako lehen arroz soroak ikusten. Filipinarrentzat –eta lur hau zapaldu duten atzerritar gehienentzat–, Banaueko arroz soroak munduko zortzigarren miraria dira. Unescok Gizadiaren Ondare deklaratuak daude, 1995etik, Batad, Moyoyao, Hapao eta Kiangan-go soro mailakatuekin batera. Edertasun ikaragarriko parajea da. Luzongo mendikateen magaletan mailaka eratutako terraza hauetatik guztietatik, Banauekoetan ikusten da ongien ifugaotarren landa-ingeniaritza bikaina. Agertoki natural ikusgarri bat eta gizakiaren bi mila urtetik gorako lana konbinatu dira hemen. Itsasoaren mailatik 1.000 metrotik gorako garaieran dauden lur hauetan, arrozik onena izaten dute, baldintza okerrenetan. Arlenek trekking bat proposatu digu, azaldu digun guztia in situ ikusteko. Haranetik gora oinez igoko gara, arroz soroen artetik, Viewpoint deitzen dioten begiratokiraino. Ikuspegi zoragarriak daude puntu horretan, eta beti egoten da ifugaotar nostalgikoren bat, okasiorako dotore jantzita, iragandako guduak gogora ekarri nahian. Hemen behetik ikusita, zeru urdinera igotzen diren eskailera-maila berdeak begitantzen zaizkit. Arroz soroen arteko bidea ez da beti erosoa eta, askotan, tentu handiz ibili behar da ez erortzeko, soro bat beste batetik bereizten duen bidexka arra bete zabaleko lur gogor zerrenda soil bat besterik ez baita izaten. Paisaia iradokitzailea da; ura nonahitik isurtzen da, errekasto eta ur-jauzi mengeletan, inguruari are freskotasun handiagoa ematen diola. Ifugaotarren mugetan Leher eginda heldu naiz begiratokira, zangoak dardarka ditut eta egarria asetzea eta atsedetea baizik ez dut buruan.Txirula baten urruneko soinua gero eta hurbilago entzuten dut, harik eta gure begiratuek elkar aurkitzen duten arte. Ifugaotar gizonezko bat –dotore jantzia, zimela, begi lausoak, ortozik– begira daukat ametsetako lurraldeetara naraman doinu ezti bat jotzen duen bitartean. Bat batean, bi emakumezko elkartzen zaizkigu. Galako traje gorriak dituzte soinean eta kapelaren gainean zenbait luma, apaingarri gisa jarriak. Ez didate begirik kentzen. Ez dugu lortu hitzen bidez elkar ulertzerik, baina aditzera ematen didate pozik daudela ni han izateaz. Ifugaotarrak noizbaiteko urrezko urteak birbizitzearren janzten dira horrela, mendi hauetako jaun eta jabe zireneko garaiak gogora ekartzeko. Magalhãesek 1521ean uhartedia aurkitu ostean, espainiarrak ia aurkakotasunik gabe jabetu ziren inguru hauetako ordokiez, baina mendialdean gauzak ez ziren hain errazak izan. Hemengo tribu gerlariek aurre egin zioten bai okupazio militarrari eta bai misiolarien sarraldiei, hiru mende baino gehiagoz. Baina 1898ko iparramerikarren okupazioak suerte hobea izan zuen eta herrialde hartako misio episkopalek lortu zuten mendiko tribuak kristautzea, nahiz eta ifugaotarrek ez duten inoiz beren arbasoen sinesmena bertan behera utzi. Arratsaldean Banaueko museoa bisitatzea erabaki genuen. Ez dago hiritik urruti eta gauza asko ikas daiteke bertan ifugaotarrei buruz. Batez ere,“heriotzakoeserlekuen” antzinako argazkiek liluratu naute. Norbait hiltzen zenean, bi astez ipintzen zuten hilotza eserleku honetan, hobiratu aurretik. Beste norbaitek hil ez bazuen, behintzat. Kasu horretan, paretaren kontra jartzen zuten hildakoa, postura deserosoan, hilaren arima haserretu zedin eta bere heriotza mendeka zezan. Bidaia bat arimaren barrenaldeetara Banauek oso inpresio ona egin digu, baina aurrera egin beharra daukagu, paraje menditsu hauetan barna, Sagada aldera. Manilan ez bezala, Sagadan ez dago ez zaratarik, ez inolako kutsadurarik. Hona iristearekin batera, barneko bakea jabetzen da bidaiariaren arimaz. Errepide bakar batek erdibitzen du herria, alde banatara. Herriko plazan, haurrak dabiltza lasterka, goraetabehera;helduak,bienbitartean,egoneandaude,edozer huskeria hizpide dutela. Toki honetako erakargarri nagusia Oihartzunaren Haraneko “hilkutxa esekiak” ikusteko aukera da. Bertara iristeko, mendixka batean eraikita dagoen hilerri kristau baten ondotik igaro behar da. Berehala iritsi gara tontorrera. Handik, zuhaitzen adaburuen artetik, nahiko urruti, lehenengo hilkutxak ikusi ditugu, harkaitz erraldoietatik esekita. Igorotek –mendiko jendea esan nahi du– ahalik eta toki goienetan ipintzen dituzte hildakoak, zerura lehenago iritsiko direla sinetsita. Toki honetatik bista ezin hobea dago Oihartzunaren Haranera; bakea nagusitzen da bisitariaren barruaz. Amildegitik zintzilik, hamahiru hilkutxa eta “heriotzako eserleku” bat daude. Zerbait ederra ikusten ari naizen irudipena daukat, baina, era berean, hotzikara batek inarrosten dit gorputz osoa, goitik beheraino. Kanpoko itxuragatik, zerraldo batzuek urte asko daramatzate harkaitzetik esekita, denboraren iragan mantsoak higatzen dituen bitartean. Txosten antropologikoek diote kolpetik murriztu zirela horrelako ehorzketak, 1900 urtetik aurrera, hain zuzen ere, amerikar misiolariek lurralde hauetara kristautasuna ekarri zutenetik. Ehorzketa modu hau, duela bostehun urte baino gehiagotik praktikatzen den arren, oraindik indarrean dago: adineko zenbait pertsonak beren hilkutxa harkaitz-hormaren batetik zintzilik egotea edo inguruko harperen batean uztea nahi dute. Hemengo haitzuloetako batzuk leku sakratuak dira, igorotek leku hauetan uzten baitituzte beren familiartekoen zerraldoak. Lumiang-eko haitzuloa da ikaragarriena. Harpearen sarreran, ehun hilkutxa baino gehiago daude hormetatik esekita. Sagadara eginiko bisitan, ez dago, inola ere, Bonkong-eko ur-jauziak ikusi gabe uzterik. Mendiaren bihotzean dagoen leku hau ezin aproposagoa da bainu bat hartzeko eta, istant batzuetan behintzat, bero zakarra arintzeko. Vigan, giro koloniala bizirik Hegoaldera abiaturik, errepideak atzean uzten ditu mendiak eta arroz soro mailakatuak eta, astiro, ordokira jaisten hasten da. Vigan-era heltzen den bidaiariari iruditzen zaio denboran hiruzpalau mende egin dituela atzera. Filipinetako hiri zaharrenetakoa da; haren bazter guztietan ikusten da hori. Viganda espainiar hiri kolonial baten Asiako adibiderik onena. ongien kontserbatua bai, behintzat. Hemengo arkitekturan Espainiako, Filipinetako eta Txinako kultur elementuak nahasten dira, eta emaitza beste inon ikusi ezin daitekeen diseinu eta eraikuntza modu bat da. Manilatik iparrera dago, hiriburutik 408 kilometrora, Txina Hegoaldeko Itsasora urak isurtzen dituen Govantes ibaiaren bokalean. Curriculum hori guztia zela eta, Unescok Gizadiaren Ondare izendatu zuen, 1999an. Hiriko kale estu eta harriztatuetan ilaran eraikiak daude Vigango etxe armarridunak. San Pauloren katedrala da hiri zaharraren erdigunea. Kartsutasun handiz bizi du hemen jendeak erlijioa; Asiaren hego-ekialdeko hiri kristauenetakoa dela esan daiteke. Elizako ateetan, kalesak zain daude, egonarriz, eliztarrak mezetatik noiz irtengo. Zaldi ederrez tiratutako zurezko zalgurdi horietan garraiatzen dituzte bidaiariak, hiriko kale harriztatuetan hona eta hara. Barruti mestizoaren bihotzean dago Crisologo kalea. Altzarigileak eta souvenir saltzaileak aurkituko ditugu Vigango eraikin antzinakoenetan, non denbora gelditu egin dela ematen baitu. Juxtu kontrakoa gertatzen da Burgosko plaza inguratzen duten bankuetan. Han, arratsaldero, gaztetxoak biltzen dira skatean ibiltzeko, horixe baita, hain zuzen, hiri honetan jarraitzaile gehien dituen kirola. Kirol berri-berria hain hiri zaharrerako.