GAIAK
Entrevista
Anari Alberdi Santesteban
Musikaria eta idazlea

«‘Gari eta goroldiozko’ ni naiz, baina ez daukat batere interesik nire bizitza kontatzeko»

Urteak daramatza rock erritmoz jantzitako kontakizunak sortzen Anarik. ‘Gari eta goroldiozko’ lehen liburuan bizipen pertsonalak ditu abiapuntu. Selfie-a egiten hasi eta kameraren objektiboa handituz doa inguratzen duen errealitateaz hausnarketa zorrotza egiteko.  

Anari Alberdik liburua argitaratu berritan hartu du NAIZ. (Gorka RUBIO | FOKU)

Musikari bezala ohitua dago Anari Alberdi (Azkoitia, 1970) zaleen feed-backa zuzeneko saioetan jasotzen. Idazleek zailagoa izaten dute. Durangoko Azokak lehenik eta ondoren etorri diren aurkezpen ekitaldiek eman diote aukerarik. Pozik aurkitu dugu. Behin idatzitakoaz distantzia hartuta han-hemen egindako solasaldietan irakurleen iritziak eta sentipenak jasotzen ari da. «Irakurleek beste gauza batzuk ikusten dituzte. 110 orriko abestia dela esan didate batzuek, bada nire ahotsa entzun duenik ere. Bitxia da, ez nuen inoiz horretan pentsatu. Ederra da, baita literaturaz hitz egitea ere, eta saioek horretarako aukera eman didate», esan du. Letrek argia ikustea bidearen lehen zatia baita, orain hasi da bigarrena. Liburuaren bigarren bizitza.

Musikara eta literaturara emana dago azken urteotan Anari, momentuz behintzat irakasle lanak alboratuta. «Ordu asko eta oso ordu ederrak izan dira idazketari eskaini dizkiodanak».

Protagonistaren kontakizuna eta Anariri hausnarketarako bide ematen dioten testu txatalak ditu ardatz argitalpenak, lurrazpiko ur ikusezinez elkartutakoak. «Utzi egin diot ateratzen barruan era inkontzientean neukanari eta gero pentsatu dut horrekin zer egin», adierazi du.

Hasieran izan zuen zalantzarik, hala ere. «Nahiko gauza inklasifikablea denez, lagunak eta idazleak diren bizpahiru pertsonari bidali nien, ‘hau liburua izan daiteke?’ galdetuz. Haiek ‘horixe baietz!’ esan zidaten eta erantzun ona jaso tzeak indarra eman zidan jarraitzeko», kontatu du.

Anarik ez du erreparorik ‘Gari eta goroldiozko’ (Susa) nitik idatzia dela esateko. ‘Selfie poliedrikoa’ bezala definitu du. «Autorretratua da, norbera itzal beltza da –ez dago inoren izenik, ezta lekuen izenik ere– eta beltztasun hori da munduarekin eta zure aurrekoekin duzun lotura kosmikoa. Nire aita, ama eta anaia azaltzen dira liburuan, argazkiaren ‘contraluz’ hori dira». Kamera objektiboaren zoom-a irekiz doa Anari. «Selfiea egiten duzunean inguruan duzun dena harrapatzen du irudiak. Amatasuna, politika, geopolitika, ekologia, artea, soziologia, generoa, harremanak… horiek denak daude liburuan».

Gutxietsi

Ez du autofikzioaren etiketaren atzean ezkutatzeko beharrik sentitu. «Batetik, izen-abizenak behar ditu autofikzioak. Bestetik, termino literarioetan ez daukat arazorik autofikzioaz hitz egiteko, norbera erreala ez denarekin nahasten denean. Baina autofikzioa zure lana gutxiesteko erabiltzen dute gizonezkoek. Annie Ernaux-ek irabazi du Literatura Nobel Saria eta ‘zuek ez dakizue munduko gauza garrantzitsuez idazten, zuen buruaz bakarrik’, diote berari buruz», egin du gogoeta.

«‘Gari eta goroldiozko’ ni naiz baina ez daukat batere interesik nire bizitza kontatzeko, ez da batere interesgarria. Irakurri dudan azken liburua ‘Petare’ da, Leire Ibargurenek idatzia. Miren Egigurenena, hori bai da bizitza interesantea kontatzeko, ez nirea. Nire bizitzako datuak literatura sortzeko erabiltzen ditut, materia literarioa da. Ez dago nire intimitaterik edo nire intimitate osoa dago era berean. Roberto Bolañok zioen mundua ehun metroero aldatzen dela. Gauzak aldatuz doaz eta norbera ere bada hori», zehaztu du sortzaile azkoitiarrak.

Nabaria da literaturatik asko edaten duela Anarik. Erreferentzia literarioz zipriztindutako hitz aspertua izan da. «Oso literatura zalea naiz, literatura irakaslea naiz eta literaturaren analisia asko interesatzen zait. Liburuan badago beste geruza bat, ihintza bezalakoa, ikusten ez dena agian, metaliterarioa. Oso ondo pasatu dut behin idatzita dagoena nola desmontatu pentsatuz, literarioki zuku gehiago ateraz, idatziari beste filtro bat pasatuz... », dio.

Liburua irakurtzerakoan egilea hitz bakoitza zehaztasunez bilatzen irudikatu dugu. «Bai, horrela idatzita dago», dio. Trinkoa da, bigarren irakurketa eskatzen du. «Askok esan didate, laburra da baina badauka sakonera. Adjektibazio intentsoa du».

Poesia narrazio egina. «Planteatu nuen poesiaren lerro hautsietan kontatzea baina narrazio poetikoa izan zedin nahi nuen. Tenpo hori eskatzen du. Egin ahalko nuke testu post-modernoa, testu eta tipologia testual desberdinen hurrenkera. Olga Tokarczuk-en ‘Los errantes’ horixe da, inoiz bukatzen ez den ipuin zoragarria, barruan hainbat elementu dituena. Asko gustatu zait eta abestietatik gertuago legoke. Baina nire kasuan testu batzuk intimoak dira, autobiografikoak, eta narrazioa eta niretzat egia den argumentua behar nituen. Nire testu intimoa sartu behar badut egia baten barruan sartu behar dut. Behin aitarena esan dudanean lasai ikus dezaket pisu jaurtitzailea eta horrek ere nitaz hitz egiten du».

Denboraren joan-etorria

Denborak zeharkatutako lana da. «Elementu surrealista harrapaezina da denbora, liburuko istorioan bertan ere badago horren inguruko jolasa».

50 urteren jiran dago protagonista. Bizitzaren erdia joan zaionaren kontziente da –‘erdi bidea edo bidearen erdia’, dio liburuan–. «Genesia hor dago eta denbora asko daude liburuan», argitu du.

‘Zer’ baino gehiago ‘zertarako’ eta ‘nola’ galderei erantzun behar die literaturak azkoitiar sortzailearen esanetan. «Literaturan balioa izan dezakeen eran kontatu behar da literarioa izateko. Niri interesatzen zaidan literatura hori da. Ez da zer kontatzen dudan, zertarako baizik. ‘Zer da sentitzea zure amaren ama izatera pasatu zarela?’, galdera egiten dut bertan. Zure ama zutaz babestea. Krisi bat duzunean ala mamografia egin eta bigarren aldiz joateko deia jaso duzunean ama izango da jakiten azkena... alderantzizko zilbor-hestea».

«Katebegi antzua»

Ama ez izateaz ere hausnarketa egiteko bide ematen dio, ezagutu ez duen amona gogoan. «Katebegi antzua naiz, norbaitek izan behar zuen», esan du.

Gorka RUBIO (FOKU)

Bi bidaia egingo ditu irakurleak protagonistaren eskutik. Goroldio umelaren berde kolorea eta itsasoaren urdina ditu batak, gariaren horia besteak. Aitak herentzian utzitako paisaia lehena, amarengandik jasotakoa bigarrena.

Gurasoei lotutako bi bizipen izan zituen sorburu. «Aita 41 urterekin hil zen eta konturatu nintzen gure etxeko gazteeena bera dela. Eta 13 olibondo jaso nituen herentzian amaren familiaren aldetik».

Bizitzaren joanaren erdian, herentzian jasotakotik zer gorde eta zer bota erabaki beharko du protagonistak. Amaren familia-etxearen ganbara da horren metafora. «Herentzia materiala, antropologikoa, bizipenei lotua… da. Literaturan asko idazten da gure arbasoez. Ni ez naiz horren zalea, ez naiz hor sentitzen. Jasotzen dudanak balio behar dit nire bizitza bizitzeko, ez naiz batere nostalgika, ezta mistika ere».

Bere irakurlearen gehiengoa gipuzkoarra edo bizkaitarra denaren jakitun, hasieratik oso kontzienteki kontatu nahi izan zuen berea ere baden paisaia, «nire beste aldea eta oso erreala den Nafarroako paisaia. Eta hari lotutako gerra zibila, eta paisaiaren ustiaketa, gertakizun politiko denak… asko eman dit horrek denak», aitortu du.

Des-exotizazio nahia

Exotizaziorako arriskuari iskin eginez paisaia horrekiko distantzia kendu nahi izan du Anarik. «Kontatzen duguna ez da inoiz neutroa eta oso kontzienteki markatu dut nire ikuspuntua. Ez nuen nahi hartzea tono exotiko edo kostunbrista, hemendik begiratuta arrotza delako. Izan ere, Iruñeko irakurle batentzat arrotza itsasoa da eta ez paisaia hori. Nire bi paisaia dira eta Euskal Herriaren bi paisaia dira. Hori ere baneukan presente. Garrantzitsua zen paisaia horren des-exotizazioa baina era berean olibondoena kontatu nahi nuen. Olibondoak daude Euskal Herrian, Errigorak ikus arazi digun hori. Nafarroarekin egon daiteke muga politikoa, baina Araba ere igual-iguala da zentzu horretan», nabarmendu du.

Autoz doa protagonista. Ispilu erretrobisoreak iragana erakusten dio, aurreko kristalak oraina eta etorkizuna den errepidea. Bat dator egilea. «Jose Luis Otamendik esan zidan kotxeko kristala bera pertsonaia dela. Paisaiatik pasatu behar duzunean dena harrapatzeko ez dago mugimendua bezalakorik eta hortik sortu zitzaidan bidaia autoz egitearena», azaldu du.

Literaturgintza eta kantugintza eskua emanda datoz Anariren kasuan. Elkar elikatzen diren bi ur emari. «Nire azken abestiak erabat narratiboak dira», esan du.Azken proiektu honetan kantuak izan ezin zitezkeen testuetatik abiatu eta abesti bihur daitezkeen testuak ondu ditu. «Orain kantu berriak egiten jartzen banaiz egongo dira gauzak seguru asko hemen hasi eta beste leku batean bukatzen direnak ere», amaitu du.