01 OCT. 2022 - 06:45h Haurrak eta teknologia berriak, badira kezkarako motiboak Haur eta nerabeek teknologia berriez egiten duten erabilera deskribatu du Macsonrisas proiektuaren txosten berri batek LH, DBH eta Lanbide Hezkiketako ikasleekin, familiekin eta irakasleekin izandako makina bat saiotan oinarrituta. Kezkarako hainbat motibo dago. Haur bat bideojokoetan. (Iñigo URIZ | FOKU) Nerea Goti Ikasturtez ikasturte, gero eta indar gehiagorekin mahai gainean agertzen den gaia da heziketa digitala, haur eta nerabeen artean erabilerak duen bilakaera kontuan hartuta, eta batez ere erabilera denbora eta moduekin sor daitezkeen arriskuei erreparatuz. Bistan da covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako konfinamenduarekin eta ondorengo harreman sozialen murrizketarekin, orokorrean, baina batez ere haur eta nerabeen artean, izugarrizko gorakada izan zuela teknologia berrien erabilerak. Aisialdian ez ezik, eskola munduan ere azkartu da digitalizazio prozesua. Edonon daude pantailak, konexioa... Normaltasunerako itzulera bete-betean, hor jarraitzen du gazteen erabilera handi horrek, handiegiak batzuetan, baita erabilera ezegokiari lotutako arriskuek ere, horietaz gehiegi jabetzen ez bagara ere. Egoeraren inguruko zertzelada batzuk eman ditu berriz Macsonrisas proiektuak, pasa den ikasturtean ikasleekin, familiekin eta irakasleekin egindako saioetan ikusi eta entzundakoa oinarri hartuta, eta laburbilduz hiru ondorio nagusi atera daitezke: dispositibo digitalak, sare sozialak, online jokoak… gero eta adin txikiagoarekin erabiltzen dituzte Lehen Hezkuntzan, gero eta erabilera denbora luzeagoa dute aste barruan eta, batez ere, asteburuan, eta oro har ezjakintasun handia dago mundu digital horren atzean dauden arriskuen inguruan, bai haurren artean, bai familian eta bai eskola munduan. Erasoez ere ohartarazi dute: «Eraso digital larrien kasu asko ikusten hasi gara». Gazteen artean, gainera, jazarpenaz, eta «sextorsioaz» ohartarazten dute, baita fenomeno berri batez ere: online donazioez. Pasa den ikasturtean, 84 ikastetxetan, ikasleekin 1.300 saio baino gehiago egin zituen Macsonrisasek. Familiekin 130 saio egin zituen, eta beste 60, irakasleekin. Horietan ikusitako esperientziarekin josi du bere azken txostena. Komeni da gogoan izatea «teknologiaren erabilera kontzientea, segurua eta osasungarria sustatzea» helburu duen proiektua dela Macsonrisas, eta ikuspuntu horretatik, arriskuen ohartarazpena dela ematen duten formakuntzaren ardatz nagusietako bat. Ikusten ez diren arriskuak Hortaz, erabilera egokiaz eta arriskuez hitz egitea tokatzen zaie, eta ikuspegi horretatik panorama ilunagoa marrazten du esperientziak. «Arriskuekin lan egiten dugu; beraz, gure begirada ezkorra da», dio Julen Linazasoro proiektuko arduradunak. Finean, arriskua ez dira teknologia berriak, adin txikikoek horietaz egiten duten erabilera baizik; eta mundu horretan, helduak oraindik apur bat despistatuta dabiltzala ondorioztatzen du esperientziak. Hego Euskal Herrian, Lehen Hezkuntzan (LH), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketan egin dituzten saioetan ikusitakoan oinarritu da txostena. Formakuntza ez da ikastetxeetan emandako saioetara mugatzen, hainbat kultur etxe, liburutegi, gazteleku eta enpresak eskatu zuten heziketa digitala. Udan, Donostian izandako Biktimologia Munduko Elkartearen Nazioarteko sinposioan hartu zuen parte Macsonrisasek. Emaitzak bi multzotan banatu dituzte, LHn eta DBHn antzemandako paisaia digitala bereizteko. Eskolako lehen etapa horretan, adin txikiagoko erabiltzaile gehiago aurkitu dituztela diote, eta urtero ikusten duten joera berresten du horrek. Izan ere, LHko 3. mailan hasten dira. «Erabiltzen dituzten online joko guztiak esaten dizkigute inolako estalkirik gabe», diote, eta horietako gehienak 12 urtetik gorako jokalarientzat pentsatuta daude. «Ikusi dugu 3. mailakoek egiten duten erabilera uste genuena baino askoz okerragoa dela: erabilera denbora luzeagoak, eurak baino askoz zaharragoentzako diren jokoak, eta denak ez badira ere, sare sozialetan hasten diren asko», zehaztu du Linazasorok. Batez ere online jokoekin lotuta, entzun eta jasaten dituzten irainak eta mespretxu hitzak azpimarratzen dituzte formakuntza ematen duten adituek. Horien «normalizazioaz» ohartarazi dute. «Niño rata» bezalako irainak aipatzen ditu adibide gisa Linazasorok. «Ez dituzte irain gisa identifikatzen, eta normaltasunez erabiltzen dituzte euren artean min eman nahi ez dutenean ere», erantsi du. Jokoetan, huts egiten dutenean ohikoak izaten diren haserrealdiak edo jokoetako protagonisten arteko elkarrizketetan agertzen diren gai desegokiak (indarkeria, pornografia, matxismoa…) aipatzen dira txostenean, baita streamer-ek egiten duten haserrealdien imitazioa ere. Sare sozialetan, 3. mailan Sare sozialen erabilerarekin lotuta, ikusi dute LHko 4, 5 eta 6. mailetan ohikoak direla Tik-Tok, Youtube, Twitch, WhatsApp edo Instagram, baina «harriduraz» ikusi dute dagoeneko 3. mailako ikasle batzuek ere erabiltzen dituztela. Sare gehienak 13 urtetik gorakoentzat direla gogoratzen dute. TikToken erabilerari aparteko kapitulua eskaini diote, ezezagunekin kontaktuan egoteko arriskua dakarrelako, eta eduki desegokiengatik edo Pornhub bezalako plataforma batzuetarako ematen duen sarbide zuzenagatik. Sare horretara (eta beste zenbaitetara) igotzen diren bideoak ere aipatzen dituzte, haurrak ez baitira konturatzen irudiak eta eman duten informazioa noraino irits daitezkeen. Erronkak egitearena da zabaldu den beste fenomeno bat. Linazasororen hitzetan, arrisku nabarmena duten batzuk egin dira ospetsu azken boladan, “mataleon” delakoa tartean (karate teknika batekin laguna konorterik gabe uztean datza) edo 48 ordutan desagertzea eta familia eta lagunen erreakzioak grabatzea. Edozein testuingurutan, pribatutasunaren babesa da huts egiten duen beste kapituluetako bat. «Badakite ezezagunei ez dietela informazio pribaturik eman behar», baina ez dira jabetzen konturatu gabe ematen dutela, eta «ez dakite euren kontuak babesten». Horrez gain, egiten duten erabilerak familiaren gainbegiradarik ez duela izaten dio txostenak, eta haur eta gazteek ezezagunaren figuraren inguruaren egiten duten okerreko identifikazioaz ohartarazten du: «Haientzat ezezaguna izateari uzten dio joko berean jokatzen badu eta edozer gauza kontatzen badie edo euren kideek ezezagun hori sare sozial batean jarraitzen badute». Era berean, gatazkak nola prozesatzen dituzten aipatzen dute adituek, eta diotenez, «bihurrikeria txikiak» balira bezala hartzen dituzte. «Askotan ez dira gai euren ekintzek izan ditzaketen ondorioak, eta beste pertsona batzuen aurkako hitzak eta arriskuak ikusteko». Deigarria da etxe bakoitzaren errenta ekonomikoen araberako errealitate ezberdinak atzematea. «Ikusi dugu baliabide gehiagoko familietan denbora gehiago ematen dutela etxean, eta Lehen Hezkuntzan kontrolatuko dituztela seme-alabak. Baliabide gutxiko etxeetan, lan piloarekin, ezin diozu agian heziketa digitalari hainbeste denbora eskaini, eta batzuetan ez dituzte gurasoen kontrola bezalako tresnak ezagutzen», esplikatu du Linazasorok. %40k 2 eta 5 ordu artean Smartphonearen eta sare sozialen erabilera inon orokortuta badago DBHn da. 13 eta 17 urte bitarteko kolektibo horretan telefonorik edo sare sozialik ez daukan gaztea «taldetik kanpo geratzeko benetako arriskuan» dago, txostenaren arabera, eta adin tarte horretan, nahiko orokortuta dago, era berean, pantailak denbora luzeegian erabiltzea. DBHko 2.100 ikasleren artean eskola orduetatik kanpo pantailen aurrean ematen duten denboraz egindako inkesta baten arabera: nerabeen %40,7 bi eta bost ordu bitartean egoten dira konektatuta, %22 zero eta bi ordu artean, eta %12, zortzi ordu baino gehiago. Demaseko erabilera horretan, denboraren nozioaren galera aipatzen dute adituek, eta eransten dute askok onartzen dutela ez direla erabilera denbora murrizteko gai. Estatuko Pediatria Elkarteak konfinamendurako emandako aholkua erreferentzia modura hartzen badugu, egunean gehienez bi ordu gomendatzen da 6 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeentzat. Beste gai kezkagarri bat kontuen babesa da. Txikienen artean kontuen babesa ohikoa ez den bezala, gazteen artean ere oso gutxik babesten dutela dio txostenak, baina kezka nagusietako bat pornografiaren kontsumoarekin, eta batez ere «sexting» delakoarekin lotuta dago. Izan ere, «ikasturte bereko adingabeen arteko eta ikasturte desberdinetako adingabeen arteko ‘sextorsio’ kasuak» ikusten dituztela diote Macsonrisaseko hezitzaileek, baita Google Driven eta Dropbox bezalako zerbitzuetan «pertsona baten argazki edo bideo erotiko/sentsualen multzoak» diren ‘pack’-ak maneiatzen dituztela ere. Izaera sexualeko edukien harira eta jazarpen digitalaren inguruan ikusten dituzten kasu ugarien harira egon daitezkeen delituez ohartarazten dute adituek. Azken txosten honetan berretsi dutenez, «ez dakite legea Interneten ere aplikatzen dela, eta egunero egiten dituzten ekintza asko delituak direla». Egiten dutenak ondoriorik izango ez duelako uste faltsua dago. «Kontuan izan behar dugu, adin txikikoen argazki sexualak izatea haur pornografia edukitzea dela, argazkiak edo bideoak partekatzea haur pornografia banatzea dela... oso delitu serioak dira. Gazteek ez dituzte gauza horiek kontuan izaten, baina oso arriskutsuak izateaz gain, delitua izan daiteke», azpimarratu du Julen Linazasorok. Online donazioak DBHko ikasleen artean adikzio ezberdinetan erortzeko arriskua ikusten dute hezitzaileek, baina azkenaldian nahiko hedatu den online donazioen fenomeno berriaren inguruan ohartarazi nahi izan dute. Modan omen dagoen praktika zabala da gustuko streamerari dohaintza ekonomikoak egitea euren lanean laguntzeko. Macsonrisaseko hezitzaileek ikusi dute batzuetan lehia egiten dela gazteen artean, nork eman gehiago ikusteko, eta «askok duten diru guztia jartzen dute horretan», erantsi du Linazasorok. Kasu horietan, streamer-aren eskertza publikoki jasotzeak edo gaia zuzenean jorratzeak bultzatzen ditu gazteak horretara. Txostenak dioenez, diru kopuru txikiak izango dira agian, baina ikusten hasi da streamer milioidunek diru sarrerarik ez duten nerabeen donazioak jasotzea. Gai horren harira, Antonio Molina Fromm Ongizatea proiektuaren sortzailearen gogoeta dakar txostenak. Hain zuzen, halako dohaintzen arrazoiak lotura izango luke «nolabaiteko autoritatea duen ‘streamer’ edo ‘influencer’ batek» eurei garrantzia emateko beharrarekin, batzuetan «eguneroko bizitzan erreferenterik ez izateak edo haienganako emozio urruntasunak bultzatuta». Horregatik dio emaila publikoki aipatzeak beste milaka pertsonaren aurretik lehentasuna ematea bezala interpretatzen dutela gazteek. AHOLKU BEREZI BAT, GURASOEN ETA IKASTETXEETAKO WHATSAPP TALDEENTZAT Aplikazioen eta jokoen adin gomendagarriak errespetatzea eta pantaila aurrean ematen den denborari mugak jartzea bezalako gomendioen artean, mundu digitalaz «maiz hitz egitea» da adituek familiei egiten dieten eskaeretako bat, erabilera kontzientea bereizteko, arriskuez hitz egiteko... baina bada pribatutasunaren babesaren inguruan egiten duten dei berezi bat, helduen arriskuen pertzepzioa ere nahiko lausotuta agertzen dela ikusita. Unicefen 2021eko txosten baten emaitzak ekarri ditu gogora Macsonrisas-ek, kalkulatzen baita adingabeen %20k kontaktua dutela pederastekin. Horrelako hurbilketak detektatu dituztela diote azken txostenean, baina ezin dituztela kuantifikatu zehaztu dute. Pribatutasuna babesteko ezarpenak egitea da gurasoentzako lehen gomendioa, baina gurasoen Whatsappeko taldeetan partekatzen diren argazki horiei erreparatzea planteatu dute. Ikastetxeko ekitaldietan familiek egiten dituzten argazki horiek arin partekatzen ohi dira, «noraino hel daitezkeen kontuan hartu gabe». «Argazkiak txat batetik bestera ibiltzen dira eta azkenean ez dakizu nork ikusi dituen eta argazki horiekin zer egiten duen, kontrola galtzen da», azaldu dio GAUR8ri Julen Linazasorok. Argazki horiek pederasta baten eskuetan eror daitezkeela dio, baina horrez gain irudiek ematen duten informazioari erreparatzea eskatzen du. Sexu abusuen gorakada aipatu du, baita erasotzailea gertukoen artean egon daitekeela kontuan hartzea ere. Gomendioa da argazkiak ikastetxeak argitaratzea eta webgunerako sarbidea pasahitzekin egitea.