27 FEB. 2023 - 20:00h Glutenik gabeko produktuak ez dira izaten nutrizionalki glutendunen baliokideak, EHUren arabera EHUko ikerketa talde batek glutenik gabeko produktuen jarraipena egin du bederatzi urtez, nutrizioaren ikuspuntutik gabeziak dituzten aztertzeko. Jonatan Miranda ikertzailearen arabera, glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki haien glutendun elikagaien baliokideak. Jonatan Miranda Gomez Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko ikertzailea. (Nuria GONZÁLEZ | EHU/UPV) NAIZ Azken bederatzi urte hauetan, EHUko Gluten 3S taldeak glutenik gabeko produktu ikerketa zabal bat gidatu du, eta nutrizio analisiak egin ditu glutenik gabeko 200 produktu aztertzeko. Produktuen kalitatea nabarmen handitu da denbora horretan, eta, hala ere, oraindik ere produktu horiek ez dira iritsi glutena dutenen baliokide izatera. Urteak aurrera egin ahala, geroz eta zeliakia kasu gehiago ezagutzen dira. Adituek diote bi arrazoi izan daitezkeela horretarako. Bata, ingurumeneko faktoreen ondorioz zeliakoen kopurua handitzen ari dela, eta, bestea, diagnostikoak hobetu eta ugaritu egin direla. «Dietari leporatzen zaizkio zenbait ezaugarri, berez dietarekin loturarik ez dutenak. Datuek erakusten dute glutenik gabekoak ez direla produktu osasuntsuagoak», dio Jonatan Miranda Gomez EHUko farmazialariak eta Gluten 3S ikerketa taldeko ikertzaileak. Talde hori akreditatuta dago glutenik gabeko produktuak benetan glutenik ez dutela bermatzen duen zigilua jartzeko, ISO legearen bitartez. Zeliakoen proportzioa ez da aldatu, jarraitzen du % 1ekoa izaten, gutxi gorabehera. Baina, batetik, populazioa handitu da, eta, beste alde batetik, glutenarekiko sentikortasunak azaldu dira, eta, talde hori kontuan hartuta, arazoak populazioaren % 10i eragiten dio. «Industria kontziente izan da horretaz –dio Mirandak–. Horrenbestez, produktu gehiago garatu ditu, eta horrek ahalbidetu du industriak gehiago ikertzea eta beste osagai batzuk hartzea kontuan». Mirandak argi dauka gaia zabala dela. «Azken urte hauetan, artikuluetan, agertu da beste zenbait molekula ere kaltegarriak izan daitezkeela, eta nahiz eta glutenik gabeko dieta zorrotz bat jarraitu, glutenik gabeko produktu horiek ondoeza sor dezaketela». Gainera, beste ikuspegi bat ere eman nahi diote ikerketari, ingurumenaren alderdia ere aztertu nahi baitute. «Glutenik gabeko elikagaiek ingurumenean zer inpaktu duten jakin nahi dugu. Besteek baino inpaktu handiagoa izaten dute, adibidez, atzerritik ekarri behar direlako zenbait osagai. Inpaktu hori murriztu beharko litzateke. Adibidez, ikusi behar da artatxikia nondik ekarri behar den», dio Mirandak.