GAIAK

Covid-19aren aurkako txertoak seguruak dira immunoeskasia duten pertsonentzat

Bellvitgeko Unibertsitate Ospitaleko lehen mailako immunoeskasien unitateak (HUB) eta Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoko Institutuak (Idibell) gidatutako ikerketa baten arabera, covid-19aren kontrako txertoak seguruak eta eraginkorrak dira immunoeskasia duten pertsonen kasuan ere.

Emakume bat koronabirusaren aurkako txertoa jasotzen, Hazparnen. (Guillame FAUVEAU)

Bellvitgeko Unibertsitate Ospitaleko lehen mailako immunoeskasien unitateak (HUB) eta Bellvitgeko Ikerketa Biomedikuko Institutuak (Idibell) egindako ikerketa batek frogatu duenez, koronabirusaren aurkako txertoa «segurua eta eraginkorra» da immunoeskasia duten pertsonen %75arengan.

Ikerlariek gogorarazi dutenez, txertoak sistema immunologiko konpetentea duten pertsonengan oso efektiboak izaten ari diren arren, oraindik ez dago guztiz zehaztuta txertoarekiko nolako erantzuna izango duten immunosupresioa duten pertsonek.

Hori horrela, ‘Frontiers in Immunology’ aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketak egiaztatu du, immunoeskasi arrunt aldakor izenez ezagutzen den, immunitate-sistemaren gabezia larria duten lau pertsonatik hiruk, txertoa jaso ondoren, koronabirusaren aurkako antigorputzak sortzen dituztela, eta hauek erantzun aproposa ematen dutela gaitzaten aurrean.

Bestalde, arrazoi medikuengatik B zelulen, antigorputzak sortzen dituztenen, kopurua murrizten duten farmakoak kontsumitzen dituzten pazienteen erdiek ez dute antigorputzen erantzun optimo bat sortzen txertoa jaso ondoren. Alabaina, erantzun zelular babeslea atzeman dute ikerlariek ia paziente guztiengan.

Beraz, B zelulak murrizten dituzten botikak hartzen dituzten pertsonen antigorputzek, itxuraz, birusarengandik babesteko erantzunik ematen ez badute ere, egiatan, zelula-erantzunaren bitartez, txertoak babesa opatzen die.

Idibelleko ikertzaile nagusia den Xavier Solanichek azaldu du sistema immunologikoan gabeziak dituzten pertsonek txertoarekiko duten erantzuna ez dela biztanleria osasuntsuak duena bezain efizientea. Hala ere, Solanichen hitzetan, «oso handia izaten jarraitzen du» eta horregatik, gaitzaren aurkako «nahitaezko» neurria da kolektibo honentzat.

Faktore iragarleak

Ikerketan faktore iragarleak identifikatu dituzte, hau da, sistema-immunologikoko zelula konkretu batzuen mailak, esaterako. Maila hauek pazienteak, txertoa jaso ostean, erantzun immunologiko bat garatuko duen edo ez iragartzen dute.

«Faktore iragarleak izatea oso baliagarria izan daiteke praktika klinikoan egoera jakin batzuei aurrea hartzea ahalbidetzen digutelako. Gure ikerketan pazienteen azpitalde batean bakarrik zehazteko gai izan gara, eta, beraz, ikerketa berriak behar dira norabide honetan», jakinarazi du artikuluaren egile nagusia eta Idibelleko eta Bellvitgeko Unibertsitate Ospitaleko ikertzailea den Arnau Antolik.

Hori horrela, ikertzaileek ondorioztatu dute txertoarekiko erantzun apropos bat garatu ez izanak, ez duela esan nahi pazienteek koronabirus koadro larri bat izango dutenik. Egiatan, koronabirusaren eboluzioa, zati batean, immunoeskasiak baldintzatzen du, baina, badaude eragin zuzena duten beste faktore batzuk, adina kasu.