27 DIC. 2022 - 17:22h 2021ean Hego Euskal Herrian egindako abortuen ia %90 zentro pribatuetan egin zituzten Guztira, 4.591 abortu egin zituzten 2021. urtean Hego Euskal Herrian. %10,19 baino ez ziren egin Osakidetza eta Osasunbidearen sistema publikoetan, gainontzekoak zentro pribatuetan egin zituzten. Espainiar Osasun Ministerioak argitaratu ditu datuak, urteroko txostenean. Abortu gehienak ez dira sistema publikoaren baitan egiten Hego Euskal Herrian. (Gorka RUBIO | FOKU) NAIZ Joan den urtean Hego Euskal Herrian egin ziren 4.591 abortuetatik 468 baino ez ziren osasun sistema publikoen baitan egin, %10,19 alegia. Gainontzeko 4.123 abortuak, hau da, %89,81, zentro pribatuetan egin zituzten. 573 egin zituzten Araban, 1.866 Bizkaian, 1.195 Gipuzkoan eta 957 Nafarroan. Espainiar Osasun Ministerioak urtero argitaratzen duen txostenean zabaldu ditu datuok. Euskal Autonomia Erkidegoan alde handia dago zentro pribatuetan eta publikoetan egindako abortuen artean. Izan ere, hiru lurraldeetan egindako 3.634etatik 172 baino ez ziren Osakidetzan egin, %4,73a, hain zuzen ere. Beraz, %95,27a egin zen zentro pribaturen batean. Nafarroan aldiz, bestelakoak dira datuak. Izan ere, egindako 957 haurdunaldien borondatezko etenaldietatik %30,93 Osasunbidean egin zituzten. Gainontzeko %69,07ak egiteko, ordea, zentro pribatuetara jo zuten emakumeek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan abortatu duten emakume gehienek 20 eta 40 urte bitartean zituzten eta %42ak antisorgailuak erabiltzen zituen. Ia %6ak haurdunaldia haientzat arriskutsua zelako edo haurrek osasun arazo larriren bat zekartelako aukeratu zuten haurdunaldia etetea. Abortatu zuten emakumeen %8ak bi haur baino gehiago zituen dagoeneko. Nafarroan antzekoak dira datuak. Emakume gehienak 20 eta 40 urte bitartekoak ziren eta %44,82k antisorgailuak erabiltzen zituen. %8,46ak abortatu zuen haurdunaldia haientzat arriskutsua zelako edo haurrek osasun arazo larriren bat zekartelako eta %9k 2 ume baino gehiago zituen haurdunaldia eten zuen momentuan.