17 MAY. 2022 - 13:18h Baionako Bernat Etxepare Lizeoaren aldeko kantak badu bideoklipa Esne Beltza-AMAK formatua amaitu egingo da ekainaren 3an Bilbon egingo duten kontzertu berezi batekin. Era berean, Lizeoari babesa emateko sortu zuten kantaren bideoklipa jada ikusgai dago, non ikasleek parte hartu duten. NAIZ Esne Beltza eta AMAK taldeek ‘Mapa bat baino gehiago’ kanta sortu zuten Baionako Bernat Etxepare Lizeoari babesa emateko, eta orain badu bideoklipa. Abestia ikastetxea handitzeko lanak finantzatzeko kanpainaren baitan kokatzen da. Izan ere, euskal taldeak zentroko ikasleekin batera aritu dira elkarlanean kantu-dantza sortzeko. Era berean, iragarri dute ekainaren 3an Bilboko Kafe Antzokian kanpaina bultzatzeko kontzertu berezia eskainiko dutela. Esne Beltza-AMAK formatuaren azken kontzertua izateaz gain, urteetan Esne Beltzako kide izan den Piniren azken kontzertua izango da ere bai. Egun horretan lekukoa hartuko du Sergio Ordoñez ‘Patxukok’, Esne Beltza sortu zenean kide izan zena eta gerora Joxe Ripiau taldean aritu dena. Kontzertuan Lizeoko ikasleek dantza sorkuntza berri bat eskainiko dute espresuki egun horretarako prestatua. Kontzerturako sarrerak Kafe Antzokiko webgunean eskuratu daitezke. Bestalde, gogoratu dute Lizeoari babesa emateko atera zituzten Euskal Herri osoa erliebean jasotzen duen maparen 1.000 ale atera zituztela, eta horietako 700 saldu dituztela jada. Gelditzen direnak Iruñeko Karrikiri liburu dendan, Oiartzungo Labore dendan, Berako Agara prentsa dendan eta Bernat Etxepare Lizeoan bertan erosi daitezke.