GAIAK

Funk-disco estilora hurbildu da Iker Lauroba ‘Ke bonba’ kantuarekin

Lide Hernando abeslari donostiarrarekin elkarlanean, ‘Ke bonba’ kantua argitaratu berri du Iker Laurobak. Funk-disco estiloak arakatzen dituen abesti hau ‘Lau Mundu’ proiektuak hartuko dituen lau kantuetatik lehena da. Ohiko bidetik, urtaro bakoitzeko kantu bat sareratzea da asmoa.


Ohiko erregistrotik irten eta funky eta disco estiloak arakatu ditu Iker Lauroba musikariak ‘Ke bonba’ kantuan. Lide Hernando abeslariarekin batera (Liher, Bele) osatu du kantua eta ohiko plataformetan entzungai dago jada.

Bideoklipa ere sareratu dute. Umorea ardatz hartuta, gune industrial baten erdian lotarako jantzita ikus daitezke Lauroba eta Hernando, eta kantuaren erritmoek dantzarako grina sortu nahi badute ere letrak lotarako gonbidapena luzatzen dio entzuleari. Zart! kolektibotik adierazi dutenez, abestia «kontraesankorra bezain originala da, eta bertan benetan gustora aurkitzen den Iker Lauroba bat aurkituko dugu, estilo berri honetan ere».

Kantua Laurobaren ‘Lau Mundu’ proiektu berria osatuko duten lau abestien artean lehena da. Iragarri dutenez, urtaro bakoitzeko kantu bat sareratuko da proiektu honen barruan, eta horietako bakoitzak artista desberdin bat izango du partaide eta estudio ezberdin batean grabatuko da.

Hernandorekin osatu duen ‘Ke bonba’ kantuaren kasuan, Josu Ervitiren (Erviti Studio) eskutik heldu zaio ekoizpenari eta bideoklipa, aldiz, Igora Films-ek egin du, Iñaki Gereñu, Nerea Garmendia eta Iñigo Etxarrirekin batera.