19 MAY. 2023 - 11:59h Krisi sozio-ekologikoari buelta emateko diziplinarteko elkarlana aldarrikatu du Unai Pascualek Krisi sozio-ekologikoaren aurrean zientzialariek duten rolaz aritu da Unai Pascual Ikergazteren azken egunean. Azaldu duenez, planetaren sistema sozio-ekologikoaren oreka hautsi da eta jasaten ari garen krisi sektorial guztiak horren sintoma dira. Modu holistikoan heldu behar diogu auziari. Unai Pascual Ikerbasque ikertzailea da Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroan (BC3). Ikergazteko hitzaldi nagusietako bat eman du ostiral honetan, Donostiako Kursaalen. (Gorka RUBIO | FOKU) Maider Iantzi Aurrera doa Ikergazte UEUren kongresua eta hirugarren eta azken eguna du ostirala. Nekeak neke, eta atzo gaueko ospakizunak gorabehera, ez da entzulerik falta izan Unai Pascual Ekonomia Ekologikoko doktorearen hitzaldian. Ez da harritzekoa, gaurkotasun beteko auzi bati heldu baitio Klima Aldaketari buruzko Euskal Zentroan (BC3) lanean ari den Ikerbasque ikertzaileak: zein da zientziaren eta zientzialarien rola krisi sozio-ekologikoaren aurrean? Kontatu duenez, munduak nola funtzionatzen zuen ulertu nahiak eraman zuen Ekonomia ikastera 18 urterekin. Baina bost urtetan ez zuen tutik ere ulertu. Irakeko gerra zen, 1990eko hamarkadaren erdialdea, eta unibertsitate batzuk ingurumena eta ekonomia lotzen hasi ziren, bereziki Ingalaterran. Hara jo zuen, Yorkeko unibertsitatera. Diziplinarteko giro hartatik sortu ziren bere oinarrizko pentsamendu batzuk, Donostiako Kursaaleko kongresuan partekatu dituenak. Yucatanen egin zuen doktoretza, maia herri indigenen komunitate batzuetan. Nafta blokea eratzen ari zen, eta ekonomialari gazte honi –oraindik ekonomialaria zen– bururatu zitzaion interesgarria izan zitekeela globalizazio ekonomiko horrek maiek egiten zuten nekazaritza mota horretan, mundua ulertzeko zuten mikrokosmos horretan zer eragin zuen ikustea. Hori ulertuta mundua ulertzeko baliabideak izanen zituela pentsatu zuen. Krisia, baina zein krisi? Oinarri horiekin, krisiaz mintzatu da Pascual, «baina zein krisi?», galdegin du, domino baten antzera gabiltzalako, krisi batetik atera orduko bertzea sortzen zaigu. Bere ustez, hori gertatzen zaigu «gure modelo kognitiboa errotik aldatu behar dugulako: jendeak uste du dena sektoreka kontrola daitekeela, dena kaxoika antolatzen dugu, baina dena hain harilkatua dago...». Nondik jo? Gako bat hau guztia sistema sozio-ekologiko konplexu bat dela ulertzea da ikertzailearen iritziz. «Sistema sozio-ekologikoak daude nonahi, gure herriak eta Lurra bera elkar elikatzen duten sistema sozio-ekologikoak dira». Erran duenez, gure pentsamendua lineala da, baina egunero eragiten diguten dinamika pila bat ez-linealak dira eta horietako aunitz zailak dira kontrolatzen. Adibidez, naturaz ari garenean gu eta natura bereizten ditu gure modelo kognitiboak, ekonomia eta gizartea, osasuna eta ingurumena. «Badakigu bat direla?». «Mugalariak gara» Batez besteko tenperaturak eman ohi dira baina horrek baditu bere tranpak BC3ko zientzialariaren arabera, eremuaren arabera gehiago edo gutxiago berotzen ari delako planeta. Bideo bat erakutsi du, 1950-1980tik gaur egunera arte tenperaturak zer abiaduran berotzen ari diren ikus dezagun, azkar eta modu ez-linealean. Grafiko batzuen bidez azaldu du zer gutxi falta zaigun gure CO2 aurrekontua gainditzeko ere. Munduko Meteorologia Erakundeak iragarri duenez, bost urtean gaindituko dugu 1,5 graduen langa. Klima krisi batean gaude? Pascualek bertze hainbat fenomenorekin lotua ikusten du. Krisi sozio-ekologiko handi bat dugu eta horren sintoma gisa ikusten ditu sufritzen ari garen krisi sektorial guztiak. Adibidez, nork hitz egiten du osasunaren eta bioaniztasunaren arteko loturaz? Edo ekonomia krisiaren eta baliabide eskaintza gero eta urriagoaren artekoaz? «Zientzialariok hain argi ikusten dugu... Zer oztopo kognitibo dugu gizarte mailan hain intuitiboa den hau ulertzeko?». Horra hausnarketarako galdera bat. «Planetaren mugarekin talkan gaude. Mugalariak gara», adierazi du, eta justiziarekin lotu du auzia. Zein eragin izan ditzake justiziarekin lotuta mugak pasatzeak? Nola konpondu arazoa modu justuan? Nola konpentsatu herrialde garatu deitutakoek sortu dugun egoera herri txiroei? Zientziarekiko mesfidantza berri bat Zientzia gizarterako ona dela erraten da lelo moduan, baina aldi berean «talka bat, mesfidantza berri bat» sumatzen da zientziarekiko Pascualek azaldu duenez. Pandemian ikusi zen hori garbi, txertoaren inguruan sortu ziren eztabaidekin, baina ez da covidarekin bakarrik gertatzen. «Zientzialariok boterea daukagu, bai, baina erlatiboa, erabakiak hartzerakoan ez zaigu kasu gehiegirik egiten». Trump eta Orban muturreko adibide bezala jarri ditu: bost axola zaie zientzia. Halakoek gizartearen eta zientziaren arteko erlazioa gaiztotzen dutela erran du, eta beharrezko jo du honetaz hitz egitea. Diziplinarteko elkarlana defendatu du krisi sistemiko honi buelta emateko. «Auzolanean gizartearekin bat egin behar dugu zientzialariok». Ekomodernismoaren diskurtsoarekin kontuz ibili behar dela ohartarazi du, dena teknologiak konponduko duen uste hori falazia izan daitekeelako.