08 JUL. 2023 - 01:30h Ekaitzak ere ez du geratu Bilbao BBK Live jaialdia Jaialdia irekitzear zela sekulako ekaitza lehertu zen Bilbon eta Azkena Rockeko mamuak agertu ziren une batez. Baina, arazo tekniko batzuk salbu, dena aurrera atera zen Kobetamendiko jaialdiko bigarren egunean. Publiko gaztea pozik doinu urbanoekin eta helduagoak indie munduko eskaintzarekin. Moloko taldeko liderra izandako Roislin Murphy irlandarrak zuzeneko berezia eskaini zuen Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU) Iker Gurrutxaga Eguerdi partean mugimendu dezente nabari zen Bilboko Zazpikaleetan, Bereziak deituriko emanaldi potenteak baitzeuden iragarrita. Hidrogenesse sekulako martxa ari zen jartzen Areatzako eszenatokian, baina gu Albiako lorategietara gindoazen, Andrea Santiago nafarra ikusi asmoz. Disko berriaren aurkezpen kontzertua zuen baina berandu asi zen, arazoak izan zituzten korronte sorgailuarekin. Abesti bat entzun eta Areatzara itzulera, Fresones Rebeldes taldea topera ari zen eta jendea saltoka ikusi genuen zubia gurutzatzean; ‘Al amanecer’ klasikoa ari ziren jotzen. Txalo zaparrada jaso zuten Arriaga parera iritsi ginenerako. Autoa hartu eta Kobetamendira abiatu ginen. 16:00etan sartu ginen BBK Live jaialdiaren eremura. Ekaitz arriskua nabaria zen, harrobi inguruan trumoiren bat edo beste entzun zelako. La plazuela froga egiten ari zen eta eten egin behar izan zuten tximistak zirela-eta. Euri jasa hasi zuen orduan. 17:00etan oraindik isiltasuna nagusi Kobetamendin, baina hala ere ateak ireki zituzten eta gutxika-gutxika jendea iristen joan zen. Behetik gorako hasiera Rüdigerrek erdi frogaketa bat egin eta kontzertua eskaintzan hasi behar izan zuen. Ekaitzaren ostean eguzkia gogor jotzen hasi zen, lokaztutako eremua lastoz tapatzen ari ziren bitartean. Baina jende oso gutxi zegoen, pena, Felix Buffen taldeak merezi baino publiko gutxiago izan baitzuen aurrean. Doinu gozoak jorratu zituzten hasieran, americana, folka... Talde aparta da eta kanta onak sortzen ditu egun Beran bizi den musikariak. Gustu handiz landutako abestiak dira eta Joseba Irazoki, Mikel Santxez, Antoine Philippe eta Vincent Bestavenek bikain transmititzen dute Buffen nahia. Botibol taldetik badu lotura batzuekin eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldean aritzen dira besteak. Arazo tekniko bat izan zuten linearen batekin, eta horrek kantuak itsusitzen zituen, soinu ekipoa itzaltzeraino. Ekaitzaren eragina izan zen eta, geratu egin behar izan zuten arren,. jarraitzeko aukera izan zuten. Agurtzerakoan amorrazioa nabari zitzaion Buffi. Ea datorren urteko Azkenan bigarren aukera bat ematen diote, lan berria bidean dute-eta. La plazuela granadarren flamenko fusioa izan zen jarraian Txiki oholtzan. Biko bezela aurkezten diren arren, bost igo ziren oholtzara ‘Roneo Funk Club’ debuteko lana aurkezteko. Estatuko festibal gogokoena dutela esan zuten, «Viva Euskadi! Viva Andalucía» oihukatuz. Instrumentu organikoak jotzen dituzten arren, elektronika ere gehitzen dute programazioekin. Bostehun bat pertsona ziren emanaldiaren hasieran, hala ere, bukaerarako gutxienez bikoiztu egin zen publikoa eta erdiak kantari ari ziren. Ekaitzetik hondartzara eraman zituzten bertaratuak ‘Realejo Beach’ kantutzarrarekin, flamenkoa eta funkya eskutik hartuta sargoriari aurre egiteko, 32 gradu baitzeuden. Inprobisazio tarteak ere bazeuden tartean. San Miguel oholtzan intro gozo bat entzuten zela igo zen oholtzara Morgan taldea, ‘Alone’ kantuarekin hasteko, ‘The River and the stone’ 2021eko diskoko abestia. Ekain Elorza berriztarra zegoen oholtzan, talde madrildarreko bateria-jotzailea baita bera. Lehen txaloei eskerrik asko esanaz erantzun zien Carolina de Juan ‘Nina’. Taldea dena lerro berean kokatu zehen oholtza betez, zirkulu erdiko forman. Publikoarekin hartu-emanean aritu ziren hasiera-hasieratik. 2018ko ‘Air’ diskoko ‘Blue Eyes’ jo zuten atzetik eta «luxua eta ametsa» zela Bilboko jaialdira itzultzea esan zuen ‘Attempting’ kanturako trantsizioan, 2016ko ‘North’ diskoko abestia. Nahikoa ukitu amerikarra du Morganen musikak, americana, southern rock, blues eta hard rockaren artean mugitzen dira askotan. Musikariak dira, hizki larriz idatzi behar da hori, nabarmena baita duten kalitatea eta abestietan lantzen dituzten pasarte batzuk jam sesiotik ere badute. Gaitasunhandia dutenaren adierazle izaten da hori. Irudi bitxia sortu zen haien kontzertuan, jendea oholtzara begira eskuinaldean kokatu zelako, denak itzalaren bila, tenperaturak gora egin zuen denbora gutxian. Adinez helduagoa den publikoa ikusi zen bertan. Nina zutik jarri zen halako batean, mikroa eskuan zuela eta azken diskoko ‘Paranoid Fall’ abesten hasi zen. Isiluneetan, ordea, 808a entzuten zen Beefeater oholtzatik zetorrena. Bertara joan ginen Doinu urbanoen unea Sanfermin egunean, Ben Yart Kobetamendiko negutegian. Gaztez bete-beteta zegoen lehen lerroetan eremua eta gu kanpoan geratu ginen ez itotzeko, dembow doinuak Basoa eremutik iristen ziren bitartean. Ben Yart probokatzaile zegoen betiko moduan eta jendea «Benito, Benito» oihuka jarri zuen. Publikoa eta haien estetika, dena oso desberdina zen San Miguel oholtzakoarekin alderatuta. Aipatu beharrekoa da Ben Yartek zuzeneko banda daramala, gitarra, bateria eta oinarri elektronikoak jartzen dituena. Baina arazo tekniko garrantzitsua izan zuen autotunerik gabe geratu zelako eta errieta egin zion antolakuntzari, jendearentzat doako edaria eskatuz, barrako prezioak jaitsiko zituela esanaz, eta jendartera garagardo latak eramatera jaitsi nahi zuela esanaz; baina ez zizkioten eman. Hala ere kontzertua autotune eta speedik gabe salbatuko zuela esan zuen ‘Xk me habré metido tanto spiz?’ kantua eskaini aurretik. Atzetik etorri zen ‘Ceros’ abesti berria, jendeak ongi ezagutzen zuela nabaritu zen. Pena artista emanaldiarekin gustura geratu ez izana, baina hori izaten du zuzenekoak. Prentsa gunera itzultzen ari ginela, buruan turbantea buruan zutela topatu genuen musika arabiarra eta rocka fusionatuz Tinariwen taldea. Jendearen arreta erakarri zuten ezohikoa den janzkera eta estetikarekin, baina musika ere oso berezia zen. Egun eguzkitsua izanik, haiek izango ziren akaso freskoen! Bandera berebertarra ere atera zuten, beren jatorria argi erakutsiz. Pare bat kantu entzun eta oholtza nagusira geraturatu ginen. Dukik gazteria pilatu zuen oholtzaren parean bere doinu urbanoekin. Hau ere Ben Yarten antzera bandarekin igo zen oholtzara; hiru musikari zituen ondoan, power trio itxuran. Baina a zer nolako power trioa, sorpresa izan zen askorentzat. Argentinarra ezagun egin da azken urteetan, batez ere Quevedorekin, besteak beste, kolaboratu duelako. Bandaren kontura itzuliz, freestyle rapeatzaileen artean, Amerikan, halakoak ohikoak dira eta Europara hedatzen dabil formatu hori. Punka, funkya… denetarik nahasten dute MCaren barren atzean. Nabari da freestylean ibilia dela, minutuko hitz kopuru izugarria botatzen du Dukik. Aipatzekoa ikuskizunerako egin zuten errealizazioa eta suak eman zion ikusgarritasuna. ‘Goteo’ kantuarekin dena erotu zen, baita Bizarrapek ekoitzitako ‘Malbec’ kantuarekin ere. Trap ereserkia inondik ere. ‘She don't give a FO’ kantuarekin tempoa jaitsi zuten, eta ikusle asko lagunen sorbaldetara igota ikusi genuen abesten. Horrela akitu zen argentinarraren emanaldia. Eztanda elektronikoa Moloko taldeko Roisin Murphyren txanda zen Dukiren atzetik bigarren oholtzan. Helduenek oholtza aurrea ongi beteta zuten emanaldia hasi aurretik. 50 urteko irlandarra edizioko beteranoenetakoa zen, The Chemical Brothersen antzera. Janzkera oso bitxiarekin igo zen oholtzara, propio diseinatutako soinekoa, botak eta kapela bitxia. Urdin elektrikoa nagusi haren koloreetan. Bost musikari oholtzan, denetariko gailuekin. Jolasean ari ziren nabarmen, esperimentazioan. Oholtza erdian kamera bat jarri zuten beren atzeko planoan publikoaren irudiak erakusteko, eta, zuri beltzean izan ez balitz, Palestinako bandera argi ikusiko zen irudietan. Ikuskizunean asko erabili zuten kamera hori gauza desberdinak egiteko. Bigarren abestirako kapela kendu eta ilea astinduz ikusi genuen Murphy. Elektroa, technoa, esperimentazioa eta instrumentu organikoak ere ikusi genituen oholtzan, funk eta disco estiloetara eramateko taldearen musika. Roisin oso performatibo ikusi zen denbora guztian, janzkerak ere uneoro aldatuz. Gero pop ukituak zituen neo soulera egin zuen salto, eta sekulako ileorde arrosa jarri zuen buruan, lumaz betetakoa. Abestiro burukoa aldatzen zuela jabetu ginen gero. Musika beltzaren eragina agerikoa zen Murphyren musikan. Berriz ere oholtzaz aldatu genuen, Firestone oholtzan ordura arte egin ziren kontzertuetatik jendetsuena izan zen Maria Escarmientoren emanaldia ikusteko. Pop elektronikoa, dance eta EDM musikak nahastuz hasi zuen ikuskizuna. Baita hardstyle eta halakoetatik ere asko mugitu zen, baita reggaetoitik eta trapetik ere. Harritzekoa da artista honen bilakaera, Operación Triunfon izan zenean rocka eta folka maite zituen Maria Villar ezagutu baigenuen. Bart Bilbon ikusi genuen Maria Escarmientotik oso urrun dagoen Maria Villar. Kontzertuaren bukaeran La Oreja de Van Gogh taldearen ‘Puedes estar conmigo’ kantua hardstylera eramanda eskaini zuen, eta, bukatzeko DJ Martaren ‘Yo lo que quiero es irme de fiesta’ klasikoa abestu zuen. Belaunaldi arrakala, beste behin Kontrastea etorri zen atzetik Pavement taldearekin. Beteranoak dira, 1989an sortutako banda indiea da. 1999an geratu ziren lehenengoz, 2010ean kuku bat egin zuten eta 2022an itzulera urtea izan zen, berez 2020ko Primaver Sound jaialdian behar zuen itzulera. Jendez eskas egon zen kontzertua, nostalgiak ez du gehiegi saltzen BBK Liven. Oholtza nagusiko eremuaren erdia ere ez zen bete. Iaz Pet Shop Boysekin gertatu zenarek antzera, gazteenekin ez zuten konektatu. Soinuan ere eragin zuen jende faltak, oihartzuna eta erreboteak baitzeduen atzeko lerroetan. Lehen lerroetan, berriz, adinez nagusiagoa zen jendea eta atzerritarrak, errez iritsi ginen haiek gertutik ikustera. Seikotea bikain ari zen, Oasis taldearen bertsio indieago bat zirudien nolabait esatearren. Belaunaldi arrakala Baiuca taldearen emanaldian jende askoz ere gehiago zegoela ikustean nabarmendu zen. Festa nahiago du BBK Liveko publikoak nostalgiaren aurrean eta hori eskaini zuen Baiucak. Folk galiziarra eta elektronika oso ondo uztartzen ditu boskoteak, nahiz eta tartean a capella panderoarekin soilik abestiren bat ere eskaintzen duten. Galizian ondo sustraitutako musika gaurkotu zuten atzokoan. Phoenix taldearen txanda iritsi zen gero. Laugarren aldiz, gutxienez, igo ziren Kobetamendira. Edizio gehienetan oholtzan izan den taldea izango da ziurrenik. Baina erantzuna ere tamainakoa izan zuen, urrunetik entzun zitekeen publikoa abestuz eta oihuka. Gauari bukaera The Blaze, The Murder Capital, Jamie XX eta La Élite taldeek eman zioten. Berriz ere gaua bukatzeko kontrastea, iaz Moderatekin eta Mujeresekin gertatu zen antzera. Azken egunerako prest Eneritz Furyak eta Hofe eta 4:40 izango dira hasiera emango diotenak 2023ko BBK Live jaialdiaren azken jardunaldiari. Merina Gris, Rojuuu, Perfume Genius edota Cala Vento izango dira giroa berotzeaz arduratuko direnak. Iluntzetik aurrera, ordea, Love of Lesbian, 070 Shake, Arctic Monkeys eta Idles bezalako taldeak izango dira Kobetamendiko oholtzetan. Ea biharkoan aurreko egunetan baino erritmo eta berotasun gehixeago izaten den kartelburuaren orduan. Arde Bogotá edota Neo Pistea izango dira bukera borobila ematen saiatuko direnak. A, eta nola ez, John Talabot DJarekin bukatuko da azken urteetako ohiturari eutsiz Kobetamendiko festa.