GAIAK

Sageztia, sagarra eta eztia bateratzen dituen edaria

Iparragirre, Iturrieta eta Ola sagardotegiak datorren udaberrian merkaturatzen hasiko dira Juan Zuriarrain enologoaren eta Leartiker zentro teknologikoaren lankidetzaz garatutako edari berria.

Proiektuaren hurrengo mugarria produktu-barietateen ekoizpen komertziala egitea da. (NAIZ)

Sagarra landatzen den lurretan ohikoa da polinizazioan modu naturalean laguntzen duten erleak aurkitzea. Sagardoa eta eztia edari berean bateratzea ohikoa da munduko zenbait herrialdetan, eta orain Euskal Herrian “Sageztia” izeneko proiektua jarri dute abian, sektore guztien parte-hartzea integratuz eta biodibertsitatearen zirkulua ixteko helburuarekin.

Izan ere, egungo kontsumitzaileak produktu eta aurkezpen berrien kontsumoarekiko duen interesa gero eta handiagoa da, eta produktu honek sagardo naturaletik eratorritako edari berri bat garatu nahi izan du, elaborazio-prozesuan eztia txertatuz.

Eta zein da edari berri honen zaporea? Edari gozo, ezti zaporekoa eta alkoholduna bada ere, sagar-muztioarekin egina dagoenez, sagarren azidotasun naturalak eta taninoek garraztasun eta astringentzia apur bat gehitzen diote, gozotasun hori orekatzen laguntzeko.

Lankidetza-proiektu honetan Iparragirre, Iturrieta eta Ola Sagardotegiek parte hartu dute, Juan Zuriarrain aholkulari enologikoaren eta Leartiker zentro teknologikoaren laguntzarekin,  eta Eusko Jaurlaritzaren eta LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren babesa jaso du.
Sagezti proiektuaren barruan sagarra eta eztia bateratzen dituen edariak definitu eta garatzen aritu dira. Leartikerren instalazioetan eta upeltegietan eskala pilotuan hainbat proba egin dira. Lan horren ondorioz, sagardo naturaletik eratorritako edariak lortzeko prozesuei buruzko ezagutza lortu da, sagar-muztioa eta eztia hartziduran txertatzen dutenak, eta emaitza bezala eztia balioesten duten kalitate sentsorialeko edari alkoholdunen gama berritzaile bat eman dutenak.

Produktu gama berri honek honako barietate hauek barne hartzen ditu: Sageztia, eztiarekin aromatizatutako sagardoa; Sagezti ardoa, 11 graduko alkoholdun sagar-ardoa; Sagezti aparduna, sagardo aparduna; eta Sagezti txiki, eztiarekin aromatizatutako sagardoa, botiletan aurkeztua.

Saritua Gijonen

Produktuen lehen prototipoak Asturiasko Gijonen irail amaieran egin zen Salon Internacional de les Sidres de Gala (SISGA) sarien 12. edizioan aurkeztu ziren. Ekitaldi hori aparteko eszenatoki bilakatu zen lantaldeak proiektua aurkeztu ahal izateko, eta publikoak produktuekiko interes handia erakutsi zuen.

Esperientzia aberasgarria izan zen Gijongoa, aurkeztutako lau Sagezti produktuetako bik saria irabazi baitzuten Zaporedun Sagardoen kategorian.

Hurrengo pausoak

Azaroan, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailearen eskutik,  proiektuaren aurkezpena egin zen sagarraren sektoreko profesional eta elkarteentzat, Astigarragan duten egoitzan.

Egitasmo honen jatorria, gauzatutako prozesuak eta emaitzak ezagutzera emateaz gain, Sagezti edari berrien dastaketa egin zen.

Proiektuaren hurrengo mugarria azkenengo kanpainan definitutako eta garatutako produktu-barietateen ekoizpen komertziala egitea da. Horregatik, Iparragirre, Iturrieta eta Ola sagardotegiak zeregin horretan buru-belarri dabiltza gaur egun, datorren udaberrian produktu berriak merkaturatu ahal izateko.