27 JUN. 2022 - 10:27h ‘Bi mundu‘ kanta berria kaleratu du Herenegun talde donostiarrak Antiguan sortutako taldeak bideokliparekin kaleratu du abestia eta Sua Enparantza aktorea izan da protagonista. Iker Gurrutxaga Reggae doinuak ekarri dituzte uda sasoi honetarako Herenegun taldekoek. ‘Bi mundu’ deituriko abestia plazaratu du talde donostiarrak eta migrazioaren gaia landu dute ‘Aldapeko sagarraren’ kantu herrikoiaren letra baliatuz. TTaka eta Amaiow izan dituzte kantuan kolaboratzaile eta bideoklipean Sua Enparantza aktoreak hartu du parte. Ikus-entzuneko piezaren egileak, berriz, Julen Arregi eta Mikel Zubillaga izan dira. Kantua Muir estudioan grabatu dute Yon Vidaur teknikariarekin eta Estanis Elorza arduratu da masterizazioaz. 2020an atera zuen Herenegun taldeak ‘Zer dakarren’ izeneko diskoa, 8 abestiz osatua. Egoerak hala behartuta, nahi bezain beste aurkezterik izan ez eta kantuak sortzen jarraitu dutenez, horren emaitza izan da ‘Bi mundu’ kantu berria. Dagoeneko zazpi urte pasa dira taldea eratu zenetik eta, seikote moduan hasi zena, egun, bederatzi kidek osatzen dute. Ska, reggae, rap edota rock doinuak jorratzen dituzte, haiek izan baitira beren gustuak eta erreferente, baina horri guztiari trikitia ere gehitu diote Herenegun taldekoek. Udako kontzertuak Aipatu dugu diskoa aurkezteko aukera askorik ez zutela izan kaleratu zutenean, baina 2022a ondo aprobetxatzen ari dira. Ibarran, Antiguan eta Hernanin kontzertuak eskaini ondotik, uztailaren 1ean Igeldon eta 13an Iruñean izango dira. Abuztuan, berriz, iragartzeko duten toki batean izango dira 9an eta, atzetik, Mendigorrian 16an, Donostian 18an eta irailaren 3an Munetako jaietan izango dira.