24 JUN. 2022 - 08:41h Astebete baino ez da falta Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 26. edizioa abiatzeko Astebete baino ez da falta Euskal Herria Zuzenean jaialdia berriz ere martxan jartzeko. Uztailaren 1etik 3ra Irisarriko lurretan izango da zer entzun eta zer ikusi, musika talde zinez interesgarriz osatutako kartela baita 2022koa. Aste honetan hasi dira muntaketa lanetan EHZko antolatzaileak. (Guillaume FAUVEAU) Iker Gurrutxaga Iaz ere apustua egin zuten EHZkoek, gogoangarria izan zen askorentzat edizio hori, izan ere, neurriak neurri, zutik eta aire librean goza zitekeen festibala antolatu zuten. Arriskatu eta asmatu, horretan iaioak baitira EHZ festibalean. Aurtengorako hiru eremutan banatu dute jaialdia, Irisarriko plazan izango da agertoki bat, pentzean beste bat eta DJek beren eremu propioa izango dute. Hartara, Lumi taldea arduratuko da EHZren 26. edizioari hasiera emateko. Arratsaldeko 18:00etan izango da hitzordua, Irisarriko plazan, eta, atzetik, Amorante arituko da bertan. Kontzertuen intentsitatea in crescendo joango da egunero. Ostiralean, pentzean, Yaka Dansé BB kolektiboko Señor Glifozatek emango dio hasiera festari. Atzetik, Delirium Tremens mutrikuarren txanda izango da, klasikoak zein kantu berriak eskaintzeko. Boltajeak gora egingo du Fizt&Furiuz talde lapurtarraren eskutik, metal doinuetara murgiltzea haien eskutik etorriko baita. Sepultura Euskal Herrian Izan ere, uztailarean 1ean, gaueko 23:30etan, metal eszenan ikur garrantzitsu izan den Sepultura talde brasildarra igoko da Irisarriko oholtzara. Cavalera anaiek sortu zuten taldea Belo Horizonten (Brasil) 1984an eta heavyaren bueltan kokatu izan badira ere, metalaren genero askotako doinuak jorratu dituzte gerora. Egun, hasierako formaziotik Paulo Jr. baxu-jotzaileak soilik jarraitzen du, baina nazioartean arrakasta izaten jarraitzen du taldeak, eta Euskal Herrian geldialdia egin ostean, Resurrection Festera egingo dute salto, 2020an kaleratu zuten ‘Quadra’ disko kontzeptuala aurkezteko. Disko honekin berriz ere arrakastaren olatura igo da Sepultura taldea. Sepulturaren atzetik, Eesah Yasuke rap abeslaria arituko da. Parisen bizi den arren, Boli Kostako, Cabo Verdeko eta Portugaleko erroak ditu Yasukek eta iaz kaleratu zuen lehen EPak zeresana eman zuen, indarra baitu emakume honen mezuak. Atoem bikoa, berriz, Rennes aldetik iritsiko da Irisarrira eta gauari amaiera dotorea emango dietela aurreikusten dute EHZren antolakuntzatik. Tarteetan, Juanita Banana eta Øra arduratuko dira musikak etenik izan ez dezan. Larunbatean goizetik hasita Irisarriko plazan hasiko dira goizeko 11:00etatik larunbateko ikuskizun eta tailerrak. Aipatu beharrekoa da haurren txokoa izango dela egun guztiz, 11 urtetik beherakoek sarrera doan baitute EHZn. Hala, puzgarriak, margoketak, makilatze tailerrak… eta gehiago ere izango dute txikienentzat. Helduagoek bertsoez, zirkuaz, rapaz, Gaitistaneko Orkestraz edota Haatik eta Kilimak taldeen doinuez gozatzeko parada izango dute pentzeko jaialdia hasi bitartean. Madelyn Ann abeslari bretoia izango da pentzeko oholtzara igotzen lehena, arratsaldeko 16:00etan, bere pop doinu gozoez hasiko da giroa berotzen. Segida, Pasadena proiektu berriak emango dio, Gasteizen sortu eta iaz argia ikusi zuen Libe Garcia de Cortazar eta Jon Basagurenek osatutako musika taldeak. Lasai eta gozo entzuteko doinuak, beraz, arratsaldearen hasieran. 19:00etan, ordea, dena hankaz gora jarriko duen talde horietako bat pasako da EHZtik. Vulk talde bilbotarra ‘Vulk ez da’ lanarekin izango da bertan, eta, Azken Rock jaialdian motorrak berotu ostean, bertakoak berotzeko lana izango dute Irisarrin. Tendentzia berriagoei tartea zabalduko zaie segidan Bulego, Ødei eta Merina Gris taldeen eskutik. Euskal Herriko proiektuei balioa emateak garrantzia handia du eta horretan saiatzen dira EHZn. Hala, Bulegoren pop melodikoarekin 80etatik gaurdainoko bidaia egiteko aukera izango da, Ødeiren ‘Terapia’ lana entzunaz egungo drillaren munduan sakontzeko aukera izango da eta Merina Grisekin pop bortitzago batetara egingo da salto. Eskaintza dantzagarria inondik ere. Gauari bukaera emateko, Calling Marian musika elektronikoko proiektuak hartuko du EHZ. Elektroa, technoa edota acid musika nahasteko gai da folk eta pop ukituekin paristarra. Azken eguna Etxeko txikiek zirku tailerraz edota pailazoez disfrutatzen duten bitartean, helduagoek eskaintza zinez anitza jasoko dute azken egunean. Ibil Bediren musika lasaiaz hasiko da igandea, baina Frikun, Xutik, Sofa, -Gailu, Fusible edota Joseba Irazoki eta Lagunak bezalako taldeekin dantzara kondenatuta egongo dira bertaratuak, bai ala bai. Nabarmentzekoak, ordea, bi klasiko izango dira. Irisarriko plazan Adarra Saria jaso berri duen Joseba Tapia izango baita 18:30ean eta, beranduxeago, 22:30ean, Niko Etxart eta Hapa Hapa pentzean. Euskal Herriko musikaren historia biziak ere badu tokirik EHZ festibalean. Boluntarioen lana Ekainaren 22an hasi ziren muntaketa lanetan EHZko antolatzaileak. Aurten 400 boluntario eskatu dituzte orotara eta webgunean eman dezakete izena. Muntaketa, ordea, erakargarri bihurtu dute eta egunez egunerako egitaraua antolatu dute boluntarioentzat: garagardo dastaketa, zirkua, bertso-afaria edota yoga tailerra izango dituzte, besteak beste. Egunez eguneko sarrerak, bonoak, informazio praktiko gehiago eta ordutegia oso-osorik haien webgune eta sare sozialetan jarria dago. Gainerakooi, gozatzea baino ez zaigu geratzen.