GAIAK

13.000 domeinu baino gehiago erregistratuta beteko ditu 10 urte PuntuEUS Fundazioak

92 aitzindarirekin ekin zion ibilbideari PuntuEUS Fundazioak eta gaur egun 13.000 ditu, ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Aurrera begira, «batez ere orain arte lortutakoa mantentzea da erronka nagusia, mantentzea eta sendotzea», nabarmendu dute.

Urteurrena ospatzeko 2019an Puntueus Fundazioak antolatu zuen ekitaldia. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Hamar urte bete dira PuntuEUS Fundazioak, «euskal eta euskal kultura Interneten bermatzeko», .EUS domeinuaren eskaria aurkeztu zuela. Maiatzaren 28an beteko dira hamar urte hain zuzen ere. Abiaraztea 92 aintzidarirekin izan zen, 2014an, eta gaur egun, 13.000 domeinu baino gehiago daude erregistratua.

«Momentu horretatik ilusioa eta kemena bezalako sentimenduak gogoratzen ditut. Gogorra izan zen oso, baina harro nago egindako ibilibideaz», adierazi du Iñaki Goirizelaiak, PuntuEUS Fundazioko lehendakariak, astearte honetan ospatzen den Nazioarteko Internet Egunaren harira.

ICANNek eskatzen zituen baldintza guztiak betetzea «erronka handia» izan zen, baina «euskal komunitatearen eta norbanako ugariren babesari esker» proiektua gauzatzeko gai izateaz gain, markari «balio erantsia» ezarri zioten. «PuntuEUS pertsonen eta erakundeen alboan dago momentu oro, sortzen zaizkien beharrak asetzeko, eta horrela, konfiantza eskaintzen diegu bezeroei», azpimarratu du Goirizelaiak.

Hainbat enpresa pribatu (NAIZ kasu), erakunde publiko, eragile, eta abar luze batek egin du bat hamar urteotan 13.000 erregistro kopuru horretara heldu arte. Goirizelaia pozik dago egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin. Hamar urte eta gero, eta astearte honetan ospatuko den Interneten Egunaren harira, «PuntuEUS euskal identitate digitala proiektatzen duen marka gisa finkatu» dela azpimarratzen du.

Etorkizunera begira, «helburuak betetzeko bide berriak aurkitu eta hartzeko prest» daudela azaldu du Fundazioko lehendakariak, «baina batez ere orain arte lortutakoa mantentzea da erronka nagusia, mantentzea eta sendotzea, alegia». «Interneteko identitate digitala bermatu behar dugu, komunitatea sortu eta aktibatu, euskaratik», gehitu du.

Nabarmendu duenez, duela 10 urte gizartearen %50 inguru zegoen Internetera konektatuta eta 233 milioi domeinu zeuden erregistratuta. Gaur egun, ordea, gizartearen %90 dago Interneten eta 366 milioi domeinu erregistratu dira.