26 JUL. 2023 - 14:49h 58. Jazzaldiak marka guztiak hautsi ditu, 191.000 entzule eta puntako artistekin Donostiako 58. Jazzaldiak arrakasta handia izan du. Inoiz baino lagun gehiago, 191.000, bildu dituzte bost egunetan eskainitako 90 kontzertuek. Kalitatezko musikarekin gozarazi dituzte entzuleen belarriak Julian Lage, Norah Jones, Ezra Collective eta Yosuke Yamashitak, besteak beste. Rocio Marquez & Bronquiok kontzertu ikusgarri bat eskaini zuten: konplexua, ñabarduraz betea. (Jon URBE | FOKU) NAIZ Donostiako 58. Jazzaldiaren antolatzaileen balantzea ezin hobea da. Esan dutenez, jende asko bildu da kontzertu guztietara, sekula baino gehiago. 191.000 lagunek bete dituzte bost egunetan 16 agertokitan egindako 90 kontzertuak. Salgai zeuden 21 kontzertuetatik hamabostetarako sarrerak agortu dira. Triniko lau gauetatik hirutan jarri dute ‘Sold out’ kartela, Kursaaleko bost kontzertuetatik hirutan, San Telmo Museoko kontzertu guztietan, Club aretoko bietan, JazzEñeko batean eta Maria Cristina Hotelekoan. Nazioarteko izar handiek, jazzaren etorkizuna markatuko duten artista berriek, musika estilo ugaritako taldeek zein bertakoek kalitate handiko kontzertuak eman dituzte, hiria musikaz, jai giroz eta ospakizunez betez. Trinitate Plaza Trinitate Plazako lehen eguna, larunbata, gitarren gaua izan zen. Julian Lagek kontzertu bikaina eskaini zuen eta erakutsi zuen momentu oso onean dagoela. Bill Frisellek, bestalde, entzuleak miretsita utzi zituen bere argitasun, dotoretasun eta berotasunarekin. Bi emanaldien artean, bi gitarra jotzaileek agertokia partekatu zuten. Publikoaren oroimenean betirako geratuko den une horietako bat. Igandean, Abdullah Ibrahimek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen. Ondoren, kontzertu leun eta bikain bat eskaini zuen, non maisu hegoafrikarrak bere bihotzaren barrenetik ‘a capela’ abesten amaitu zuen. Bigarren kontzertua Nubya Garciarena izan zen, indartsua eta liluragarria. Astelehena Enrico Ravarekin hasi zen. Goizean, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen, ibilbide luze bati esker ona. Italiako tronpeta maisuak ez zuen huts egin, eta bere herrialdeko talentu gaztez inguraturik kontzertu bikaina eskaini zuen. Gero, David Helbock 's Austrian Syndicateren emanaldia izan zen. Euri-jasa handia bota arren, entzule gehienak eserlekuetan mantentzea lortu zuen. Triniko kontzertuak festa handi batekin amaitu ziren. Bamba Wassoulou Groove maliarrek plaza osoa dantzan jarri zuten beren gitarra hipnotikoekin. Eta Joss Stone handi baten kontzertuaz gozatu ahal izan zen. Kursaal Auditorioa Askotariko estiloekin, Kursaal Auditorioak kalitate handiko bost kontzertu hartu ditu. Kenny Barronek, EGOrekin batera, ikusleak poztu zituen. Norah Jones, bere ahots paregabearekin eta piano zoragarriarekin, bikain aritu zen. Rocio Marquez & Bronquiok kontzertu ikusgarri bat eskaini zuten: konplexua, ñabarduraz betea. FCC Victoria Eugenia Antzokiak JazzEñeren bederatzigarren edizioa hartu du. Kontzertu guztietara, batez beste, 650 pertsona joan dira, eta kalitate handiko zortzi proposamen ikusi dituzte: Lucia Rey Trío, MOVE, Carles Margarit Quinteto, NGBM Cuarteto, Alto For Two, Niño Josele, Bandolero Cuarteto eta Gonzalo del Val. Keler Gunea Keler Gunean zortzi kontzertu jendetsu eta estilo anitzekoak izan dira. Village Peoplek 40.000 pertsona dantzan jarri zituen hondartzan. Ondoren, Fred Wesley funkaren historiako handienetako baten txanda izan zen. Blue Lab Beats fresko, esperimental eta jatorrek ere entzulegoa bereganatu zuten. Viva Sueciako milaka jarraitzaile hurbildu ere ziren, kantu guztiak dantzatu eta abesteko. Arde Bogotak energia, gogo bizia eta irmotasuna xahutu zituen. Gero Tiken Jah Fakolyren txanda iritsi zen, bere reggae aldarrikatzailearekin eta banda handiarekin giro ikusgarria sortu zuen. ZETAK arduratu zen azken kontzertuaz. 8.000 jarraitzailek hartu zuten parte. Skoda San Telmo Museoa San Telmo Museoko klaustroan piano solo kontzertuen formatua errepikatu dute. Kontzertu horietan, inolako anplifikaziorik gabe, pianoaz gozatzeko aukera eskaini da, edukiera txikiarekin eta museoko klaustroa bezalako leku magiko batean. Japoniako lau piano-jotzailek bost kontzertu eskaini dituzte: Yosuke Yamashitak, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuenak, bi programa eskaini zituen, kalitate, adierazkortasun eta teknika bikainekoak biak; Eri Yamamotok, alaitasuna eta fintasuna agertu zituen, eta Bruce Barth senarrarekin batera aritu zen, lau eskutara. Kento Tsubosakak, sormen eta teknika bikainak erakutsi zituen; eta Hakuei Kimek piano solo zikloa itxi zuen, estilo pertsonal, dotore eta erritmoz betearekin. Frigo Gunea eta Fnac Gunea Jendez gainezka zeuden terrazetan askotariko estilo eta jatorritako taldeak izan ziren, euskaldun ugari tartean. Xahu, Isla Trio, Motelas, Arnaud Labastie Trio, Les Cuisinieres, Lutfi Jakfar 's Sith Trio, Bamms, Amaika Rude, Mikel Legasa' s Quintet, Xavi Maldonado & David Cid Cuartet, Kinkfols eta Olana Liss. Izen handiko eta ibilbide bikaineko nazioarteko artistak ere izan ziren Frigo eta Fnac guneetan: Damir Imamović, The Side Effects, Ill Considered, Jerry Bergonzi, The Mississippians, Sara Dowling, Pacific Jazz Ambassadors, Conversessions eta Bengue. Freedom First deitutako bi kontzertutan, espetxetik, heriotza-zigorraren zain dagoen Keith LaMar-ek parte hartu zuen. Bi kontzertu hunkigarri, ikusleen bihotzak ukitzen dituzten horietakoak. Txikijazz Txikijazzen edizio honetako bost egunak zoragarriak izan dira. Jazz ona entzun ahal izan da: Five Stars, Eri Yamamotoren pianoa, Amaika Rude eta Les Cuisinieresen dibertsioa, Iago gaztearen magia, eta Michelle Hendricks eta Sara Dowlingen ahotsak. Hori guztia dagoeneko Txikijazzean egonkortzen ari diren hiru guneetan: Chillida Leku, Garbera eta Kutxa Fundazioa (Tabakaleran). Tailerrak ere topera egon dira. «Belaunaldi berrietan sakontzen joateko helburua betetzat» eman dute, hortaz. Zortzi kontzertu eman dituzte streaming bidez, doan, eta Youtubeko kanalean eskegita eta eskuragarri daude. Sare sozialetan 42.000 jarraitzaile dituzte.