07 OCT. 2022 - 00:00h Zenoteak, babestu beharreko ondare natural eta kulturala Mexikoko Yucatan penintsulan zenote deituriko eraketa geologikoek bisitari ugari erakartzen dituzte urtero. Maien gurtze-guneak izan dira gaur egun arte eta ekosistema oso bat osatzen dute horietako askok, gainesplotazioak eta kutsadurak suntsitze-arriskuan jarri badituzte ere. Ik Kil zenotearen aireko bista. Chichén Itzá, Mexikoko Yucatango penintsula. Jonny Snowden (Getty Images) NAIZ Pablo Nerudak gonbidatuta Espainiako 1936ko gerrara abiatu aurretik, Octavio Paz idazle mexikarrak, etorkizun hurbila eta abizena gogoan, Mexikoko eremu baketsuenean igaro zituen egun batzuk: Yucatango penintsulan hain zuzen. Bertan, kareharrian urak zulatutako barrunbe batzuekin maitemindu zen. “Ts'ono'ot” esaten diote halako putzuei bazterrotako biztanle diren maiek, “zenote” izenean eratorri dena, “ur-zuloa”. Milioika urtez higatutako haitzulook deskribatu zituen Literatura Nobel saridunak “Entre la piedra y la flor” (“Harriaren eta lorearen artean”) poeman, harrizko aire eta ur hilobiak balira bezala deskribatu ere. Maiek mota guztietako eskaintzak -garai batean gizakienak ere- egiten dituzte bertan, eta, Carmen Rojas arkeologoaren hitzetan, zulook «hildakoen mundura atari edo leihoak dira», hau da, jainko, arbaso eta izaki mitikoak bizi diren lurraldera abiatzeko lekuak. Paz-en bisita eta ia mende batera, milaka turista hartzen dituzte Yucatan zulatzen duten ia 8.000 zenoteek. Lasaitasun bila eta inguruaren edertasunak, uren epeltasunak -24 gradu inguruan egoten ohi dira- edo maien sinesmenek erakarrita datoz. Era berean, nekazaritzako eta abeltzaintzako hamaika ustiategi jarri dira abian, ibairik ezean lur azpiko ura baliatuz. Gainesplotazioak isurketak eragin ditu, ekosistema paregabeon bioaniztasuna eta ur baliabideak galaraziz. Horren guziaren eraginez, jatorrizko herriek ondare natural eta kultural hau premiaz babes dezan eskatu diote Mexikoko Estatuari, baita eskubide subjektu gisa ere. Samantha Colli-Sulu Nazio Batuetako aholkulariaren arabera, «duten garrantzi zientifiko, kultural eta espiritualaz gain, familia askorentzat ekonomikoki irauteko aukera dira zenoteak». Masa turismoaren aurrean, anitz dira ekoturismoari esker, etxoletan ostatua edo tourrak eskainiz, sostengatzen diren kooperatiba maiak. Colli-Suluren ustez, «naturaren zaintzarekin eta honek sinbolizatzen duen guztiarekin lotura sakona duen antolaketa-modu bat dira». Izan ere, argi baitute, Paz-ek aipatu poeman nabarmendu bezala, «dirua amaigabea da eta basamortu amaigabeak sortzen ditu».