GAIAK

Istanbulgo zisterna, urpeko jauregi-basilika misteriotsua

Kalean bertan eta aurrez aurre aurkitzen ditugu Istanbulgo monumentu ikusgarrienak, baina bada zoluak gordetzen duen lur gainekoen mailako jauregi miresgarri bat: Istanbulgo Zisterna, hiri honen kaleen zalapartatik atseden hartzeko parada ematen duena eta beste unibertso batera eramango gaituena.

Egun, zaharberritze lanen ostean, Istanbulgo zisternak duen eite misteriotsua. Yasin AKGUL (AFP)

Topkapi jauregia, Galata dorrea eta zubia, Santa Sofia meskita, Meskita Urdina… lurrean zut-zutik, zerua ferekatzen, dauden Istanbulgo monumentu ikusgarri eta adierazgarrienak dira. Hala ere, hiri osoan barrena badira lurpeko 60 bat ur-zisterna. Bizantziar garaian, K.o. VI. mendean, eraiki ziren eta guztien artean eder eta misteriotsuena Justiniano I.ak altxarazi zuen Urpeko Jauregi edo Zisterna Basilika deritzona da.

Hagia Sofiako hego-mendebaldean kokaturik, setio baten aurrean Konstantinoplako Jauregi Handia eta aldirietako biztanleak edateko ura eskuratu zezaten sortu zen, baita Topkapi jauregiko lorategiak ureztatzeko ere aurrerago. Izan ere, Erdi Aroan, hiritik at babesik gabe zeuden akueduktuen bidez eramaten zuten ura hiriraino. Azkar asko, hilabete batzuen buruan, amaitu zuten eraikitzen arkitekturaren harribitxi hau ehunka esklabok. Kondairak dio uharka hori osatzen duten estilo ezberdinetako eta marmolezko 336 zutabeetako batean negar malko bat dagoela zizelkaturik, eraikitzen ari zirela hil ziren esklaboei egindako omenaldi gisa.

Zisternaren tamainak harri eta zur uzten zaitu sartu bezain fite. Katedral baten tamaina du, 140 metro luze eta 65 metro zabal, eta, hainbat kalkuluren arabera, 80.000-100.000 metro kubiko ur bil zitzakeen. Otomandarren konkistaraino, 1453. urteraino, egon zen funtzionamenduan, baina ohitura eta sinesmen islamiarrengatik, ordutik aurrera erabiltzeari utzi zioten, urak, purua izateko, mugimenduan egon behar zuelako, ez geldirik. Hala, likido-biltegiratzea baztertu eta ahanzturaz blaitu zen lekua. Harik eta, XVI. mendearen erdialdean, Gyllus ikerlari holandarrak berriz ere deskubritu eta bere bidaia-koadernoetan aurkikuntza argitara eman zuen arte. Beren etxeetan ur-putzuak zeudela zioten hainbat bizilagunen testigantza izan zen gakoa. XIX. mendean zura biltzeko baliatu ostean, 1980ko hamarkadatik aurrera, tokiak duen interes eta edertasuna dela-eta, turismoarentzat berrireki zen.

Medusak buruz behera

Ordutik hona, ehunka zutaberen artean bi izan dira, batik bat, bisitarien arreta erakarri dutenak. Ipar-mendebaldean kokaturik dauden eta Medusa burua duten euskarri bi, zehazkiago. Lurpeko jauregi honen eraikuntzan birziklaturiko hainbat material erabili ziren. Horien artean, mitoz eta kondairaz beteriko erromatarren garaiko artelan handi pare hau. Teoriarik onartuenaren arabera, erromatar inperio berantiarreko beste eraikin batetik ekarriak dira. Ezbairik gabe, lekuaren atmosferak, zeinean isiltasuna eta iluntasuna diren nagusi, areagotzen du misterio hori.

Greziar mitologiaren arabera, Medusa hiru gorgonetako bat da. Ileen ordez buruan sugeak dituzten lurrazpiko munstro ahaltsuak ziren gorgonak. Ikerlari batzuen ustez, babes funtzioa izango lukete hemen, haien begiradak harri bihurtu baitzezakeen begiralea. Hori ekiditeko, ordea, zenbait euskarritan, kasu honetan bezala, alderantziz jarri zizkieten buruak, han sartzen zena harri bihur ez zezaten.

Medusen begiradapean filmatu dira hemen hainbat pelikula ezagun. Hala nola, Terence Youngen “Errusiatik maitasunez”, Sean Connery-k 007 agentea haragitzen zuelarik, eta, berrikiago, Tom Hanks protagonista eta Dan Brownen izen bereko eleberria oinarri duen “Inferno”-ren amaiera.

Are hauskaitzago, are misteriotsuago

Pandemiagatik eta zaharberritze lanengatik 2020. urtean itxi ondoren, Zisterna Basilikak berriz ere 2022ko uztailean ireki zizkien ateak bisitariei. Egitura guztia berrikusteaz gain, lurralde honetan ohikoak diren lurrikaren aurrean hauskaitzagoa bihurtu dute eraikina.

Arestian, txalupa txiki batzuekin sartu ohi ziren bertan baina, bisitak errazte aldera, hormigoizko pasabide bat eraiki zuten geroxeago. XXI. mendeko berrikuntzaz geroztik, aldiz, haren ordez ur-azalera gehiago hurbiltzen gaituen bide berri batek gidatzen gaitu zisternan barrena. Orain ur garden eta freskoetatik sortzen diren eskultura berriak ere ikusgai daude, izaera zirraragarriagoa emanez jada mistizismoz betetako lekuari.

Horrekin batera, uharkaren ataria birmoldatu dute eta argiztapen berria jarri; ur gainean urdin argi batek eta sabaiaren zubizuloetan gorrixka batek eteten du tokiaren iluntasun naturala. Museo gisara ere funtzionatzen du zisternak eta nazio mailako zein nazioarteko ekitaldi ugariren egoitza izan ohi da, baita musika emanaldi askorena ere bisitan bazara eta kontzerturen bat iragarrita ikusten baduzu, ez galdu aukera!. Hala ere, bisitarientzat aldaketarik nabarmenena “Argia” ardatz duen erakusketa da. Hemendik aurrera, argi ikuskizunak izango dira bertan, eraikin aparta ikuskizun are handiagoa bihurtuko dutenak.

GIDA PRAKTIKOA

Kokapena

Yerebatan kaleko 2. zenbakian dago Istanbulgo zisterna, Santa Sofia meskitatik mendebaldera. Tranbiaren T1 lineak aldameneko Sultanahmet geltokian utziko gaitu.

Ordutegia

Egunero goizeko 9:00etatik 17:30etara egon ohi da irekita.

Prezioa

Helduek 20 turkiar lira (1.10€) balio duen sarrera ordaindu behar dute. Ikasleek, berriz, prezio berezia dute: 5 lira (0.30€).

Aldirietan

Beste hainbat monumentu garrantzitsu dago Zisterna-Basilikaren inguruan, oinez 5 minutu baino gutxiagora. Hala nola, Santa Sofia meskita, Meskita Urdina, Turkiar eta Islamiar Artearen Museoa, Istanbulgo Arkeologi Museoa eta Cemberlitas Hamama. Hamaika munduko hiri bakarra osatzen dute Istanbulgo erdiguneko auzo zeharo ezberdinek.