04 ENE. 2023 - 10:25h Las Terrazas Kubako nekazaritza- eta eko-turismoaren aitzindariak Musika, artea, historia, nekazaritza… giza sorkuntza anitzek, gizakiak berak eta naturak bat egiten duten gunea da Kubako Las Terrazas, non garapen jasangarrian oinarrituriko landa-esperientzia batetik proiektu komunitario bat garatzen den, Iraultzaren hasieratik irauten duen bakanetakoa izanik. Testua: Gaizka Martinez Argazkiak: Getty Images 1960ko hamarkadaren bukaeran, AEBetako mugimendu bakezale hippya eta Europako 1968ko Maiatza heterogeneoa sistema predatzaile baten josturak hautsi nahian zebiltzanean, Kubako Iraultzak hamar urte bete zituen eta, protesta antzuetatik ekintza eraldatzaileetarako pausoa emana zuen jadanik maila askotan. Urte horietan, ideia ekologistek, baina batez ere iraultzaileek bultzaturik, sortu zen Habanatik 60 bat kilometrora, Pinar del Rio hiriaren aldamenean (Artemisa probintzian), San Juan ibaiaren ertzetan, Las Terrazas proiektua. XX. mendean zehar ustiaketa eta oihan-galtze prozesu etengabea jasan zuen Sierra del Rosario mendilerro hezetsuan kokatzen da komunitate hau. Herrialde karibetarrean orobat bilatzen den hondartzan eta kulturan oinarrituriko masa-turismotik erabat aldenduta, ekologia eta artea biltzen ditu hasieratik bertatik Las Terrazasek. Langile talde batek sortu zuen Kubako estreinako komunitate jasangarri hau. Inguruko kobre-meategiengatik, kafe-landa zabalengatik eta basogintza basatiagatik kolonia garaitik heriotzara kondenaturik zegoen mendilerroko bioaniztasuna salbatu zuten, abian jarritako programari esker, eta artista, artisau, musikari eta kafe-laborariekin berpiztu, gune natural zoragarri hau. Getty Images 1985ean, Unescok Biosferaren Erreserba izendatu zuen Rosario mendilerroa eta, horren harira, komunitatea zonaldearen barruan izaki, turismoa berritzeko eta garatzeko planak sortzen hasi ziren, ordura arteko nekazaritza jarduna emeki-emeki berbideratuz. Ia hamar urte geroago agertu ziren, inguruarekin erabateko sinbiosian, Moka lau izarreko hotel ikonikoa eta Kubako lehen ostatu ekologikoa; ostatua eskaintzen duten hiribilduetako etxe partikular ugari, baita Kubako hegaztien izenez bataiaturiko hamaika landa-etxola ere; bertako produktuak eskaintzen dituzten jatetxe eta kafetegiak -Café de Mariaren kafe bikainak dastatu behar, bai ala bai-; nekazaritza-turismoan oinarritutako ostatu eta zerbitzuak, erakusketak eta artisauen atelierrak -aldez aurretik deitzea komeni, hagitzetan itxita egoten baitira tokiok-. Hala, hasierako amets zoro hura 1.000 biztanleko hiri sakabanatu bat izatera iritsi da. Urteko zenbait momentutan jendez gainezka egiten badu ere, gordetzen du oraindik txikitasun eta lasaitasunaren xarma gozoa. Lekuaren berezko edertasunagatik bertako eta atzerriko bisitariak erakartzen ditu berdin-berdin. Abenturazaleek, adibidez, Kuba guziko lehen canopy edo tirolina aurkitzen ahal dute bertan, zeinaren gainean gozatu ditzakete airetik, 1.600 metroko luzera duen kable batean zintzilik eta ziztu bizian, paisaia zoragarrion ikuspegiak. Airetik uretara jauzi eginez, arraun-txalupak eta uretako bizikletak alokatzen ahal dira San Juan lakuan ibiltzeko. Getty Images Naturazaleek, bestalde, inguruetan txangoak egiten ahal dituzte ehun espezie ezberdinetako hegazti exotikoz beteriko muino tropikal hostotsuak miretsiz. Mendi-ibilaldi aunitz egin daitezke bertan, seinaleztatutako bideetan barrena: San Claudio, El Contento, El Taburete, La Serafina, Las Delicias edota Valle del Bayate. Paseo luze baten ostean erlaxatu nahi duenak, berriz, naturan bertan bainuak hartzeko aukera dauka; bereziki gomendagarriak San Juan ibaian sortzen diren ur-jauzi freskoak eta Bayate bainuetxea. Era berean, Kubak kafe laborantzarekin duen lotura historikoa ere bertatik bertara ezagut daiteke, eremu hau izan baitzen haren sorlekua. Landa- eta nekazaritza-turismoaren zaleek komunitatearen barnealdeak ezagutzeko aukera dute, bizilagunekin hitz eta pitz ordutxoak eman, ekoizleak eta haien bizimodua bertatik bertara ezagutu, tradizioak partekatu… Hori guztia Hacienda Union-en egitea onena, non jatetxe eta lorategi tropikal eder bat dauden. Aldi berean, partzialki zaharberritutako Cafetal Buenavistaren hondakinak ere bisita daitezke, non jatetxe espezializatu bat ere badagoen. Irla guztian barrena hedaturik den izpiritu artistiko eta musikalak badu bere tokia txoko honetan. Bertako artisten erakusketak eta dendak aurkituko ditugu -gomendagarriena, Lester Campa nazioarteko artistaren galeria-, bai eta mundu osoan zehar ezagun egin zen Polo Montañez nezakari-kantariaren museo-etxea ere, bertan jaioa baita musikari autodidakta.