GAIAK

Euskal musikak arreta bereganatu du XV. MIN sarietan

Mallorcako Palma hiriko auditoriumean izan da sari banaketa eta bertan euskal musikari ugari batu dira sariren bat eskuratu asmoz. Guztien artean Anni B Sweet y Los Estanques eta Tanxugueiras izan dira saria jaso dutenak, Niña Coyote eta Chico Tornadok eskuratu dute euskarazko disko onenaren saria.

Koldo Soret eta Ursula Strong beren hirugarren MIN Saria eskuan dutela. (Iker GURRUTXAGA)

Este navegador no soporta el elemento audio.


‘Niña Coyote eta Chico Tornado vs. Don Condor eta Ñora Alacran’ izan da euskarazko urteko disko onenaren Etxepare saria jaso duen lana. Gauzak horrela, Niña Coyote eta Chico Tornado talde donostiarrak hirugarrenez irabazi du Unión Fonográfica Independiente elkarteak antolatzen duen sariketan.

Badirudi neurria hartua diotela MIN sariei eta horren inguruan zera esan digu Koldo Soretek saria jaso berritan: «Egia esan hirugarrena da eta sekulako diskoak ziren gure kategorian parez pare genituenak. Espero, espero ez dakit espero genuen edo ez baina pozik gaude berriz ere hor egotearren». Disko berezia izan da kaleratu duten azkena, eta horrek ere berezi egiten du saria Soreten ustetan: «Azken disko hau berezia izan da Don Condor eta Ñora Alacranen cumbia-surf hau egin dugulako, gogoa genuelako besterik gabe. Orain asteburuero gabiltza batean eta bestean, asko Espainia aldetik baina jende asko etortzen da gu ikusi eta abestera, nahiz eta euskaraz kantatu. Hortaz, zerbait flipantea da guretzat aretoak horrela aurkitzea eta berotasuna jasotzea, jaialdi handietan ere bagaude eta euskara erakusteaz Euskal Herritik kanpora, munduan zehar, harro gaude».

Ursula Strongek hartu du hitza oholtza gainera sari bila igo direnean.

 

Gainerakoan, gaueko irabazle nagusiak Los Estanques y Anni B Sweet eta Tanxugueiras izan dira, bost eta bi sari eskuratu dituzte hurrenez hurren. Ohorezko saria Cristina Rosenvingek jaso du musikan egin duen ibilbideagatik. Emakume esanguratsua izan da askorentzat bidea ireki duelako rockaren munduan, baina, horrez gainera eta berak ere gaineratu duenez, «mainstream izatetik musika independenterako saltoa» eman du eta hori ere nabarmendu nahi izan du UFIko Lehendakariak. Alaska, Julio Ruiz, María Rodés, Nacho Vegas, Bob Pop, Paula Bonet eta María Arnal esker hitzak eskaini dizkietenen artean.

Aldarrikapenik ere izan da saridunen artean. LGTBI komunitatearen aldeko aldarria egin du Shego talde madrildarrak eta Biznaga taldeak rock onenaren saria eskuratu ostean generoaren aldeko aldarria egin du: «Rocka zaharrentzako generoa dela esaten du askok, hilda dagoela, baina gu gazteak gara, 19 urteko taldekide bat daukagu, eta bere inguruko gazte asko ari dira gitarrak dituzten doinuak lantzen. Aldi berean, independenteak garela esatean zerekiko garen independente ere galdetu beharko genioke gure buruari», bukatu du hitzartzea.

Euskal izendapen zerrenda luzea

Izendatuen artean euskal ordezkari ugari zeuden XV. MIN Sarietan. Kategoria nagusienetan, La Bien Querida zegoen urteko disko onenaren sarirako izendatuta eta baita urteko pop disko onenerako ere Izarorekin batera; Chica Sobresalto artista berri onenaren sarirako, Belako urteko rock disko onenerako eta Elena Setien urteko grabaketa elektroniko onenaren kategorian.

Kategoria berezituagoetan, Laida Zaprek Ines Osinagaren #itsasoadabidebakarra diskoarentzat egindako diseinu grafikoagatik izendapena jaso du, eta Euskarazko disko onenaren sarirako Merina Gris, Niña Coyote eta Chico Tornado, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays zeuden izendapen bana jasota.

Halaber, euskal partaidetza duten proiektuek ere jaso dituzte hainbat izendapen. Hala nola, Nacho Vegasek urteko disko onenaren eta urteko pop album onenaren kategoriatan izendatu dute edota Egon Soda taldeak urteko rock disko onenarenean, biak ere Oso Polita zigilu bilbotarrarekin dabiltza elkarlanean. Horrez gainera, Lanestosan emandako zuzenekoagatik izendapena jaso du Anny B Sweet y Los Estanques taldeak, irabazi ez duen sari bakarra hura izan delarik. Kategoria horretan Zahara izan da irabazle, ZEID Festen, besteak beste, eskainitako zuzeneko showagatik ‘La Puta Rave’ biraren baitan. Bukatzeko, Euskal Herrian bizi den Antia Muiño galiziarrak ere urteko jazz album onenaren eta galizieraz egindako disko onenaren izendapenak jaso ditu, baina esku hutsik geratu da.

NAIZ Irratia epaimahaikoan

Aurtengo edizioa berezia izan da NAIZ Irratiarentzat, izan ere MusikHaria saioko gidari eta NAIZeko musika arduraduna den Iker Gurrutxaga epaimahaia osatu duten profesionalen artean egon da.

«Publikoak egiten du lehen filtroa eta horrek lana asko errazten du, hamar aukeretatik hiru hautatu behar ditugulako kategoria bakoitzean. Horrez gainera, ez dugu zertan kategoria guztietan botoa eman behar, ezagutza maila nahikoa dugun horietan baino ez. Aipatu nahi nuke, bestalde, pena izan dela Willis Drummond edota Ødei nazioarteko izenen artean topatu izana hautaketa fasean, bestelako kategoriatan, ziurrenik, aukerak biderkatuko zitzaizkielako, batez ere nazioarteko artisten izenak ikusita», kontatu du kazetariak NAIZ Irratiko uhinetan.

Zuzeneko emanaldiak

Gaueko 21.00etan hasi da sari-banaketa ekitaldia eta Samanta Hudson izan da bi orduz ekitaldia gidatu duena. Umorea izan da nagusi lehen unetik, off ahots batek Hudson aktore, abeslari, electroqueerraren erregina eta ezkerretara dagoen Norma Duval bezala aurkeztu baitu. Hitza hartu orduko zera esan du artistak publikoa barrez jarriz: «Magalufen hazia naiz eta ni bertan nengoenetik okerrago bihurtu zen toki hura». Katalanez abestu du atzetik, bertako hizkuntza aldarrikatuz.

Hainbat emanaldi izan dira segidan. Karmento taldea izan da oholtzan lehena, folka jorratu dute. Atzetik, Las migas taldekoak igo dira beren flamenko pertsonala abestuz, publikoarekin interakzioa bilatu du Grammy Latinoetarako izendapena eta gaurko beste hiru pilatzen zituen taldeak; beranduxeago flamenkoko disko onenari saria eskuratu du, gainera.

Atzetik letra onenari saria eskuratu duen Xavibo izan da hip-hop berritua eskainiz, zuzeneko banda eta guzti. Lagunak bertan zituen, eta nabaritu da. Punk Rock doinuak eraman dituzte oholtzara Shego madrildarrek, nahiz eta kantu lasai bat aukeratu duten galarako, artista berriaren saria irabazi duten gauean. La La Love You taldearen pop-punka ere entzun dugu eta OR (O-Erra) Mallorcako taldearen pop modernoagoa ere bai. Anni B Sweet y Los Estanques gaueko protagonisten emanaldia izan da azken zuzenekoa.

Sariek Mallorcako Udalaren; Europar Batasuneko Next Generationen; Industria, merkataritza eta turismo Ministerioaren eta Balear Uharteetako Turismo Agentzia Estrategikoko errekuperazio, eraldatze eta erresilientzia planaren babesa izan dute beste askoren artean.