05 ENE. 2023 - 13:53h Plataformetan eskuragarri dago Aranzazu Calleja eta Mursegoren ‘Irati’ filmaren soinu-banda Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregi ‘Mursegok’ konposatutako ‘Irati’ filmaren soinu-banda eskuragarri dago plataformetan, eta aurki formatu fisikoan lortu ahal izango da. Paul Urkijoren filma otsailaren 24an estreinatuko da zinema komertzialetan. Amaia Ereñaga Bilbo Ostegun honetatik aurrera, eskuragarri dago plataformetan (Spotify, Itunes, Youtube...) ‘Irati’ filmaren soinu-banda. Aranzazu Calleja (Bilbo, 1977) eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ren (Eibar, 1977) arteko bigarren kolaborazio-lana da zineman, ‘Akelarre’ (2020) eta gero. Aranzazu Calleja, Maite Arroitajauregi eta Paul Urkijo, grabazioan. ‘Akelarre’-rekin gertatu zen bezala (musika onenaren Goya saria irabazi zuen), ‘Irati’-rako egin duten konposizioa jatorrizko musika onenaren Goya sarirako izendatuta dago, eta, horrekin batera, ‘Izena duena bada’ abestia ere izendatu dute, Paul Urkijok idatzitako hitzak dituena, abesti onenaren kategoriarako. ‘Irati’ Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren bigarren film luzea da, ‘Errementari ’(2017) egin eta gero. Orain arte aurkeztu den zinema-jaialdietan hainbat sari jaso ditu, hala nola Sitgesen eta Malagako Fancine jaialdian. Zinema komertzialetan otsailaren 24an estreinatuko da. Kantaren testuaren orijinala, Paul Urkijok idatzita. Pelikula VIII. mendean girotuta dago, eta euskal mitologiako elementu magikoak eta pasarte historikoak uztartzen ditu, Orreagako bataila kasu. Soinu-bandak 35 abesti ditu, bikain nahasten dituztenak, alde batetik, Erdi Aroko abenturazko filmen epika −hari-instrumentuak, perkusioak eta koruak erabiliz− eta, bestetik, testura esperimental eta iradokitzaileagoak zati fantastikoetan. Plaza Mayor Company-ren edizioa da eta aurki formatu fisikoan eskuratu ahal izango da.