21 OCT. 2022 - 13:11h ‘Uharte bat’ disko berriarekin «aztarna on bat» utzi nahi du Pier Paul Berzaitzek «Pozik naiz disko hau aurkezteaz, kontzertu zenbait ere emanen ditugu. Uste dut gauzak ongi eginak direla eta aztarna ona utziko dugula», adierazi du Pier Paul Berzaitzek Baionan ‘Uharte bat’ plazaratzean. Philippe de Ezkurra musikariak ekoitzi eta Victor Sanchezek grabatu du Elkar estudioan. Pier Paul Berzaitz eta Philippe de Ezkurra ‘Uharte-bat’ diskoa aurkezten, Baionan. (Bob EDME) Maider Iantzi «Abiadura handiko egun hauetan patxadaz entzuteko disko eder bat oparitu digute». Hala deskribatu du Elkar argitaletxeko Andres Camio ‘Jitu’-k Pier Paul Berzaitzen ‘Uharte bat’. Eusko Ikaskuntzaren Baionako egoitzan aurkeztu dute ostiral honetan eta abeslari zuberotarrarekin batera izan da lana ekoitzi duen Philippe de Ezkurra musikaria. «Beti erabiltzen ditut hiru mami edo ideia: amodioa, herria eta hizkuntza, eta baita espiritua ere. Juan de la Cruz poeta mistikoaren bi poesia itzuli ditut lan honetan», kontatu du Berzaitzek.Badira kantu berri anitz ere, eta bi kanta zaharrago sartu ditu: Mixel Labegerieren ‘Bakearen urtxoa’, eta duela 20 urte sortutako ‘Neurriak’. «Orduan pianoarekin egin nuen eta armonizazioa merezi zuela pentsatu nuen».«Azkenik, ‘Agur Maria’ bat idatzi dut 2008an zezen plazan egin nuen ‘Orreaga’ ikuskizunaren kari. Aldudeko lau neskak kantatzen dute, Lau Buru taldekoak dira. Gure kontzertuetan beraiena izanen da lehen tartea».«Plazer handia» izan da grabazioa. Giro ona izan dute eta artistak biziki eskertzen du hori. «Profesional onak izateaz gain pertsona onak dira inguruan izan ditudan lagunak, eta anitz hobe da horrela». Merkatua «zail» dagoela ikusten du. «Jendeak ez du diskorik erosten. Halere uste dut garrantzitsua dela, gauza materiala da, berantago egun batez errango dute ‘hori egin zen’, aztarna bat uzten dugu, bakoitzak berea, ez zaio utzi behar diskoak grabatzeari Euskal Herrian».«Pozik naiz disko hau aurkezteaz hemen, kontzertu zenbait ere emanen ditugu. Uste dut gauzak ongi eginak direla eta aztarna ona utziko dugula euskal memorian».Emozio handi baten sortzaileEkoizpen lanak egin dituen Philippe de Ezkurra musikariak Berzaitz eskertu nahi izan du bere proposamenarengatik. «Batzuetan erraza da eta bestetan ez hain erraza moldaketa, poesiaren eta estiloaren arabera. Desafio bat bezala hartu dut lan hori, gure kultura da, tradizionala da, baina Pier Paulen poesiak emozio handi bat sortzen du ene ustez, eta ene moldaketak emozio horretan sartu behar ziren, hor izan da nire lanik handiena».«Musika kasik akustikoa ematea pentsatu dut, hori ere inportantea izan da. Eta gero ia dena zuzenean grabatu dugu. Emeki egiten ditugu disko batzuk, eta dena elkarrekin grabatzeak beste emozio bat sortzen du. Elkar estudioa biziki ona da, gainera», azaldu du. Victor Sanchez ingeniariak egin du grabazioa.«Desafio handia zen niretzat baina espero dut ene musikak eta Pier Paulen ahotsak bere lekua hartzea», erran du musikariak.Kontzertua Atharratzen ‘Uharte bat’ diskoa Atharratzen aurkeztuko dute abenduaren 18an, 18.00etan elizan. Lau Buru taldea izanen da Pier Paul Berzaitzekin batera. Donibane Garazin jotzekoak dira gero. Bospasei kontzertu egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dituzte egunak finkatuak. «Paue eta Zuberoa artean bizi naiz erdi eta erdi, emaztea Pauekoa da bertan ere familia dugu», agertu du Berzaitzek. ‘Baratze bat’ disko entzutetsuaren egile eta Zuberoaren kantaria da. Baita Guk taldeko partaide izandakoa ere, Joanes Borda, Eneko Labegerie eta Beñat Sarasolarekin. 2019an argitaratu zuen aurreko diskoa Baionako orkestra sinfonikoarekin. Horretaz gain, hainbat pastoral idatzi eta zuzendu ditu (Harizpe, Atharratze jauregian, Madalena de Jaureguiberry eta Ramuntxo), antzezlanak sortu ditu (Elkanoren semeak, Euskal izpiritua) eta ‘Orreaga’ eta ‘Amaiur’ ikuskizunak estreinatu ditu.