05 MAY. 2023 - 00:00h Zapiain sagardoa, orain tapoi eta eskantziadore berriekin Erroskadun tapoiak eta ezkutuko zerbitzagailuak abantaila asko dituzte, batez ere zerbitzatzeko erraztasunarekin eta garbitasunarekin zerikusia dutenak Lehenbiziko aldiz, erroskadun tapoia erabiliko da ohiko sagardo botiletan, baita zerbitzagailu berria ere. Azken hau botilaren lepoan ezkutatuta doa. (NAIZ) Joseba Salbador Goikoetxea Ardoaren sektorean gero eta zabalduago dago botilak kiribil-tapoiarekin merkaturatzea. Garai batean sistema hori ardo merkearekin erlazionatzen zen, eta ardo onak «deskortxatu» egin behar izaten ziren. Baina badira urte batzuk kalitate eta ospe handiko ardoak erroskadun tapoiarekin merkaturatzen direla, batez ere atzerrian. Adituen esanetan, gainera, etorkizuneko sistema izango da. Astigarragako Zapiain sagardotegiak ere garai berrietara egokitu nahi izan du, eta horregatik erroskadun tapoiarekin merkaturatuko du aurtengo sagardoa, bestelako tresnarik gabe, eskuz botila irekitzeko eta ixteko. Lehenengo sagardotegia da, gainera, itxitura hau ohiko sagardo botilan erabiliko duena. Sistema honen aldeko apustua egiteko zenbait arrazoi aipatu ditu Ion Zapiain sagardotegiko zuzendaritza taldeko kideak: «Alde batetik, erraztu egingo du botila irekitzeko zein ixteko prozesua, berdin etxean kontsumitu behar denean zein taberna eta jatetxeetan zerbitzatu behar denean. Era berean, garbiagoa da, ez dagoelako inolako kontakturik eskuaren eta botilaren lepoaren artean». Horrekin batera, sagardoa mantentzeko beste sistema batzuk baino hobea dela uste dute Zapiain sagardotegian. «Bai botila ireki aurretik, bai eta ondoren ere, sagardoaren kontserbazioari mesede egiten dio, guztiz hermetikoa delako. Hartara, ireki ondoren berriz gordetzeko aukera emango du eta, modu horretan, produktuak bere ezaugarri organolpetikoak hobeto mantenduko ditu». Ezkutuko zerbitzagailua Sagardozaleak aurten aurkituko duen bigarren berrikuntza eskantziadore edo zerbitzagailua da, orain botila guztien lepoan ezkutatuta etorriko dena. Ikerketa eta garapen prozesu luze baten emaitza da, eta Astigarragako sagardotegi honek patentatu duen sistema da. Kiribil-tapoiarekin lotuta doan aldaketa da, eta hura bezala, sagardoa errazago zerbitzatzea du helburu. «Zerbitzagailu hau botilaren barruan kokatuta dator. Beraz, erabiltzeko ez da inoiz eskuaz ukitu beharko, eta, behin kiribil-tapoia kenduta, prest egongo da erabiltzeko, beste inolako manipulaziorik gabe», dio Ion Zapiainek. Era berean, sagardoa modu egokiagoan zerbitzatzeko lagungarri izango dela uste dute Zapiaingo arduradunek, «sagardoa altura jakin batetik zerbitzatzea ahalbidetzen baitu. Modu horretan produktuarekin ezaugarri organoleptikoak, zapore eta lurrinak, areagotu egiten ditu». Gai honen inguruan, Zapiaingo sagardogileek argi utzi nahi dute ez dela beharrezkoa sagardoa oso goitik zerbitzatzea, edalontzian apur bat puskatzeko eta txinparta ateratzeko. «Gure sagardoak berezko karboniko pixka bat dauka, naturala, hartziduraren ondorioz sortutakoa. Horregatik, nahikoa da 15 edo 20 zentimetroko altueratik zerbitzatzea, sagardoak berezkoa duen karboniko naturala askatzeko eta lurrin eta zaporeak ateratzeko», argitu dute Zapiain sagardotegiko arduradunek. Enbata marka berriaren lehen produktua: Euskal Sagardoa 44 zentilitroko latan. (NAIZ) Enbata, haize berriak tradizioari uko egin gabe Zapiain sagardotegiak aurten beste berrikuntza bat kaleratu du: Enbata izeneko marka, sagardogintza tradizionalaren mundura aire berriak ekartzeko asmoz. Marka berri honekin merkaturatuko duen lehen produktua 44 zentilitroko sagardo lata da. «Tradizioari uko egin gabe, noski, produktu berriak eta berritzaileak ekoitzi eta merkaturatzea da gure asmoa. Mundu osoan sagardogintzak egoera polita bizi du, produktu berri asko ateratzen ari da, eta Zapiainen ere joera berri horiek esploratu nahi ditugu, bereziki sagardotegiko belaunaldi berrien bultzadarekin», azaldu du Ion Zapiainek. Enbata izenarekin merkaturatu duten lehen produktua RAW motako sagardo naturala da, hau da, iragazi, egonkortu eta pasteurizatu gabekoa. Ohiko Euskal Sagardoa, beraz, baina formatu berrian, 44 zentilitroko latan eta diseinu berritzaile batekin. Itsasoari lotutako marka denez, itsasgizon bizardun baten irudia dakar ontzi berriak. Garagardoaren sektorean oso zabalduta dagoen formatu berri honek ere zenbait abantaila ditu. Alde batetik, 44 zl. dituenez, egokia da botila osoa gehiegi den kasuetan, eta bestetik, etxetik kanpo edozein tokitan kontsumitzeko ere aproposa da. Gainera, formatu hau hermetikoagoa da, ez du argirik pasatzen uzten, eta modu horretan sagardoa hobeto kontserbatzen da. Produktu berri honekin batera, Zapiain sagardotegiak betiko sagardo motak merkaturatzen jarraituko du aurten: Gorenak eta Euskal Sagardoa zigiluak dituzten sagardoak (denak Fraisoro laborategiko azterketak gainditutakoak), Joanes de Zapiain sagasti bakarreko sagardo berezia eta Nafarroako sagastietako fruituarekin egindako Gorenak sagardo ekologikoa.