05 ENE. 2023 - 16:55h Asma ez-biralak gehiago eragiten die hirietan bizi dien haurrei, ikerketa baten arabera Estatu Batuetan egindako ikerketa batek argitu du asma ez-biralak gehiago eragiten diela hirietan bizi diren haur eta nerabeei, batez ere hirigune pobreetan. Hirietan bizi diren haur eta nerabeei gehiago eragiten die asma ez-biralak. (Getty Images) NAIZ Ozonoaren eta partikula esekien mailak diru-sarrera txikiko hiriguneetan bizi diren haur eta nerabeen asma ez-biralen krisiekin lotuta daude, Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalek (NIH) finantzatutako ikerketa baten arabera. Ikerketa Matthew Altman Washintongo Unibertistateko Medikuntza Eskolako irakasleak zuzendu du eta joan den asteazkenean argitaratu zen ‘The Lancet Planetary Health’ aldizkari zientifikoan. Ikertzaileek bi kutsatzaileren -ozonoaren eta materia-partikulen- mailen eta birusik gabeko asma krisien arteko harremana aztertu zuten, Estatu Batuetako bederatzi hiritako diru-sarrera txikiko auzoetan bizi diren 208 haurretan, sei eta 17 urte bitartekoak. Zientzialariek krisiek haurren ia %30ean birusik gabeko jatorria zutela zehaztu zuten. Hirietan bizi ez diren haurrekin egindako ikerketetan kopuru hau bi edo hiru aldiz murrizten da. Hugh Auchincloss Alergia eta Gaixotasun Infekziosoen Institutu Nazionaleko bitarteko zuzendariak zehaztu duenez, «ikerketa honek erakusten du pobretutako auzoetan bizi diren haurren aire-kutsatzaile espezifikoen eta asma ez-biralen krisien artean lotura irmoa dagoela, eta horrek indartu egiten du airearen kutsadura murrizteak giza osasuna hobetuko lukeela dioen ideia». Asma arnasbideen hantura kronikoaren ondorioa da. Krisi batean, bere estaldura handitzen da, inguratzen duten giharrak uzkurtu egiten dira eta mukositate gehiegi sortzen da, horrek guztiak airearen pasaera estutzen duelarik. Birusek eragindako asma-krisiak asko aztertu dira, baina infekzio horietatik aparte gertatzen direnak ez dira hainbeste ikertu.