GAIAK
Entrevista
Unai Etxebarria eta Koldo Etxebarria
Etxebarria aita-seme trikitilariak

«Betikoa egiteko, betikoak daude»

Nork ez ditu ezagutzen Etxebarria aita-semeak? Zenbat aldiz topatu gara haiekin edozein herriko edota auzoko jaietan? Unai eta Koldo Etxebarriak familia paregabe baten izena bizirik mantentzen dute; ‘Lau Belaunaldi’ izenburuko diskoa atera dute, eta ia ehun urteko historiari omenaldia egiteko.  

Etxebarria aita-semeak. (Raul Bogajo | FOKU)

Hasteko, kontatu iezaguzue pixka bat zelan hasi zen Etxebarria familiaren historia.

Unai Etxebarria: Orain dela 90 urte baino gehiago hasi zen gure historia, Eduardo birraititarekin. Orain lortu dugu 1924ko papertxo bat: Arrigorriagan jotzeko baimena eskatzeko dokumentua da eta, horrekin, duela ia ehun urte jotzen zuela frogatua dago. Dena den, lehenago jada jotzen zutela badakigu, baina ez dago dokumentaziorik erakusteko.

Eta zuen kasuan, nola hasi zineten jotzen?

Koldo Etxebarria: Ni hasi nintzen 1975an, 14 urterekin, aitarekin. Biok batera parte hartu genuen Euskal Herriko txapelketa desberdinetan eta modan zegoena eskaintzen genuen: fandangoa, arin-arina, porrusalda… formatu horretan hasi ginen, eta gero Unai hasi zen panderoarekin.

U.E.: Bai, hasi nintzen eurekin jotzen, baina apur bat ‘trasteatzen’. Hortik aurrera, nire kabuz, aititek emandako bi gauzekin, panderoa eta trikitia jotzen hasi nintzen, eta nire lehenengo emanaldia 11 urterekin eman nuen, Sukarrietan. Ordutik, orain arte: 18 urte jada! 16-17 urte nituela hasi nintzen profesional modura, ogibide bihurtu da. Hona heltzea kosta egin zaigu, baina lan eginez lortu egin dugu. Batzuetan bizitza gainbaloratu egiten dugu, eta, beharbada, gutxiagorekin bizitzen ikasi behar dugu.

K.E.: Lan gogorra da trikitilariarena. Orduak igarotzen dituzu jotzen, ez zaude etxean zure familia edo lagunekin, eta gauza asko utzi behar dituzu atzean. Baina, hau nahi baduzu, ez dago besterik.

Beno… behintzat giro ona daukazue lanean, ezta?

U.E.: [barrez] Giroa gorputzera sartzen da. Hasieran ez duzu giro hori barruan izaten, baina, urteak pasa ahala, konturatzen zara giro on hori zure gorputzean sortu egin behar duzula. Ez bakarrik instrumentuak jotzean, baita gorputzean ere, giro ona eduki behar duzu pertsona guztiak pozez bete ahal izateko.

«Inork euskaraz berba egiten ez duen auzo batera joan eta lau bider kontratatzen gaituzte, pandero eta trikitiarekin sortutako giroa gustatzen zaielako soilik, ez dute gehiago behar»

Edozein lekutan jo izan duzue edo arazoren bat izan duzue nonbait?

U. E.: Guri, normalean, ez digute ezer esaten, baina batzuetan, ikusi dugu gure kulturaren kontra dagoen zerbitzariren bat, adibidez. Beti errespetuz tratatu bagaituzte ere, bai esan digutela: ‘Igual podéis tocar un poco más lejos’, eta apur bat haserretzen zara… giro ona ekartzen gabiltza, jendea gurekin dator, edariak eskatzen dituzte, eta zuk kanpora bidaltzen gaituzu? Baina esaten dizudan bezala, ez dago hainbeste problema oraingoz. 

K.E.: Kasu horietan errepertorioa pixka bat aldatu behar duzu, beste gauza batzuk eskatzen baitizkizu publikoak: pasodoble bat, Barricada edo La Pegatinaren abesti bat…

U.E.: Dena den, azkeneko urteetan, ikusten ari gara auzo erdaldunetan behin eta berriro kontratatzen gaituztela. Honek erakusten du, batzuetan, euskara eta kultura ez direla horren inportanteak… beharbada, inork euskaraz berba egiten ez duen auzo batera joan eta lau bider kontratatzen gaituzte, pandero eta trikitiarekin sortutako giroa gustatzen zaielako soilik, ez dute gehiago behar.

K.E.: Baina hori gure karismarengatik ere bada, e? [barrez].

Normalean, asko jotzen duzue Euskal Herritik kanpo?

K.E.: Burgosen eta Kantabrian asko jotzen dugu, eta kasu horietan errepertorioaren %50 edo aldatu behar izaten dugu; han ez dakite euskaraz, bibainadak edo habanerak eskatzen dizkigute, eta baita euskarazko kanta mitikoak ere: ‘Txoriak txori’, ‘Lau teilatu’… Egia esan, kanpoan ere oso gustura aritzen gara abesten.

Trikitia eta panderoaren formatuaz aparte, jo izan duzue beste erregistro edo musika talderen batean?

K.E.: Bai. Nik 36 urtez berbena talde batean jo nuen, Arizgoiti izenekoa, baina pandemiarekin bukatu egin zen. Ze ondo pasatzen genuen! 

U.E.:Nik justu pandemia baino lehen grabatu nuen nire azken diskoa, baina antzokietatik bira egiten hasi behar nuenean etorri zen dena...  ez dut baztertzen birarena berriro abiatzea, baina aitarekin dudan proiektuarekin orain lan bolumen asko daukagu eta zaila da beste gauzekin koadratzea.

Pentsatzen duzue musika gure kultura eta tradizioa mantentzeko garrantzitsua dela, batez ere gure kasuan, euskal musikan?

U.E.: Bai, noski! Niretzat, behintzat, musika guztia da; musikarik ez badago, bizitza tristea bilakatzen da. Eta gainera, nire kasuan, edozein musikak balio dit. Euskal kulturari dagokionez, batzuetan tontoak dirudigu, kanpotik etortzen den musika entzuten baitugu eta ez diogu kasurik egiten etxean daukagunari. Gauza bera gertatzen da hizkuntzarekin, euskararekin: hemen kristoren altxorra daukagu eta ez dugu aprobetxatzen, uste dugu kanpokoa beti dela hobea eta ‘nire umeak ingelesa ikasiko du’ diogu... oso tristea da. Baina, beno, borrokan jarraitu behar dugu gure musika leku guztietan entzun dadin.

Nola bururatu zitzaizuen ‘Lau belaunaldi’ diskoa egiteko ideia? 

K.E.: Urte asko daramatzagu disko hau grabatzea pentsatzen, baina zenbait arazogatik eta denboragatik, orain arte ezin izan dugu egin. Baina hemen dago jada eta omenaldi gisa jarri diogu ‘Lau belaunaldi’ izena: gure historiako ehun urte biltzen ditu eta zerbait potentea egin behar genuen, gure familia bezalakorik ez duzu aurkituko eta!

Eta zelan aukeratu zenituzten diskoak bilduo zituen kantak? 

U.E.: Orain dela zazpi hilabete, sare sozialetan, bozketa bat egin genuen jendeak ze abesti hautatuko zituzkeen jakiteko; eta emanaldiak eskaintzera joaten ginen lekuetan ere galdetzen genuen. Egia esan, betikoak aukeratu zituen jendeak eta deigarria izan zen leku bakoitzean bere faboritoa zeukala jendeak.

Bitxikeria gisa, diskoan Barricadaren ‘No hay tregua’ eta Loquillo y Los Trogloditasen ‘El ritmo del garaje’ daude.

K.E.: Batzuetan, emanaldian gaudenean, galdetzen digute ‘oye, ¿no te sabes alguna de Loquillo?’, adibidez. Eta momentu horretan ateratzen dugu kanta eta gero beste leku batzuetan ere jotzen dugu. Azkenean,  horrela sortutako kantak gure errepertorioan geratu dira eta aproposa ikusi genituen diskoan sartzea.

Gustatzen zaizue tradizioa eta musika garaikidea nahastea?

U.E.: Guk pentsatzen dugu denetarik egin behar dugula; betikoa egiteko, betikoak daude. Gure bizibidea da herriz herri ibiltzea jendea entretenituz; poztasuna saltzen dugu eta, jendea gurekin denetan, haiek pozik egon daitezela da gure helburua.

K.E.: Betiko abestiak jo behar ditugu, dudarik gabe, baina disko honetan, adibidez, ez dago fandangorik edo arin-arinik… Bi edo hiru disko egin ditzakegu estilo tradizionalagoarekin, eta beharbada egunen batean egingo ditugu, baina orain hau egin nahi genuen.

Zaila izan da disko honen ekoizpena egitea?

U.E.: Grabaketa, ekoizpena eta nahasketa nik neuk egin dut. Nik informatika ikasi nuen, gero soinuarekin lotutako master batzuk egin nituen eta erraztasuna daukat horretarako. Beharbada ez dago estudio on baten mailan, baina nik uste dut ‘lau tresnarekin’ atera dugun soinua ona izan dela. Lan eta ordu asko daude atzean, baina oso pozik gaude.

Diskotik deigarria egiten den gauzetariko bat da konponketa gutxi daudela. Kantak zuzenekoetan trikitiarekin eta panderoarekin soilik jotzeko pentsatuta daude?

K.E.: Oinarria beti dira trikitia eta panderoa, eta bizpairu kantatan akordeoia eta gitarra ere badaude. Konponketa gutxi sartu ditugu, kolore pixka bat emateko soilik, abestiak janzteko, teklatua sartuz adibidez.

«Poliki-poliki gauza desberdinak sartzen ditugu. Musikaz aparte, mundua mugitzen duena fusioa dela uste dugu eta»

Asko nabaritzen da ahotsekin ere lan sakon bat egon dela. Nola landu duzue arlo hori?

U.E.: Ahotsak dira nire obsesioa. Ezin dut desafinatua dagoen ahotsik argitaratu, eta afinatzailea eta halako tresnak efektua emateko soilik erabiltzen ditut, ‘Alkate zinegotzi’ kantan bezala, baina oinarrizko ahotsa beti afinatuta dago. Abesti bat egin daiteke instrumentuarekin eta ahots pila bat sartuz, horrekin edonora joan zaitezke, eta emanaldi batean hori egiteko gauza bazara... la ostia zara! Baina egia da ahotsekin jolastea asko gustatzen zaigula.

Kanta asko geratu dira bigarren bolumen bat egiteko?

K.E.:  Guk hamar bolumen egiteko beste daukagu! [barrez]

U.E.: Bai, gure errepertorioak ez dauka amaierarik, baina poliki-poliki gauza desberdinak sartzen ditugu. Musikaz aparte, mundua mugitzen duena fusioa dela uste dugu eta.

Gustatuko litzaizueke disko hau eszenatokietan aurkeztea?

K.E.: Pentsatua dugu eta zer edo zer egingo dugu, baina orain lehentasuna itxita daukaguna egitea da, gero jarriko gara beste gauzetan pentsatzen. Orain, trikiti eta pandero formatuarekin lan asko daukagu, ez dugu hainbeste azpiegitura behar eta kontratazioak errazagoak dira.

Eta oporrak?

U.E.: Zer da hori? [barrez]… egun solteak hartzen ditugu, baina beno, emanaldiak lana diren arren, asko disfrutatzen dugu.