GAIAK

Zuberoa jatetxearen ateak urte amaieran itxiko dira

Hilario Arbelaitz sukaldariaren Zuberoa jatetxea abenduaren 30ean itxiko da, 53 urteko ibilbidearen ondoren. Euskal Sukaldaritza Berriaren zutabeetako batek sukaldea utziko du.

Hilario Arbelaitz sukaldaria, Zuberoa jatetxearen atarian (Gari Garaialde | FOKU)

53 urtez egon da Hilario Arbelaitz Zuberoako sukaldean, goizean goizetik gauera. 71 urterekin, erretiroa hartuko du eta abenduaren 30ean itxiko da Oiartzungo Zuberoa jatetxea. Euskal Gastronomian zutabe nagusienetako batek utziko du ofizioa, Michelin izar batekin.

Euskal sukalde tradizionalari eutsi, eta etengabeko gaurkotzean egindako lanagatik izan da ezaguna bere sukaldea. Mende erdi batez eutsi dio Zuberoaren arrakastari, eta horretarako bidea konpromisoa eta lana direla aldarrikatu izan du behin baino gehiagotan.

Aita hil eta amaren aginduz, Oiartzungo baserririk zaharrenean eraiki zuen Euxebio anaiarekin batera egun Zuberoa bezala ezagutzen dugun jatetxea. Auzoko taberna bakarra izatetik, erretegia izatera igaro eta Michelin izardun jatetxea izatera pasa zen. Bertan lanean hasi eta Ainhoa herriko Iturria jatxean egon zen hiru astez ikasten. Ordutik bilakaera handia izan badu ere, aitortzen du platera askok lehengo zaporea dutela: «Oraindik badaude platera asko lehengo sukaldearen zaporea daukatenak, baina aurkezpenean edota erablitzen diren bestelako produktuekin beste itxura bat ematen diegunak. Eta beste platera batzuk, berriz, ez dute zer ikusirik lehenoko sukaldearekin, baina berritzen joan gara. Hori izan da Zuberoako ibilbidea».

Sukalde berritua egin behar da Arbelaitzen ustez, baina sustraiei eutsiz, eta horretarako ahalegina egin du bere ibilbide osoan zehar. Euskal Sukaldaritza Berria mugimendu bezala oso indartsua izan zen Euskal Herrian, eta baita mugarri ere gastronomiaren munduan. Oiartzuarrak ere jarri zuen bertan bere alea, asko bidaiatu zuten eta bertako gastronomia munduan zehar zabaldu.

NAIZekin izandako azken elkarrizketan, gastronomia munduan erreleboa bazegoela aitortu zuen, belaunaldi berriak badatozela. Baina berak erreleborik gabe sukaldea ixtea erabaki du, antza.