09 SET. 2022 - 06:25h Hegaztien migrazioa, argitu gabeko fenomenoa Sarri, ondoan egon ohi dira, baina ez gara jabetzen. Pasealdia atseginago egiteko musika eskaintzen digute, baina ez diegu kasu handirik egiten. Horietako batzuek, dagoeneko, Afrikarako bidea izango dute buruan, eta beste asko, itxaroten egongo dira udazkeneko epelaren azken egunak aprobetxatu arte. Antzara hankagorriztak. (Juan Luis Mugertza Unanue) Juan Luis Mugertza Unanue Natura eta ezustekoak sarri askotan elkarren ondoan joan arren, hegaztien migrazioa da, urtero-urtero, hutsik egin gabe ezagutzen dugun gertaerarik hunkigarrienetako bat. Sasoi bateko baserritarrek eguraldiaren berri izateko tenporei kontu egiten zieten bezala, antzinako igarleek etorkizuna asmatzeko hegaztien hegaldiei erreparatzen zieten, zenbait espezieren etorrerak ekaitz edo izurriteen berri ematen baitzuen. Gabiraia. (Juan Luis Mugertza Unanue) Joan den mendearen erdialdean, jende askok uste zuen kukua gabirai bihurtzen zela udazkenaren etorrerarekin batera. Egun, halako usteak nahikoa alboratuta badaude ere, Europa eta Afrikaren artean urtero gertatzen den txorien migrazioaren gainean galdera asko daude oraindik airean: esaterako, baso-txinbo bezalako txoritxo batek, nola egin dezake hainbeste kilometro? Zerk gidatuta egiten dute harako eta honako bidea? Egun argitan mugitzen diren txoriak burumuinean grabatutako lurreko erreferentziez eta eguzkiaren kokapenaz baliatzen omen dira, eta gauekoak ilargiaz eta izarrez. Baina oso lainotuta badago, nola konpontzen dira ilunpetan joaten direnak? Elur-hontza. (Juan Luis Mugertza Unanue) Elur-hontza. (Juan Luis Mugertza Unanue) Kaliforniako unibertsitatean zientzialari talde batek egindako ikerketak dio txoriak lurreko eremu magnetikoak sortutako organismoan erreakzio kimikoei bide emateko gai direla. Dirudienez, txoriek barne ipar-orratza dute, eta horrek eremu magnetikoen sentipenak handitu egiten dizkiete. Horregatik, lainoek ortzia ezkutatzean, hegaztiek eremu magnetikoaren bidez topatzen omen dute bidea. Uso mezulariaren buruan aurkitutako magnetitak baiezta dezake txorien sentikortasuna magnetismoarekiko. Hegazti saldoak Laster Euskal Herriko zeruaren arbelean antzarek, ahateek, kurriloek eta ubarroiek txukun asko idatziko dituzten V itxurako hizkiak ikusteko parada ederra izango dugu. Horrelako itxura hartuta, aurreko txoriek babesa ematen dute atzetik datozen ahulei laguntzeko. Dietrich Hummel ingeniari aeronautikoak baieztatu ahal izan du teknika hori erabilita txori saldoek %23ko energia aurrezten dutela. Halako taldeak osaturik, txorien ikuspegia zabalagoa izaten da eta lasterketa bizi horretan (antzarak eta kurriloak kenduta) oso espezie gutxi izango dira beren kumeez arduratuko direnak. Txori gazte gehienek inolako laguntzarik gabe aurrera egingo dute lekua ezagutu ez arren. Gure begietarako horren ikusgarriak ez dira izango, baina usoak, enarak, txontak... eta antzeko eguneko migratzaileek ere saldo handiak egingo dituzte, eta batzuetan espezie bat baino gehiago osatua. Paparurdina. (Juan Luis Mugertza Unanue) Txori gehienek 1.200 metrotik gora ez badute egiten ere, batzuek Himalaia mendikatea gurutzatzen dute. Harrapari batzuek eta zikoinek itsas gaineko ibilbide luzeak ekiditen dituzte, gorako aire korronteez baliatzen direlako eguzkiak lurra berotzean. Bidaiarik luzeena egiten duen espeziea ipar-txenada ei da, 3.000 kilometro pasatxo. Baina zergatik horrenbeste kilometro egin? Zein da hegaztiak lekuz aldatzeko arrazoia? Europako iparraldeko negu gorriko leiak, elurrak eta hotzak hegazti asko lekuz aldatzera behartuko dituzte. Dena den, bestelako baldintzek eraginda mugituko dira sasoi honetan txori multzo handiak. Urtaro aldaketak belardi mota asko zimelduko du, eta haziak baino ez dira geldituko. Zuhaitz eta zuhaixkei ere beste horrenbeste gertatuko zaie, eta udaberriak horren txukun apaindutako hostoak galduko dituzte. Anfibioak hezetasunaren usainera murgildu edota lurperatuko dira, eta birigarroak horren gogoko dauzkan barraskiloek beraien burua oskoletan gordeko dute. Migraziora ez jotzeak elikadura aldatu beharra dakar, eta hori ez dago edozein txoriren bizi-baldintzetan. Gainontzeko argudioak kontuan hartzekoak badira ere, elikagairik eza aipatu behar da beste guztien gainetik. Migrazioaren tamainak Hegan egiteko abilidadea dela eta, txoriak dira gehien mugitzen diren animaliak (bestelako migrazioak ere badaude: arrainena, zenbait animaliarena...). Migrazio sasoian milioika txori abiatzen dira munduko bazter askotatik munduko bazter askotara. Dena den, txorietan ematen den migrazioa hiru ibilbidetan bereizi beharko genuke: ibilbide luzeko migratzaileak, ibilbide motzekoak eta migratzaile altitudinalak.Lehenengo multzokoak ipar hemisferioan bizi dira (Europa, Asia eta Ipar Amerika), ipar polotik gertu. Paraje haietako eguraldi aldaketa handia izan ohi da, eta udan bero eta janari oparoa egon bitartean, neguan ezer gutxi dago. Hego hemisferioan egoera aldatu egiten da: lur masak hego polotik urrutiago baitaude; beraz, eguraldia ez da horren gogorra eta janaria urte osoan egonkorragoa da. Hango espezie asko ez dira inora joaten. Ibilbide luzeko migratzaileen artean ipar-txenada (Sterna arctina), edota amiamoko zuria (Cicoina cicoina) daude. Ibilbide motzeko txoriak Europa barruan mugitzen dira; gehienetan, itsasaldeko mediterranear guneetara jotzen dute, non eguraldia antzekoa den. Egunez migratzen diren txorien artean txonta arrunta (Fringilla coelebs) eta kardantxiloa (Carduelis carduelis) ditugu. Eta gauekoetan txantxangorria (Erithacus rubecula), birigarroak (Turdus sp.) eta zenbait limikola ere aipa daitezke: antxeta (Laridae), txenada (Sterminae), ahateak (Anatini)... Birigarroa. (Juan Luis Mugertza Unanue) Txilinporta-urrebelarria. (Juan Luis Mugertza Unanue) Eguneko migratzaileek 50-100 kilometro egin bitartean, gauekoek 200-400 egiten dituzte. Azken horiek gau osoan gelditu gabe hegoei eragiten diete. Gaueko migratzaileek egun argitako txoriek ez bezala elkarrekin joateko joera handirik ez dute. Laponiako Urubia. (Juan Luis Mugertza Unanue)Mozoloa. (Juan Luis Mugertza Unanue) Bidaiaren oztopoak Badaude egunez zein gauez migratzen direnak; esaterako, hegatxabalak (Alauda arvensis). Espezie hauek geroago hasten dira migratzen eta ibilbide luzekoak baino lehenago bueltatzen dira. Eta azken multzokoak, hots, migratzaile altitudinalak mendi-txirriskila (Serinus citrinella) eta zozo paparzuria (Tordus torquatus) mendi altuetatik mendi txikitara joaten dira. Espezie hauek udazken bukaera aldera migratzen dira eta udaberrian bueltatzen kumeak txitatzeko. Txori guztiek hegan egiteko ahalmena badute ere, oso espezie gutxi –itsasokoak, enarak, sorbeltzak eta zenbait harrapari– dira hegan doazela beren sabela betetzeko trebezia dutenak. Horrelako balentria egiteko gai ez diren espezieek itsasoak edo basamortuak igarotzean zenbait egun jan gabe ematen dute. Bizirik irauteko, hegazti gehienek energia erreserbak izaten dituzte gorputzean pilatuta: karbohidrato, proteina edo gantza. Gantza erretzean ura sortzen da, eta horrek garrantzi handia dauka herrialde beroak igarotzerakoan. Hori dela eta, abiatu aurretik txoriek asko jan behar izan ohi dute. Zenbait espeziek beren pisua bikoiztu egiten dute. Koartza-hauskara. (Juan Luis Mugertza Unanue) Janariarena oztopo handia bada ere, hor ez da bukatuko proba luze eta gogor horretan parte hartuko duten hegaztien kalbarioa. Batzuetan, eguraldi txarra saiatuko da enbarazua egiten. Besteetan, laino itsua ez bada, kontrako haize indartsuak izango dituzte itxaroten eta hantxe egongo dira ilargiari, izarrei edota bidea ondo erakutsiko duenari begira. Hala ere, behin baino gehiagotan galdu egingo dira eta paraje ezezagunetan agertuko dira. Horrelako txoriak oso estimatuak izan ohi dira ornitologoen artean; iaz, esaterako, Erandioko Lamiakon sasi-txori zurixka ikusi zuten errepide ondoko lezkadian. Harrapari asko (gabiraiak, belatzak...) mendi-lepoetan edo pasako talaietan izango dira zelatan harrapakinari kolpe emateko prest.Naturaren zikloak berez sortutako larritasunari gehitu behar zaio gizakiok geure probetxurako eragindakoa. Nekazaritza intentsiboko lurraldeetan lehorteak direla, linea elektrikoak direla, ehiza dela... bidaiaren arriskua areagotu egingo dute. Bird Life Maltak egindako ikerketa batek dio Maltako artxipelagoan, Siziliako hegoaldean, hango ehiztariek urtero 5.000 harrapari akabatzen dituztela. Tartean arrano sugezaleak (Circaetus gallicus), arrano arrantzaleak (Pandion haliaetus), eleonor belatzak (Falco eleonorae) eta zuhaitz belatzak (Falco subbtueo). Arabiar lurraldeetan ere oso ohikoa da gabiraia (Accpiter nisus) sare batez harrapatzea, gero saltzeko edota zetrerian erabiltzeko. Oilagorra. (Juan Luis Mugertza Unanue) Parajeen hautatzea eta lehia Bidaia, azkenik, baso tropikalaren hego muturrean edo sabanako arboladietan amaituko da. Afrikara lehenbiziko aldiz iristen diren hegaztiek moldatu beharra izango dute, eta toki batetik bestera ibiliko dira. Hango klima, fauna, elikagaiak, lehiakideak... ezezagunak egingo zaizkie, baina ez dute inolako arazorik izango hangoen bizi-baldintzetara egokitzeko. Europatik eta Asiatik joandako txoriak eurite sasoian helduko dira Afrikara, eta janaria nonahi izango dute. Okil berdea. (Juan Luis Mugertza Unanue) Egunak laburrak eta beroak direnez, Europan baino energia gutxiago kontsumituko dute. Afrikara negu-pasa egitera joandako txoriak lau bat milioi izan arren, oso ondo konponduko dira hango hegaztiekin. Han daudela, berriz, lumajea aldatuko dute, eta martxo aldera prest egongo dira itzultzeko. Borrokalaria. (Juan Luis Mugertza Unanue) Baina nola jakingo dute itzuli behar dutela, eta denbora gutxiren buruan Afrikako sabanak lehortu egingo direla eta txorikumeak hazteko ezer gutxi eskainiko diela? Berriro, barreneko erlojuak aginduko die iparraldera abiatzeko, udazkenean hegoaldera agindu zien bezala. Orain guri horren maitagarriak diren hegaztiei ongietorria ematea eta errespetua erakustea baino ez zaigu falta. BIDAIA ON!