24 JUL. 2022 - 00:00h Indar entrenamenduak hirugarren adineko pertsonetan JULIO PASTRIAN - SALTO TRAINING Jakin badakigu jarduera fisikoak sekulako garrantzia hartu duela azken hamarkadan, bereziki indar entrenamenduak. Gizakion osasuna hobetzeaz gain, onura fisiologiko, psikologiko zein sozialak lortu ditzakegu. Era berean, indarra edozein adineko pertsonak entrenatu dezake, betiere pertsona bakoitzaren mugak errespetatuz. Azken urteetako datu demografikoei erreparatuz, bizi itxaropenak gora egin duela ikus dezakegu. Ume gutxiago jaiotzen dira eta biztanleria gero eta zaharkituago dago. Hortaz, sarkopenia (gihar masaren galera) eta osteoporosia (hezurren dentsitate galera) bezalako gaixotasunei urte gehiagoz aurre egin behar diegu. Nola saihestu ditzakegu? Indar entrenamenduaren bidez. Gure giharrak zuntz motel, azkar eta mistoez osatuta daude. Zuntz motelak, urteen poderioz pixkanaka galtzen dira, izenak esaten duen bezala, motel. Bestalde, zuntz azkarrak 30 urtetik aurrera galtzen hasten dira eta indar lana egin ezean, gihar masa maila oso baxuarekin iristen gara zahartzarora. Gainera, zuntz mota hauek gure akzioak era azkar batean gauzatzeko aukera ematen digute; beraz, hau izan daiteke jende helduak erorketak eta estropezuak sufritzearen arrazoi nagusietako bat. Horiek esanda, gure zahartzaro luzeari kalitatea eman behar diogu. Ariketa kardiobaskularra (paseoak, mendi bueltak, bizikletan ibiltzea…) egiten jarraitu behar dugu, baina horrekin ez da nahikoa. Indarra entrenatu behar dugu, gure ahultasunak landuz eta aipatutako gaixotasunak ahalik eta gehien atzeratuz. Astean zehar lan kardiobaskularra eta indarra uztartzen baditugu, aukera handiak izango ditugu bizitza osasuntsu bat urteetan luzatzeko.