25 FEB. 2023 - 13:45h Oman, ezezagun hori Arabiar penintsulako ekialdeko kostaldean dago, eta Arabiar Emirerri Batuak, Yemen eta Saudi Arabia ditu mugakide. Omanek 4.527.000 biztanle ditu, eta 309.500 km². Lurraldearen % 80 basamortua da. Erlijio nagusia islama da, eta politikoki herrialdea monarkia absolutu batek gobernatzen du. Juan Luis Mugertza Urriaren 27an hasi zen gure bidaiaren odisea. Maskateko aireportura gauean heldu ginen, ohiko tramiteak egin genituen, eta Enterprise-ren bulegora abiatu ginen, aldez aurretik alokatutako autoa hartzeko asmoz. Nola ez dugula autorik? Ordainduta dago, barren! Beste konpainia batean bi eguneko beste auto bat alokatu, tarte horretan etengabe batera eta bestera deitu, ea baten batek egindako okerra zuzentzen zuen, eta, lo gutxi eginda, hurrengo egunean Maskateko kanpoaldean dagoen eraikuntza erlijiosorik garrantzitsuena eta handiena den Sultan Qaboos meskita ikustera joan ginen. 1970etik 2020ra gobernatu zuen sultanari zor dio izena. 20.000 fededunentzako edukiera du. Otoitz gelan zortzi tonako Swarovski kristalezko lanpara erraldoia, eta munduko pieza bateko alfonbrarik handiena du. Hurrengo geldiunea, Mutrah souk izan zen, Maskateko bazar handia. Hiriburua nor bere kabuz ezagutzea erraza bada ere, autoa beharrezkoa da, tamaina kontuan hartuta (53 km). Ekialde Hurbila eta zokoak sinonimoak dira, eta Maskaten aukera dago Omaneko zaharrenetako bat ikusteko. Dozenaka denda ikus daitezke intsentsuaren kearen artean, eta zaila da gozoki batzuk edo datil batzuk erosteko tentazioari eustea. Juan Luis MUGERTZA Omango leku gehiago ikusteko asmotan, kostatik hegoaldera 203 kilometroa egin genituen, Sur-era joateko. Bidean Bimman Sinkhole-n gelditu ginen. Harkaitzetan zizelatutako zulo handi honek 40 metro inguruko diametroa du, eta hango ura berdexka eta kristalinoa da. Ordu erdi bat uretan egin ostean, zangoen larruan arraintxoek emandako masaiaren kili-kilia gozatzen izan ginen, patxada ederrean, arroketan eserita. Beste 20 kilometro egin, eta Wadi Shab-en gelditu ginen, Omanen turista gehien erakartzen duen oasian. Ibilbidearen hasiera egiteko txalupa batean gurutzatu behar da ibaiaren beste aldera. Gero, 40-50 minutu inguru egin genituen oinez, paisaia ederrez, palmondoz eta mendi garaiz apainduta. Ibilbidean aflaj-ak ikusten dira, ureztatzeko ubide tradizionalak, herrialdeko lekurik urrunenetara ura eramaten dutenak. Zenbait ikerketa arkeologikoren arabera, aflaj ureztaketa sistemek 4.500 urte baino gehiago dituzte, nahiz eta aztarnarik zaharrenak VI. mendekoak izan. Oman bezalako herrialde lehor batean, aurkikuntza historikoa izan zen hau, nazioaren etorkizuna markatu zuena. Egun, aflaj-ak arriskuan daude, lurpeko uraren mailak behera egin duelako, nahiz eta komunitate askorentzat berebiziko garrantzia izaten jarraitzen duten. Haiek gabe ia ezinezkoa izango lukete ur korronterako sarbidea Omango komunitate askotan. UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen asmakizun hauek. Juan Luis MUGERTZA Sur, Sinbad marinelaren hiria Sur tamaina ertaineko hiria da, 50.000 biztanle inguru ditu, eta distira handieneko uneak bere ontziolek sortutako aberastasunari zor dizkio. Izan ere, bertan eraikitzen dituzte Omango ikur diren egurrezko itsasontzi tradizionalak: dhow-ak. Surek bere garrantzia izan zuen historian Omango sultanatua Zanzibarreraino hedatu zenean. Marco Polok eta Ibn Battutak aipatzen zuten 100 dhow -en flota izatera iritsi zela. 1861ean bi lurraldeak banandu ziren, eta dhow ospetsuek egiten zuten merkataritza lausotu egin zen. Hala ere, egun, dhowen fabrikazioak tamaina txikikoa den arren, bizirik jarraitzen du, omandar aberatsenen aisialdirako zein turistak eramateko erabiltzen baitira. Horren lekukoa da kaian bertan dagoen dhow fabrika. Barrukoa ikusteko sarrera moduko bat ordaindu behar izan genuen, eta, lanbide askotan bezala, langileak indiarrak eta bangladeshtarrak ziren. Ezinbestean, aurreko egunean errepide bazterrean kafe postu batean bangladeshtar kamarero batekin izandako elkarrizketa gogoratu zitzaigun. Gaztea zen, baina bi seme-alaba zituen. Bangladesheko muturreko egoeratik alde egin nahian, Omanera etorri, bertako batekin hiru urteko kontratua sinatu, pasaportea kendu eta egunean hamabi ordu lan egiten zuen, jai egunik gabe. “Familiarekin noiz bueltatuko naizen amets egiten dut egunero”. Eta guk, bitartean, hurrengo eguneko dortokak ikusteko plana buruan. Juan Luis MUGERTZA Ras Al Jinz Turtle Reserve, Omango dortoken paradisua Gaueko zortzi eta erdietan genuen hitzordua, eta 12-15 laguneko bi talde ginen, bakoitza bere gidariarekin, dortokekiko segurtasun neurriak eta errespetua azaltzeaz arduratzen zena. Orduan sasoirik onena ez izan arren, erretinan betiko grabatuta geratzen diren eszena eder horiek ikusteko aukera izan genuen. Zazpi dortoka espezieetatik bost ikus daitezke Omanen. Hala ere, espezierik ohikoena dortoka berdea da, eta horixe da guk ikusi genuena, nahiz eta dortoka kalamua, larrua eta Ridley dortoka oliba berdeak ere aldian-aldian etortzen diren. Dirudienez, milaka dortoka heltzen dira hondartzetara, eta, normalean, gutxienez dortoka bat izaten da urteko egun guztietan Ras Al Jinzen kumatzen. Dortoka baten ugaltze prozesuak bi ordu inguru irauten du. Izan ere, hainbat zulo egiten dituzte eta arrautzak bakarrean sartzen dituzte, harrapariak nahasteko. Errunaldiek bi aste iraun dezakete, eta 200 arrautza baino gehiago jartzen dituzte, eta horietatik oso gutxik iraungo dute. Oso polita izan zen dortoka helduak eta jaioberriak egindako itxasorako tartea ikustea. Hurrengo egunetan kosta aldetik barne aldera egin genuen, eta Omango bigarren hiri handiena, Nizwa ikusi genuen. Atsegina eta polita da, eta hiriko alde zaharrean Omango gotorlekurik zaharrenetako eta handienetako bat dago. Nizwa VI. eta VII. mendeetan Omango hiriburua eta merkataritza bide estrategikoa izan zen. Nizwako gotorlekuak gaztelu bat eta gotorleku bat konbinatzen zituen; Sultan Bin Saif Al Ya'rubi imanak eraiki zuen XVII. mendearen erdialdean, azken okupatzaile portugaldarrak Omanetik kanporatzeko. Horretarako, era guztietako trikimailuak eta tranpak erabili zituzten. Bitxienetakoa zen etsaiei eskailerak igo ahala olioa irakiten botatzeko tranpa-ateen sistema. Gotorlekuaren eraikuntza bukatzeko hamabi urte behar izan zituzten. Antzinako Omango arkitektura du, eta forma zirkularrengatik da berezia. Omanek, gotorlekuak ez ezik, gazteluak ere baditu, eta ederrenetakoa Jabrin-ek (Jabreen) du izena. Bahla hiriaren hegoaldean dago, Nizwatik ordu erdira, eta Omango garaiena da. Sultanak hantxe bizi ziren, eta 1675ean eraiki zuten. Bost solairu, 55 gela eta terraza erraldoi bat ditu, inguruko palmondoak eta Bahla hiriaren ikuspegi bikainak izateko. Ikasketa zentro garrantzitsua zen Jabrin, hala nola astrologia edo medikuntza bezalako gaietarako, eta hango geletan ibiliz gero, zenbait mende atzera bidaiatu izan bazenu bezala sentituko zara. Bertatik, Omango gailurrik garaiena eta Al Hajar mendilerroaren partea den Jabal Shams (3.028 m.) mendia ikusten da. Mendi hauetara joateko bidea hegoaldetik Al Khitaym herri txikian hasten da, baina hara autoz hurbiltzeko bidearen azken zatia asfaltatu gabeko pista bat da, harritsua eta nahiko aldapatsua. Beraz, noranahikoa derrigorrezkoa da, edo bertako baten batekin joatea. Bidearen hasieran Poliziaren kontrolak egon ohi dira, 4x4 autoak bakarrik pasatzen uzteko. Han oso ezaguna da Jebel Shams-eko Balcony Trail izeneko trekkinga. Ibilbidea ez da zaila: desnibel handirik gabea (300 metro), eta 3-4 ordukoa. Hori bai, bertigoa izatea normala da puntu batzuetan.