03 JUL. 2023 - 00:00h “0 Popint Zero”, arte bihurtutako zaborra NAIZ (Argazkia: JOSEPH EID /AFP) 0 Popint Zero. Horrela deitzen da Deniz Sagdic artista turkiarraren erakusketa xelebrea. “Bihotz jasangarria” omen duen sortzaileak zaborra arte bihurtzeko trebetasun berezia du; izan ere, erabateko protagonismoa ematen die «bizitzara itzuli nahi dituen» hondakinei, batez ere jendea birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko. Bera da, zalantzarik gabe, sorkuntza koloretsuen erritmoa markatzen duena. Eskuarki, formatu handiko erretratuak egiten ditu plastikozko tapoiekin, oihal bakeroaren hondarrekin, kolore guztietako kableekin, botilekin, txipekin, sokekin... Beraz, bere inspirazioaren lehengaia beti zaborra da. Istanbulen bizi den sortzaile turkiarrak hiriko aireportuan erakutsi berri ditu bere erretratuak. Distantziatik begiratuta, lanak pintura-pintzelkadekin eginda daudela dirudi, baina ilusio optikoa besterik ez da. Argiek, ehundurek, formek... ikuslea engainatzea lortzen dute. Sagdicek erabilitako hondakinak aireportuko zaborrak kudeatzen dituen agentziak eskaini dizkio. IGA Istanbul Airport Waste Systems Center elkarteak 120 tona zabor biltzen ditu egunero. Eta artistak asmatu du hondakinak mezu bihurtzen, bidaiariei hormetatik erasotzen dieten mezu ekologikoak, artea erabiliz guztion kontzientzia astindu nahi dutenak. Artistak adierazi duenez, ibilbidearen hasieran ez zitzaion erraza egiten enpresei eta erakundeei “artelanen lehengaia” eskatzea, eta, azkenean, beti zabor bila zebilen «artista ero bat bezala» sentitzen omen zen. Nolanahi ere, azken urteotan egiaztatu du gero eta kontzientzia handiagoa dagoela jasangarritasunaren inguruan. Orain erakundeak dira berarekin zuzenean harremanetan jartzen direnak materiala eskaintzeko eta dozenaka lagunen deiak eta mezuak jasotzen ditu. Gainera, hondakinak eskaintzeaz gain, ideiak ere partekatzen dituzte, zein motatako artelanak egin daitezkeen aholkatuz.