11 JUN. 2022 - 16:40h Delhi, altxorrez beteriko kutxa Indiako hiriburuak bonboi kaxa bat dirudi, sorpresaz betea. Bertan bizi diren 25 milioi pertsonak hiriaren poro bakoitzean presente daude, baita bertatik igaro diren inperioak eta bertako bazarrei darien fantasia ere. Delhiko kale jendetsua. Lucas Vallecillos Arkitektura kolonial sofistikatua, neurririk gabeko merkatuak, Indiako meskita handiena, bizi ibili ezean tarterik uzten ez duen trafiko erasokorra, kardamomo piloak, gizakia duela 3.000 urtetik bizi den hiria, berealdiko kutsadura. Eta emozioz eta esperientziaz beteriko sukaldaritza, bai gorputzean sartzean bai ateratzean. Hori guztia eta askoz gehiago da Delhi hiri zoragarria. Ia inor ez da epel geratzen berau bisitatzean; ez dago erdibiderik, maite edo gorroto duzu. Ni liluratuta atera nintzen. Beharbada, hiriaren ikur diren aparteko bi tokitatik hastea onena, biak ere erdialdetik aparte samarrekoak. Bahai Errezoaren Etxea, biztanleek «loto lorearen tenplu» esaten diotena, lore horren antza duela eta. Fariburz Sahba arkitektoak ondo asko gauzatu zuen ideia, 1986an eraiki zuenean, erlijioen arteko elkartasunerako gune espiritual bat sortzeko asmoz. Bertan bisitariei beren erlijioa praktikatu eta otoi egiteko gonbita egiten zaie. Hiriak gordetzen dituen altxorrak ikusteko bigarren sarbidea Qutb Minar da. Munduko Ondare izendaturiko esparru arkeologiko horretan, bere hondarren artean Indiako minarete garaiena nabarmentzen da, 72 metroko altuerarekin zerua ukitu nahian ari dela dirudiena. Delhi Zaharrean Hobi handi baten ondoko hareharri gorrizko harresi erraldoiek osatzen dute gotorleku gorria. XVII. mendean zehar eraiki zen, Shah Jahan mongoliar enperadoreak aginduta. Bertara Lahorre izeneko ate nagusitik sartu eta souvenirrez beteriko azoka aurkituko dugu. Antzina bitxiak eta zeta saltzen zituzten hor. Danborraren Etxea topatuko dugu aurrerago; antzina gorteko musikariek ostatu hartzen zuten bertan. Barrura sartutakoan atentzioa ematen duena Diwan-i-am delakoa da, zutabe-atrio eder bat, bisitaria liluratuko duten arku gingildunez hornitua, eta audientzia publikoetarako erabiltzen zena. Pribatuak Diwan-i-Khas delakoan ematen ziren, marmol zuriko eraikin fin bat, taila eta harribitxien inkrustazio interesgarriak dituena. Horren ondoan Khas Mahal dago, familia inperialaren areto pribatuak. Horietan intimitatea gordetzeko leiho-sare landuak erabiltzen zituzten. Gotorlekua gustu handiz diseinaturiko jauregi multzoa da, baina bere jabeak ez zuen bertan bizitzerik izan. Bere seme Bahadur Shah Zafar-ek, Delhin izan zen azken mongoliar enperadoreak, traizionatu eta Agrako gotorlekuan kartzelatu zuen. Chandni Chowk etorbidea Delhi Zaharreko bazar esanguratsuenen ardatza da. Hor barneratzea bidaiari zailduena ere txundituko duen sentsazio uholde kitzikagarrian barneratzea da, non usain zoragarriekin batera eguerditik aurrera amaigabeak diren auto-ilaretako ibilgailuek isuritako gasen kiratsa topatuko dugun. Etorbidea azoka erraldoia da, denetik aurkituko dugu bertan: etxetresna elektrikoak, arropa eta imitaziozko bitxiak. Zamaketari kuadrillek izugarrizko zamak eramanez orgatilak bultzatzen dituzte, salgaiak inguruko bazarretara eramateko; harrigarria da lan horretan gizakiak ikustea. Chandni Chowk-etik abiatuta bazar hauetara iritsiko gara: Dariba Kalan, zilarra erosteko; Kinari Bazarra, ezkontzetarako turbante onenak dituelako ezaguna, eta Nai Sarak, sari jantziak eskuratzeko toki interesgarria. Chandni Chowk bukatzen denean, Khari Baoli kalea hasten da, zentzumenak pizteko bazar aproposena, hots, espeziena. Lurrin goxoz zipriztinduta dago bertako airea. Bidaiariak, dendetako salgaien artean dabilela, sudurrean piper, iltze, jengibre, banilla, intxaur muskatu, kurkuma, kumino edota anisaren esentzia atzemango du. Bazarrek osaturiko anabasa horretan kokatuta, Jama Masjid delakoa zutunik ageri da. Indiako meskita handiena da, eta 25.000 fededunentzako tokia dauka. Oinarri izugarri handi baten gainean eraikita dago, eta eskailera ilara zabalak igo eta gero dauden hiru ateetatik sartzen da bertara. Marmol zuri eta hareharri gorriz egina dago, eta hau ere XVII. mendean Sha Jahan mongoliar enperadoreak hala aginduta eraiki zen. Meskita patio handi batera zabaltzen da, eta hiru kupula bikain eta 40 metroko bi alminar ditu. Bertatik ikuspegi ederra dago: tenpluaren estalki zirraragarria eta hiriak osatzen duen amarauna. Barnealdea ederra da oso eta ez dago musulmana izan beharrik bertara sartzeko. Hiriaren bihotz koloniala Delhi hiriaren mapa bat begiratzean Connaught Place inguruak marrazten duen irudiak ematen du atentzioa. Plaza horren bueltan eraikuntzaz osaturiko bi uztai ageri dira, eta horietatik kaleak jaiotzen dira alde guztietarantz, trafikoa hiri osora erradialki zabalduz. New Delhiren bihotz koloniala da, eta britainiarrek hirian utzi zuten arrasto arkitektoniko bitxiena; izena Jorge V.a aitaren aldeko osaba bati zor dio. Erraza da atzera egin eta bertako gizarte maila altuko jendea kolonoen ondoan oinez imajinatzea, molde klasikoko konplexu arkitektoniko handi honen arkupeetan; zutabe ikaragarri eta fatxada zurituak ditu, zeintzuek Cheltenham hiriko arkitektura gogorarazten duten. Arratsaldeetan nobedade bila dabiltzan kontsumitzaileak ibili ohi dira bertan, hiriko denda esklusiboenetan erosten edota atzerriko janaria ematen duten jatetxeetan afaltzen. Une batez bidaiariak India modernoenarekin topo egingo du, eta Delhi Zaharrean ikusitakoa aurreko mendeko amets bat izan dela irudituko zaio. Hortik hurbil Connaught Place-ko sukar kontsumistatik ihes egiteko bi altxor daude. Bata Jantar Mantar da, astrologiazaleentzako oso gomendagarria; forma geometrikoak dituzten eraikinez osatutako bilduma interesgarria da. Jai Singh II.a maharajak agindu zuen horiek eraikitzea, unibertsoaren mugimendua behatzeko. Beste altxorra Agrasen Ki Baoli da. Gaur egun hutsik dagoen XIV. mendeko ur biltegi handi bat. 60 metro luze eta 15 zabal da, eta 103 koska dituen eskailera bat du bertara sartzeko. Zoruan hondoratzen den egitura izugarri handia da, bost solairutan zutabeetara atxikita dituen arkuekin irudi harrigarria osatzen duena. Bertara etortzen ziren herritarrak, bainuen bitartez, purifikatzera eta jainkoekin konektatzera. New Delhi britainiarrek 1911n diseinatu zuten hiri modernoa da; hain zuzen, inbaditzaileekin gero eta zakarragoa zen Kalkutatik ihesi, herrialdeko hiriburua Delhira lekualdatzeko sortua. Edwin Lutyens arkitektoak marraztu zuen etorbide zabal eta inperio kutsuko eraikin itzelak zituen hiri berria, koloniako administrazioak bertan ostatua hartzeko; gaur egun Indiako Gobernuko ministerioen egoitzak daude horietan. Rajpath bulebar neurrigabean aurkituko ditu bidaiariak herrialdeko presidentearen egoitza ofiziala, ipar idazkaritza, hego idazkaritza, Parlamentua eta Indiako Atea. Azken horrek garaipen-arku bat imitatzen du. Lutyensek I. Mundu Gerran hildako Indiako Armadako 90.000 soldaduen heriotza ohoratzeko eraiki zuen. Turista saldoa ibili ohi da bertan, sare sozialetan zabaltzeko autorretratu originalena nork aterako. Inguru horietan dago Gandhi Smriti, Mahatma Gandhik bere bizitzako azken 144 egunak eman zituen etxea, 1948ko urtarrilaren 30ean integrista hindu batek erail aurretik. Indiaren independentzia lortu zuen Gandhiren bizitzari buruzko ilustrazio multzoaz gain, lorategiko zoruan zerraldo erori zeneko tokiraino eman zituen azken pausoak markatuta ikus daitezke, tenplu txiki batera ematen dutenak. Etxe barruan hain gizon handia zeinen xume bizi zen ikusteak harrituko gaitu. Berak utzi bezala dauden bi gela txikitan bizi zen, eta bertan daude ere ondasun guztiak: ohexka bat, idazmahai bat eta eguneroko bizitzarako tresna pertsonalak. Mongoliar inperioa Mongoliar inperioaren monumentuez zipriztinduta dago hiria, eta horien guztien artean bada ezin ederragoa den bat, Humayun mausoleoa, alegia. Ate xume batetik sartuko da bidaiaria lehenik lorategietan eta hortik mongoliar eta persiar ezaugarriak uztartzen dituen arkitektura erlijiosoko maisulan honetan. XVI. mendean eraikiarazi zuen Haji Begum-ek, Humayun enperadore mongoliarraren jatorri persiarreko emazte nagusiak. Hilobi hori izan zen Taj Mahal jauregiaren diseinua inspiratu zuena; alabaina, bietan Humayun dela ederrena esan genezake. 2013an zaharberritu zutenetik mausoleoa distiratsu ageri da, giro lasai eta harmoniatsuan, katagorri eta perikitoek bizileku dituzten lorategi zoragarrien gainetik zutituz. Zutabeetara atxikitako arku-oinarri baten gainean altxatu zuten eraikina, islamiar artearen bereizgarri diren elementu geometrikoez hornitua, eta kupula zuri handi batez biribildua. Kilometro eskas batera dago Hazrat Nizam-ud-din Dargah, Nizam-ud-din-Auliya santu sufiari eskainitako marmol zurizko santutegia. Toki sakratua da; espiritualtasuna eta beste garai bateko airea dario. Sartu baino lehen jatetxez beteriko kale estu bat igaro beharra dago, eta sarrerara iristean arrosa-petalo eta intsentsu saltzaileekin topo egingo dugu, errupia gutxi batzuen truke zapatak gordetzeko prest egoten direnak. Hortik aurrera loturik dauden pasabide luze batzuetan zehar oinutsik ibiliko da bisitaria. Pauso bakoitzean eskale batekin topo egingo du, zeintzuek eskatzera behartzen dituen akats fisikoa erakutsiko dioten. Azkenik, santutegira sartuko da; erromesez beteta egon ohi da hau, Nizam-ud-din-engandik ahalik eta hurbilen lurperatuak izan nahi zuten santoi ugarien hilobiak ondratzen. Eguzki sarrera izan bitartean bisitatzea komeni da, otoitza ikusi eta qawwali izeneko erlijio kantu sufiez gozatzeko. Esperientzia benetan ahantzezina izango da.