GAIAK

EHUk Zientzia Astea ospatuko du azaroaren 9tik aurrera lau hiritan

Hedapen zientifikoko ekitaldia Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da, EHUren eskutik. Gastetxoen artean jakinmina pizteko xedea du Zientzia Asteak, eta ikastetxe zein publiko orokorrari zuzenduta dago.

Neskatila bat elektrizitatearekin jolasten txoko batean. (EHU)

EHUk gaztetxoen artean zientzia zabaltzeko asmoz, Zientzia Astea antolatu du beste behin. Azaroaren 10a eta 13aren artean ospatuko da Donostiako Tabakaleran, Barakaldoko Clara Campoamor gunean, Gasteizeko Bibat Museoan eta Bilboko Bizkaia Aretoan (azken honetan egitaraua egun bat lehenago hasiko da).

Doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak eta dibulgazio ikuskizunak, hala nola Zientzia Club ikuskizuna. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Ikastetxeek zein publiko orokorrak ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko du Zientzia Astearen webgunean. Bertan aurkitu ahal izango da ekimenari buruzko informazio zabala ere. Erreserbak egiteko hurrenkera kontuan hartuko da.

Egoitzetan txokoak egongo dira eta ikastetxeetarako ibilbide pedagogikoak antolatuko dira. Ibilbide horietan, txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar garatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko asmoz. Taldeak gehienez 15 pertsonakoak izango dira.

DBH eta Batxilergoko ikasleentzako bisitak azaroaren 9, 10 eta 11n egin ahal izango dira Bilbon eta Barakaldon, eta azaroaren 10 eta 11n Donostian eta Gasteizen.

Publiko orokorrak jarduera-programa zabala izango du egoitza guztietan, ordutegi honekin: astean zehar 17:00etatik aurrera eta asteburuan goizetik hasita.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz.