GAIAK

Hatortxu: «Gertu gaudela erakutsi duzue»

Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntza aseta agertu da larunbatean Atarrabian ospatu zen jaialdiak izan zuen harrerarekin eta mezu garbia helarazi du: «Gertu gaude, prest, denak etxeratzeko».

Hatortxu Rock jaialdia, Atarrabian. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

«Hitzak agortu egiten dira, urtez urte Hatortxu elkartasunez betetzen duzuenean». Esaldi horrekin laburtu du Hatortxu Rock elkartasun jaialdiko antolakuntzak larunbatean Atarrabian bizi izandakoak utzi duen sentipena. Oholtza gainean aritu zirenak, bolondres gisa lanean aritu zirenak eta jaialdira gerturako ziren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Baita mezu argi bat helarazi ere: «Gertu gaude, prest, denak etxeratzeko».

Zentzu horretan, gogora ekarri dute larunbatean Atarrabian bertan Xochitl Karasatorrek bere aitari, Iruñeko espetxetik Hatortxu zuzenean ikusten ari zela baliatuz, bidali zion mezua: «Gu hemen egongo gara zuen eskubideen alde borrokan, gaur bezela. Gertuago zaudetelako baina gu ere gertuago gaudelako! Azken presoa etxean egon arte ez gara geldituko».

Hatortxu Rocken 27. edizioa ‘Gertu ditugu, gertu gaude’ lelopean ospatu da. Antolakuntzatik baieztatu dutenez, «lelo hori sinetsita atera gara zitatik. Milaka lagunek egin genuen bat elkartasun gau erraldoi berri bat bizitzeko. Ozen esateko, beste behin, behingoz amaitu beharra dagoela dispertsio politikarekin eta euskal errepresaliatu politiko guztiak etxean egoteko garaia gaudela. Gertu gaude, prest, azken pauso hori emateko».

Azken hilabeteetan dispertsioarekin amaitu eta presoen afera konponbidean jartzeko aurrerapausoak eman badira ere, «oraindik bidea eta lana» badagoela ziurtatu dute, baita orain arteko aurrerapauso horiek ez dira «inertzia edo denboraren eraginez» izan ere. «Herritar ugarik hamarkadetan zehar egin duten lanari esker izan da. Atarrabian bizitakoa, horren erakustaldi berri bat izan zen», azaldu dute.

Antolakuntzak nabarmedu du egindako lanaren eta egiteko dagoenaren adierazgarri izan zela jaialdian Etxerat, Sare, Herrira, Mirentxin eta beste zenbait ekimen presente egotea. «Luzeegi doan auzia da hau eta amaiera jartzeko unea da, aspalditik. Hatortxuk, jai eremutik, bere aletxoa jarri zuen», aipatu dute.

Hatortxuren antolakuntzan 800 lagunek hartu dute parte eta oholtza gainera 18 talde igo dira.

Gune Segurua

Eraso matxistak ekiditeko jaialditik egin den lana ere balioan jarri dute antolatzaileek eta jaialdian emakumeen aurkako erasorik ez dela salatu eman dute jakitera. «Hatortxu Rock jai esparru bat da. Aldarrikapena jaiaren bitartez egiten duen ekimena. Eta atzokoan ez zen eraso matxistarik salatu Gune Seguruak eskaintzen dituen baliabide ugarietan. Argi daukagu horrek ez duela %100ean bermatzen eraso matxistarik izan ez zenik, baina eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutako guztiei denon artean Hatortxu Gune Seguru bihurtzen laguntzeagatik eta benetan giro oso goxoko gau bat posible egiteagatik», esan dute.