10 ABR. 2023 - 06:45h Mougins, Pablo Picassoren azken geltokia Malagako artista handia Kosta Urdineko hiritxo honetan hil zen, orain dela 50 urte. Zonalde oso lasaia da, Cannes zaratatsutik gertu egon arren. Turistikoki aire zabaleko museo bat dirudi, erakusketa ugariei eta, nola ez, bere biztanlerik famatuenaren oroimenari esker. Picassoren brontzezko burua, Mouginsen. (Alessandro Ruta) Alessandro Ruta Alpeen eta kostaldearen artean ikaragarrizko dizdira du Kosta Urdinak. Ventimigliako mugak Italia eta Frantzia banatzen ditu, eta handik mendebalderantz eginez, Toulon eta La Ciotat pasata, Proventza hasten da. «PACA» eskualde mitikoa da, frantziar Estatuan esaten zaion moduan eta eskolan ikasten den bezala: Provence-Alpes-Cote d'Azur, denak batera. Europako lekurik ikusgarrienetako bat da hau, zalantzarik gabe. Literaturak eta zinemak behin baino gehiagotan erabili dute zonaldea, beren istorioak girotzeko; jende aberatsa, konplotak, misterioz betea ageri da. Niza-tik Monako Printzerrira, baina nola ez Saint Tropez, Cannes edo Antibes ere: hiri bakoitzak bere berezitasuna dauka. Tenperaturak atseginak dira beti, itsasoa normalean bero dago, une oro, eta luxuzko pelikula batean egotearen parekoa da bertan bizitzea. Alfred Hitchcock-en ‘Lapurra harrapatu’ (‘To catch a thief’) filmea, demagun; Grace Kelly protagonista zen, Ranieri Monakoko Printzearekin ezkondu eta han bertan hil zen, 1982. urtean. Literaturari erreparatu nahi badiogu, Colette-en eleberriak ditugu; idazleak etxea erosi zuen Kosta Urdinean. Lurralde honek imanaren pare jokatzen du artistekin; erakarri egiten ditu. Margolariak batez ere. Beharbada beren Estatu autonomoa osatu nahi izango balute, bertan ezarriko lukete. Hiriburua? Arles izan liteke agian, Proventzan, Paul Gauguin eta Vincent Van Gogh hor bizi izan ziren elkarrekin. Edo Aix-en-Provencen, Paul Cézanne jaio zen tokian. Pierre-Auguste Renoirrek, hau ere impresionista, Cagnes sur Mer-en jarri zuen bulegoa, eta Henri Matisse Nizan hil zen. Artearen historian, handienetako batzuk dira aipatutakoak. Eta beste bat, jakina, agian multzo honetan garrantzitsuena: Malagako tipo bat, egonezina zuena eta geldiezina zena, emankorra oso, 1973ko apirilaren 8an hil zena, orain dela 50 urte hain zuzen ere. Nor zen? Pablo Diego José Francisco de Paula Juan Nepomuceno María de los Remedios Cipriano de la Santísima Trinidad Martyr Patricio Clito Ruíz y Picasso. Lagun artean eta guretzat, Pablo Picasso, ez besterik. Kosta Urdinean hil zen, baina ez kostaldean zehazki, barnekaldean baizik: Mougins izeneko hiritxoan. Isiltasuna zalapartaren gainean Mougins 1933. urtean ezagutu zuen Picassok. Bere bi lagunek, Paul Eluard poetak eta Jean Cocteau idazleak, bisitatzeko gonbita egin zioten. Hotel Vaste Horizonen geratuko zen, hiriko goiko partean (‘Le vieux village’), gaur egun turismo-bulegoa den horretan. Han artistak, Dora Maar neskalagunarekin, hotelaren hormak koloreztuatu zituen; zoritxarrez urtez urte fresko haiek desagertzen joan dira. Dena den, Picasso oraindik ez zegoen bertara lekualdatzeko prest; 28 urte beranduago, 1961. urtean alegia, behin betiko joan zen bertara. Azken finean, Frantziako hegoaldeak Mediterraneoko giroa ekartzen zion gogora, zezenketak eta Estatu espainoleko beste zenbait ohitura barne. Picasso oso ezkertiarra zen baina, aldi berean, baita tradizionalista eta nahiko matxista ere. Notre-Dame-de-Vie etxe erraldoia (35 gela zituen) erosi zuen, bai berarentzat bai eta, batez ere, bere bigarren emazte Jaqueline Roqueri etorkizun lasaia emateko ere. Emakumea bera baino askoz gazteagoa zen, Picassok baino 33 urte gutxiago zituen. Artistarentzat musa eta aldi berean modeloa zen, hainbat erretratu (400 inguru) egin zizkiolako. Malagako margolaria bertan bizi izan zen heriotzaren unea heldu zitzaion arte, isiltasunean gordeta eta izugarrizko emankortasuna lortuz. Bere egoitza ez dago Mouginseko erdigunean, «kanpokaldean» baizik, ‘Vieux village’-tik at, beherantza. Nahiko gertu dagoen Kosta Urdinarekin kontrastea nabaria da, eta zer esanik ez Canneseko zalaparta eta txinpartekin, nahiz azken hau autoz hamar minutu eskasera dagoen. Izan ere, Picassok ez zuen «vip» izaerarik ezta gogorik ere: lanari ekitea zuen gustoko, margotzen edota zeramika modelatzen. Gaur egun Notre-Dame-de-Vie jada ez da ez Picassorena ez bere oinordekoena ere. Jaqueline Roque etxean bertan hil zen 1986. urtean, bere buruaz beste eginda. Artistaren ilobek enkantean jarri zuten eraikina eta 2017. urtean Rayo Withanage empresaburuak erosi zuen 20 milioi euroren trukean. Adituen arabera egoitzak 30 milioi ere balio zezakeen, eta itxuraz negozio ederra egin zuen. Bertako kapera bisita daiteke igandero, 10.00etatik 16.00etara, urritik apirilera bitartean; astebururo maiatzean, ekainean eta irailean, 10.00etatik-12.30etara eta 14.00etatik-19.00etara, eta egunero uztailean eta abuztuan, orduan ere 10.00etatik 12.30etara eta 14.00etatik 19.00etara. Kaperan ez dago Picasso. Notre-Dame-de-Vien hil zen, bai, baina bere hilobia Vauvenarguesen dago, handik gertu. Mouginseko alkateak ez zuen nahi «komunista aberats bat» bere lurretan.Museoak eta erakusketak Pablo Picasso benetako munduko herritar bat bazen. Malagan jaio, baina batetik bestera bizi izan zen, Parisetik A Coruñara, Madrildik Bartzelonara... Horren seinale, Picassoren lan batzuk hiri baten izena daramatela izenburuetan: ‘Les démoiselles d'Avignon’, adibidez, edo bere lanik famatuena, jakina, gure ‘Gernika’. Gogora dezakegu ere Picassoren margolanak literalki mundu osoan zehar barreiatuta daudela gaur egun, hainbat museotan, Europan eta Estatu Batuetan. Eta Europan bertan ziur aski Proventza eta Kosta Urdina bere «maitalerik gogokoenak» izan ziren. Lehenik eta behin, bere «lankide» bat bertan jaio zelako, Picassorentzat benetako eredua izan zena: Aix-en-Provenceko Paul Cézanne, impresionista baina batez ere post-impresionista, bere irudi geometrikoekin. Aditu askoren arabera, Picassok kubismoa asmatu zuen (George Braquekin batera, jakina), baina Cézanneren lanaren bilakaera bat izan zen. Picassoren obrak ere badaude Mouginsen, irekita dagoen museo bakarrean, Musée D'art Classique delakoan. Bilduma pribatua du barruan, Christian Levett jaunarena hain zuzen ere. Gizon hau Egiptozalea eta Erromako Imperiozalea da: lau solairuko jauregi honetan emperadoreen bustoak edota faraoiren baten momiak ikus ditzakegu. Eta honekin batera, Picassoren lan batzuk, batez ere Jaqueline Roqueri eginiko erretratuak. Emakumea guri zuzen-zuzen begira dago gehienetan, baina erretratu batean lotan utzi digu Picassok. Egia esanda, antolaketa desorekatua du museoak. Bildumak ez daude era egokian ordenatuta, aroak nahastu egiten dira eta estiloak zer esanik ez. Rubens eta Toulouse-Lautrec daude hor, Van Gogh eta Matisse, eta hamar metro eskasetan, adibide bat emateagatik, Picassoren margo batetik Karakala Emperadorearen busto batera pasa daiteke. Beste solairu batean, armak eta ezkutuak ageri dira zenbait zirriborroren alboan. Sarrera ere ez da oso merkea, 14 eurokoa, adin-txikikoentzat, pentsiodunentzat eta ikasleentzat izan ezik. Hiria, aldiz, bai, dohainik bisita daiteke. Eta bertan ia edozein txokotan dago monumentu bat edo beste, gehienak oroitarriak. Guztien artean ezagunena agian, Pablo Picassoren brontzezko buru erraldoiarena da, Turismo Bulegoaren parean dagoena. Sarreran, artistaren argazki bat jarri dute. Azken finean, hortxe bizi izan zelako, lehenago hotela zen eraikin horretan bertan. Gainontzeko eskultura gehienak Gabriel Sterk-ek egindakoak dira. Batzuek Gasteizko ‘El caminante’-rekin antzekotasun handia dute, nahiz eta egileak ezberdinak diren. Sterk, Picasso bezala, Proventza kasualitatez aurkitu eta han gelditu da, Aix-en-Provencen, hain zuzen ere: Herbeheretarra da jaiotzez, baina askotan Australian ere lan egin du. Mouginsen hainbat atelier daude. Batzuk oso «Picasso estilokoak» dira, Malagako artistaren ezaugarriak errepikatzen dituzte, alegia. Errepikatu edo kopiatu, auskalo: «Artista onak kopiatzen du, baina artista handiak lapurtzen du», esana zuen Picassok, bere adierazpen famatuenetako batean. Hiri honen Alde Zaharrean bisitarientzako birak ibilbide zirkularra izaten du, Picassoren buruan hasi eta leku berean bukatzen baita. Handik, terraza batean kokatuta dagoen monumentutik, beherantza begiratzen badugu, lehenago atzean utzi izan dugun A-8 autopista ikus dezakegu. Beste mundu bat da, han behekoa, guztiz zaratatsua, kotxez betetakoa. Parean, elurtuta, Alpeak eta beren handitasun itzela. Azken geltoki bat izateko, Mougins ia toki perfektua izan daiteke.