18 ABR. 2023 - 21:10h Elena Reygadas mexikarra da aurtengo Munduko Emakume Sukaldaribururik Onena 2014an Latinoamerikako onena izan ondoren, Elena Reygadas Munduko Emakume Sukaldaribururik Onena izendatu berri dute, Rosetta jatetxean tokiko osagaiak erabiliz biodibertsitatearen eta ekoizpen iraunkorraren alde egiten duen lanagatik. Elena Reygadas sukaldariburua izan da sariduna. (Ronaldo SCHEMIDT | AFP) NAIZ Elena Reygadas Mexiko Hiriko Rosetta jatetxearen jabea izendatu dute 2023ko Munduko Emakume Sukaldaribururik Onena (‘The World's Best Female Chef 2023’) ‘The World's Best 50 Restaurants’ sarietan. 2014an Latinoamerikako Emakume Sukaldaribururik Onena izan zenetik Mexikoko gastronomiako pertsonaia garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Mexikoko biodibertsitatearen eta ekoizpen iraunkorraren defendatzaile sutsua da eta, duela gutxi, emakumeentzako beka programa bat jarri du abian Mexikon, sukaldeetan genero parekotasun handiagoa sustatzeko. Aukera berdintasuna defendatzeko eta gastronomiaren munduan emakume mexikarren lidergoa indartzeko asmoz, Elena Reygadas Beka sukaldaritza eskola batean onartuak izan diren ikasle mexikarrei irekita dago. Tradizioa berritu Rosetta jatetxeak 2010ean ireki zituen ateak, Mexiko Hiriko Roma auzoko etxe dotore batean. Mexikoko plater tradizionalak berritzen ditu menuak eta eskaintza egunero aldatzen da ekoizle txikietatik datozen tokiko osagaiak erabiltzen dituztelako. 2022an ‘The World's 50 Best Restaurants’ zerrendako 60. zenbakian eta Latinoamerikako 50 Jatetxerik Onenak (‘Latin America's 50 Best Restaurants’) zerrendako 37 zenbakian sailkatu zen. Alboko Rosetta okindegiaz gain, Reygadasek Lardo jatetxe mexikar informala eta Café Nin bistroa ere zuzentzen ditu, biak hiriburuan. Sukaldaritzako lehen liburua 2019an argitaratu zuen, Mexikoko osagaietara bideratuta. «Ohorea» William Drew, ‘The World's 50 Best Restaurants’-eko eduki zuzendariak, zera adierazi du: «Ohorea da aurtengo ‘The World' s Best Female Chef’ saria Elena Reygadasi ematea, Mexikon eta harago lider izango diren emakumeen belaunaldientzako bidea errazten ari den chef bati. Bertako plater tradizionalak eta biodibertsitatea babestuz, Reygadas Mexikoko gastronomiaren etorkizuna sustatzen ari da». Reygadasen hitzetan, «oso eskertuta eta ohoratua sentitzen naiz hainbeste miresten dudan jendeak botoa eman didalako. Sukaldaritza praktika kolektiboa da. Horregatik, niretzat, errekonozimendu hori nire talde osoarena da, baita gure sukaldaritzaren ondarea belaunaldiz belaunaldi zaindu duten sukaldariena ere». ‘The World's Best Female Chef 2023’ saria ‘The World's 50 Best Restaurants 2023’ sariak Valentzian emateko ekitaldia baino lehen emango den lehen saria da. Ekitaldia Les Arts operan egingo da, ekainaren 20an, asteartearekin. Edonola ere, emakumeei espreski bideratutako sari honek ez du konpontzen, inondik inora, goi-sukaldaritzan ematen den genero arrakala. Historian zehar sukaldatzea emakumeen lana izan den arren, gaur egun negozio hau gizonena baita, nagusiki.