GAIAK

Behetik gora, eguzkiaren kontran, bukatu zen 2023ko BBK Live Festival

Goibel hasi zen Bilbao BBK Live jaialdiaren azken eguna. Euskal ordezkariek bikain bete zituzten beren saioak eta Cala Vento taldearekin lehertu zen jaia. Eguzkia ere atera zen, nahiz eta goitik behera zihoan ordurako. Love of Lesbian, Arctic Monkeys eta Idles taldeek bukaera bikaina eman zioten.

Rock doinuak izan dituzte lagun bertaratuek BBK Liven 2023ko egunik jendetsuenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ateak ireki orduko lasterka sartu ziren hainbat pertsona Bilbao BBK Live jaialdiko azken egunera. Arctic Monkeys zaleak ziren, Nagusia oholtzaren azpian kokatu nahi zuten, nahiz eta taldeak 22:40 arte ez zuen bere kontzertua eskainiko Sheffieldgo taldeak.

Eneritz Furyak irundarra izan zen oholtzara irteten lehena, bera bakarrik ohikoa den moduan. Proposamen arriskutsua zen eta nabaritzen zen, publiko askorik ez zelako Beefeater gunean. Tira, eta ezta jaialdiko eremuan ere, hiru egunetatik ikusle gutxien larunbatekoan izan baitzen lehen orduetan. Hala ere dena eman zuen Furyakek, ‘Emadan’ diskoko abestiak aurkeztu zituen. Atmosfera landuak, gitarraren soiltasuna eta abesteko modu berezia, hori guztia eskaini zuen.

Kontrastea Hofer eta 4:40rekin topatu genuen San Miguel oholtzan. Zuzenekoetara batu zitzaien udaberrian Jangitz Larrañaga Igotz Mendez, Marcos Galech eta Xabier Lafuentek osatzen duten proiektuari. Zaletu batzuk elkartu zituzten nafarrek oholtzaren bueltan. ‘Kurosawa’, ‘Joven Lehendakari’ edota ‘2 esku 2 laban’ kantuekin jendea pozik ari zen abesten eta dantzan. La Élite taldearekin grabatutako singlea ere aurkeztu zuten, baina penaz ziren Kobetamendin elkarrekin ezin izango zutelako aurkeztu. Cumbia abesti bat jarri zuten bukaeran eta publikoa poltsikoratu zuten, denak koreografia bera dantzatzen ari ginen bitartean.

Rojuu estetika bitxiarekin agertu zen oholtzan, bolantedun enkajezko gona bat eta bisoi estiloko berokia soinean zituela. Intro bat eta atzetik banda igo zen oholtzara, tartean, Elena Nieto bateria jotzen, Yawners taldeko abeslari eta gitarra-jotzaiela. Baina oholtzaz aldatu genuen, Merina Gris taldeak ere zuzenekoa eskain behar zuelako. Betiko jarrera bikainarekin eta kantuetan sekulako energia deskargak eginaz aritu ziren, baina publikoa hotz zegoen. Oraindik ere goibel, eguraldia bezala. Beroago zegoen Rojuurenean guztia, beroki gabe erdi biluzik topatu genuen kataluniarra, hardstyle gisako elektronikarekin zegoen. Mosh pit bat egin zuten bere zaleek, ordurako dezente zeudela bertan.

Gu, ordea, pasaeran ginen oholtza nagusitik, Beefeater gunean Judeline andaluziarraren proposamen berezia geneukalako zain. Flamenkoaren fusio bitxi bat dela esan daiteke, baina baladak, neo-soula eta drillaren arteko nahasketak edota reggaetoi lasai eskaini zituen. Baita ‘Fanática sexual’ reggaetoi hitaren bertsio dream-popago bat ere. Oso ondo abesten du 20 urteko Cadizko abeslariak. ‘Canijor’ abestiarekin jendea erotu zen eta sekulako txalo zaparrada eskaini zion publikoak agurtzeko. Negutegi efektua bikain probestu zuen, berotasuna alde guztietatik jaso baitzuen Judelinek.

Rockarentzat tartea

Cala Vento biko kataluniarraren ikuskizun zen Kobetamendin bildutako jende asko. ‘Gente como tú’ eskaini zuten hasteko. Atera berri duten ‘Casa linda’ diskoko kantu bat jo zuten hirugarren tokian, ‘Passar pantalla’, Gorka Urbizurekin batera egindako abestia. Eta, egiari zor, askok Lekunberriko abeslaria oholtzan agertuko zela ere uste genuen, baina ez zen horrela izan. Goraino beteta zegoen txiki espazioan bikoa izan zen protagonista, gonbidaturen bat ere bai, baina zuzeneko eskaintza oso interesgarria dute Joan Delgadok eta Aleix Turonek. Gitarra bat, bateria bat eta tarteka bateria utzi eta gitarrari heltzen dio Joanek. Punka, rocka, popa, hardcore melodikoa, rap-metala… denetarik jorratzen dute, eta Kaliforniara eramaten gaituzte maiz beren doinuekin. Abesti oso dinamikoak dituzte eta abesten Joanek amorrua eta Aleixek melodia eskaintzen diete kantuei. Elkar oso ondo ulertzen dira eta oso landuta dagoen musika eskaintzen dute. Atzoko eta gero, baietz gehiagotan etorri Euskal Herrira!

Jendea erruz ari zen iristen oraindik  21:25ean Kobetamendira, Arctic Monkeysen emanaldia ikustera gehienak. Love of Lesbian martxan zen ordurako. Argi diseinu polita, ilunabarraren koloretan eta eguzkia oholtza atzean ezkutatzen ari zela hasi ziren kataluniarrak. Jendez mukuru zegoen San Miguel oholtza, hasieratik ereserkiak abestuz. Jaialdiko kontzertu gogoangarrienetakoa izango da etorkizunean. Emanaldian modu batean edo bestean, erdi brometan edo erdi serio, presoak gogoan izan zituzten taldekideek. Euskaraz ez dakiela askorik ere esan zuen Balmesek, baina ikasi nahiko lukeela gehitu zion mezu horri. Fanak pozik geratuko ziren, haiek nahi zutena entzun baitzuten atzokoan.

Milaka lagun pilatu ziren oholtza nagusian Arctic Monkeys ikusteko, sold outa iragarrita zegoen gaurkorak eta argi geratu zen norengatik izan zen. Sheffielden sortutako taldeak zaletu sutsuak izan zituen aurrean eta diskotekako kristalezko bola handi bat oholtzaren erdian. Argi diseinua ere beste maila batean zegoen, goi mailako ikuskizuna hasteko prest. ‘Sculptures of anything goes’ hasteko, ‘The Car’ disko berritik. Eta ‘Brianstorm’ klasikoa segidan, ‘Favourite Worst Nightmare’ diskotik ateratakoa. Kantutzarra. Argi geratu zen bateria-jotzailea beste maila batekoa dela kantu horretatik aurrera. Seikote indartsua osatzen duten arren, piano eta sinteek goxotasuna ematen diete beren indie-rock musikari. Gitarra jotzeko modu bitxia du, berriz, Alex Turnerrek, baita abesteko tinbre berezia ere. Betaurreko beltz eta guzti igo zen oholtzara.

Rock klasikoagotik edaten duten doinuekin jarraitu zuten eta ‘Crying Lightning’ kantuan oinarri erritmikoa bikaina dela erakutsi zuten. ‘The view of afternoon’ indartsuagoa segidan, abesti giitarreroa eta AM diskoko ‘Why you’ ere nahikoa azkar etorri zen. Baxuaren sotiltasuna baina duen presentzia eta indarra erakutsi zituzten abesti horretan. Bilboko auzoaren izena daraman ‘Arabella’ entzutean, jabeti ginen ia geldialdirik ez zutela egin kantu eta kantu artean. Erdi tempoko gehiegi aukeran, baina badirudi hori dela tendentzia orokorra, diskoetan baino geldoago jo baitzituzten hainbat abest. ‘Fluorescent adolescent’  eta ‘Do I wanna know’ klasikoek ere ez zuten hutsik egin. ‘R U Mine?’ kantuarekin esan zuten agur.

Idlesen txanda segidan,  hasieratik ilunagoa izan zen emanaldia, basatiagoa. Argi zeukaten nora etorri ziren, ez baitzen Euskal Herrian jotzen zuten lehen aldia. Euskarazko esaldiak tarteka, ‘Fuck the king’ oihuka jarri zuten jendea eta «Antifaxist!» ere egin zuen oihu Joe Talbot abeslariak. Partisan Records zigiluarekin ez dute kasualitatez kaleratzen beren musika. Rock talde indartsu dira, indartsuena akaso aurtengo jaialdian. Jendea bero zen eta bolloa laster montatu zen lehen lerroetan, jarrera bikaina oholtzan musikariek. Une bitxia halako coverren momentu batean iritsi zen, Mariah Careyren ‘All I want for Christhmas is you’, Harry Stylesen bat eta Sinead O'Connorren ‘Nothing compares 2 U’ kantuaren zatiak jo baitzituzten. Kontraste ederra beren ohiko kantuekin. Baina publikoa oso pozik geratu zen eta askorentzat kontzerturik onena izan zen Bristolgo taldearena.

Bukaera

Arde Bogotá eta Roysköpp ziren jarraian eta Cartagenako taldeak jende asko bildu zuen Txiki oholtzaren parean. Modan dagoen taldea da murtziarra eta oso aproposa halako jaialdietarako. Interesgarria da lantzen duten pop-rock musika. Benetako itxiera, ordea, John Talaboten eskutik izan zen aurtengoan ere, goizaldera arte luzatu baitzen Basoa eremuko jaia.

Datorren urtera arte agurtu dugu Kobetamendiko otsoa. 2024an uztailaren 11tik 13ra izango da Bilbao BBK Liven edizio berria. Ea zer nolakoa datorren.