GAIAK

Tsalkako zubia: kafe bat, ezin gorago

Munduko taberna zintzilikaririk altuena ireki dute Georgian, Tsalka herrian dagoen arroila baten gainean. Aldirietako paisai eta naturaz gozatzeko aukerari balio erantsia emango dio Diamantezko Zubia bezala ezaguna egin den eta lurretik 280 metrora dagoen kafetegiak.

Vano SHLAMOV (AFP)

Bizikletan, tirolina baten gainean, dabil jendea Tsalkako arroilaren gain-gainean eskegita dagoen eta 250 metroko luzera duen altzairuz eta beiraz eraikitako zubian. Erdian, proiektu honen harribitxia: diamante formako kafetegia, Munduko Errekorren Guiness zerrendaren arabera, inoiz eraiki den taberna zintzilikaririk altuena. Eta, bide batez, izena eman diona eraikinari: Diamantezko Zubia. Georgiako hiriburua den Tbilisitik 100 kilometrora aurkitu ahal dugu, Tsalka izeneko hiriaren kanpoaldean.

Bizikletan zeharkatu daitekeen soka-zubiaz gain, labarraren gainean eraikitako kulunka ere bisitatu daiteke. Kass Groupek, zubiaren proiektuaren eta eraikuntzaren arduradunak, etxetxoz osatutako resort bat altxatu du aldamenean, jatetxe eta igerilekuz horniturik; 150 euroren truke bi pertsonak gau batean har dezakete ostatu bertan. Aldi berean, etorkizunean laser argiekin ikuskizunak, kanpatzeko eremu bat, uretako parke bat eta musika jaialdiak ospatzeko gunea ere izango dituela iragarri dute arduradunek.

Hain altuera handian bertigoa sentitzen dutenei sekulako oparia ere gordetzen die Tsalkak lurraren arrasean: inguruan dagoen natura erreserba guztiz gomendagarria. Bertan, besteak beste, iturri termaletan bainatzeko eta mendi ibiliak eta piraguismoa egiteko aukera dago. Bi kilometro baino gutxiago ibiliz gero, urdin turkesa koloreko ur-jauzi natural zoragarriez gozatu daiteke. Neguan bisitatuz gero, litekeena da izozturik aurkitzea.

Lehenbizikoz 2022an ateak ireki zituen garaiera handiko atrakzio turistiko honek 450.000 bisitari espero ditu lehen urtean.