GAIAK

Hirien klima-aldaketarako plangintzetan kolektibo zaurgarriak babesgabe daude, adituek diotenez

Europako 300 hiri baino gehiago aztertu dituen ikerketa baten arabera, tokiko erakunde gehienek ez dituzte behar adina kontuan hartzen kolektibo zaurgarrienen beharrak klima-aldaketari buruzko plangintzetan.

Klima aldaketaren aurrean neurri aproposak hartzea beharrezkoa da. (Otto MALO | GETTY IMAGES)

Marta Olazabal doktoreak (Klima Aldaketa Ikergai zentroko –BC3– ikertzaile elkartua) eta Europa guztiko beste 30 zientzialarik berriki egindako ikerketa baten arabera, Europako 327 hirik osatutako lagin adierazgarri batetik 167k bakarrik zituzten 2020aren amaieran klima-aldaketara egokitzeko hiri-plan osoak: gehienak Britainia Handiko hiriak dira, eta haien atzetik Poloniako, Estatu frantseseko eta Alemaniakoak daude.

Twenteko Unibertistateak (Herbehereak) zuzendu zuen ikerketaren baitan, hiriak klima-aldaketara egokitzeko planen kalitatea ebaluatzeko indizeak sortu ziren, ongi ezarritako sei printzipio hauen arabera: tokiko inpaktu eta arrisku potentzialak; egokitze-helburuak; egokitze-neurriak; egokitze-neurrien inplementazioari buruzko xehetasunak; egokitze-neurrien segimendua eta ebaluazioa; eta planaren sorrerako partaidetza soziala.

Koherentzia ere neurtu zen; hau da, inpaktuak/arriskuak, helburuak, neurriak, segimendua eta parte-hartzea zenbateraino zetozen bat elkarren artean. Esate baterako, hiri batek detektatzen badu zaurgarria dela bero-bolada gero eta ugariagoen aurrean (hori bereziki arriskutsua da adinekoentzat), plan on batek beroarekin erlazionatutako neurriak ere diseinatu eta inplementatu behar ditu pertsona nagusietan zentratuta, eta mekanismo egokiak ezarri behar ditu ebaluatzeko ea neurri horiek ezarri ondoren murriztu den beroak adineko pertsonentzat duen arriskua.

Ikerketaren emaitzak

Ikerketek erakutsi dutenez, planen kalitateak oro har eta haien koherentzia-maila orokorrek hobera egin dute 2005etik 2020ra bitartean. Era berean, aukera gehiago zegoen plan berrienetan klima-aldaketak talde zaurgarrienetan dituen eragin potentzialak aipatzeko. Hala ere, planek denborarekin okerrera egin zuten pertsona zaurgarrientzako neurri berezien espezifikazioari dagokionez: oso plan gutxitan hartzen dira kontuan haurrak, diru-sarrera gutxiko pertsonak eta adinekoak babesteko politikak garatzeko garaian. Inpaktuei/arriskuei eta helburuei dagokienez, hiriek askoz inpaktu/arrisku gehiago zerrendatu zituzten helburuak baino, eta horrek erakusten du inpaktuak eta helburuak ez datozela bat beti.

Oro har, hiriek hobekuntza nabarmenagoa izan zuten helburu eta neurri zehatzak ezartzeko eta planak inplementatzeko modua ezartzeko prozesuetan. Etorkizuneko monitorizazio-prozesuak zehazteari dagokionez, aldiz, planen hobekuntza oso txikia izan zen.

Europako 27+1 herrialdeetako hiri-egokitzeko plangintzako dokumentuen jarraipena egin dute, eta Marta Olazabalek esandakoaren arabera «datuek erakutsi zutenez, helburuen eta inpaktu eta arriskuen arteko bat-egiteak hobera egin, baina zer hobetu ugari dago oraindik. Gainera, planak ez dira hobetu kolektibo zaurgarrienen beharrak kontuan hartzeari eta ezarritako neurrien onurak ulertzeko aukera emango duten jarraipen eta ebaluazio-neurriak diseinatzeari dagokienez».

Lortutako datuak beste ikertzaile batzuek lortutakoen antzerakoak dira; «horrek esan nahi du, besteak beste, gobernuek baliabide eta laguntza gehiago eman behar dituztela hiriei erronka horretan laguntzeko».

Olazabal doktoreak gaineratu duenez, «hiri bakoitzerako egokitze-helburu espezifiko eta garbiak edukitzea eta plan koherenteak lantzea lagungarria da inplementazio egoki baterako, eta, hain zuzen hori da hiriek lortu ez dutena».

Artikulu osoa, Klimara egokitzeko hiri-planen kalitatea denboran zehar naturari buruzko ‘Urban Sustainability’ aldizkarian argitaratu zen, eta sarbide irekia du aldizkariaren webgunean.