GAIAK

Erditzeetan odol-galeragatik izaten diren heriotzak murrizteko teknika aurkeztu dute

Erditzeetan odol-galeragatik izaten diren heriotzak %60 murriztu ditzakeen teknika berria aurkeztu du Osasunaren Mundu Erakundeko eta Birminghameko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. 

Erditze osteko odol-galerak 70.000 heriotza eragiten dituzte urtean mundu osoan. (GETTY IMAGES)

Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) eta Birminghameko Unibertsitateko ikerlari talde batek egindako ikerketa baten arabera, ‘E-Motive’ izeneko teknika berriak erditzeetan odol-galeragatik izaten diren heriotzak nabarmen gutxitu ditzake.

‘New England Journal of Medicine’ aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta bertan diotenez teknika berri horren bidez heriotza mota horiek %60 gutxitu litezke.

Erditze ondoko odoljario edo hemorragia mundu osoan amen heriotzen kausa nagusia da. Haurra jaio ondorengo 24 orduetan 500 mililitro odol baino gehiago galtzen direnean gertatzen da hori. Urtero 14 milioi emakumek jasaten dute eta 70.000 heriotza inguru eragiten ditu, batik bat diru-sarrera baxu eta ertainak dituzten herrialdeetan; sei minutuko heriotza bat, estatistiken arabera.

«Erditze osteko odoljarioa beldurgarria da, ez beti aurreikusteko modukoa, baina guztiz tratagarria. Hala ere, mundu osoan duen eragina tragikoa da», adierazi du OMEko Osasun eta Sexu eta Ugalketa Ikerketako zuzendari eta Nazio Batuen Giza Ugalketaren Ikerketarako Garapen eta Gaikuntzako Programa Bereziko (HRP) buru Pascale Allotey doktoreak.

Lau herrialdetako 200.000 emakume

Ikerketa honetan lau herrialdetako 200.000 emakumek baino gehiagok parte hartu dute. Adituek ondorioztatu dutenez, odol-galera modu objektiboan neurtuta, «oihal» izeneko bilketa-gailu sinple eta merke bat erabiliz eta OMEk gomendatutako tratamenduak elkartuz, sekuentzialki eskaini beharrean, emaitzetan hobekuntzak izan ziren emakumeentzat. Teknika horren bidez, odoljario larria –emakume batek erditu ondoren litro bat odol baino gehiago galtzen duenean– %60 murriztu zen eta emakumea hiltzeko probabilitatea gutxitu.

Odoljarioagatiko odol-transfusioen tasa ere nabarmen murriztu zen, eta hori bereziki garrantzitsua da diru-sarrera txikiko herrialdeetan, non odola baliabide urri eta garestia den.

«Erditze osteko odoljarioaren tratamendurako ikuspegi berri horrek errotik hobetu litzake emakumeek mundu osoan erditzean bizirik irauteko dituzten aukerak, behar dutenean behar duten tratamendua jasotzen lagunduta», nabarmendu du Arri Coomarasamy irakasleak, saiakuntzaren zuzendari eta Birminghamgo Unibertsitateko OME Center on Global Women's Health Zentro Laguntzailearen zuzendarikideak.

Gainera, irakasle horren esanetan, erditze osteko odol-galerari erantzuten zaionean, «denbora funtsezkoa da» eta, beraz, «diagnostikoa edo tratamendua atzeratzen duten interbentzioek aldatu egin beharko lituzkete amaren osasunerako jokoaren arauak».

Berandu detektatzen dira

Gaur egun, erditze osteko hemorragia askotan beranduegi detektatzen da eta horrek modu eraginkorrean erantzutea zailtzen du. Aditu gehienek ikusmen bidez eginiko ikuskapena erabiltzen dute odoljarioa ebaluatzeko, eta horrek atzerapenak eragin ditzake tratamenduan, bizia arriskuan jarriz. Tratamendua ematen denean, eskuarki modu sekuentzialean egiten da, interbentzio bakoitzaren arteko tarteekin, eta horrek denbora gehiago eskatzen du lehen aukerak eraginkorrak ez badira.

‘E-Motive paketeak odola ateratzeko oihal baten bidez hemorragia goiz eta zehatz detektatzea aurreikusten du. Horren osagarri gisa, berehalako tratamendu pakete bat dakar: umetokiko masajea, umetokia hartzeko eta odoljarioa gelditzeko sendagaiak, likidoak zain barnetik ematea, azterketa bat eta, beharrezkoa denean, arreta aurreratua eskaintzea.

Programaren interbentzio guztiak emaginek egin ditzakete.