26 JUL. 2023 - 05:45h Besta giroan murgilduko da Lapurdiko hiriburua ondoko bost egunetan Baiona zuri-gorriz jantziko da, asteazken honetatik eta heldu den igandera bitartean. Iluntzean eginen dira, lehenik, besta alternatiboen idekiera ekitaldiak eta, ondoren, bestetako abiatze ofizlala. Anartean, Bestazaleen Lasterketaz zein Biper Moleta Txapelketaz gozatzeko parada izanen da. Pagotxen merkatuan besta arropa erostea ohitura da milaka eta milaka bestazaleei harrera egiteko prest den Baionan. (Guillaume FAUVEAU) Maite Ubiria Pandemiak agindutako etenaldia atzean utzi ondoren, 2022ko uztailaren hondarrean «XL» tamainako bestak ospatu zituen Baionako hiriak. Orotara 1,2 milioi bisitari izan ziren Lapurdiko hiriburuan. Uztailaren 26 honetan hasi eta heldu den igandera bitartean eginen dituzten ospakizunek, ordea, «XXL» formaturako itzulera marka dezaketela uste dute bestak antolatzeko ardura banatzen duten udalak eta jai batzordeak. «Ez genekien XL edo XXL edizio bat izanen genuen aurten», aitortu zuen Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak, bestetako egitaraua azaltzeko ekitaldian. Izan ere, udal agintariak gaineratu zuenez, «Xingar Feriak apirilean bildu zuen jende errekorra aintzat harturik, Baionako Bestei begirako kezka berpiztu zaigu». Udalak emandako datuen arabera, Aste Santu garaian egin zen merkatuak 470.000 bisitari erakarri zituen. Aurrekari horrekin, Baionako Bestak zinez jendetsuak espero dituzte. Horrendako, Herriko Etxeak inoiz baino gehiago nabarmendu du segurtasun planak duen garrantzia. Bestak ahalik lasaienak izan daitezen, aurrekontuaren hiru laurdena baliatzen dute antolatzaileek. Hala, hiru milioitik gora gastatuko dituzte aurten segurtasun, garbitasun eta prebentzioaren xedeak barneratzen dituen plana aurrera eramateko. Bortizkeria sexista Polizia, segurtasun pribatua eta sorospen zerbitzuak biltzen dituen antolakuntza barnean 900 bat uniformedunek jardungo dute bestetan. Protokoloa berresteaz gain, bortizkeria sexistarekin batera alkohola eta drogen kontsumoari loturiko lanjeraz ohartarazteko afixak berritu dituzte. Finean, emazteek bakarrik erabili ditzaketen komunak ezarriko dituzte. 2018an martxan jarri zen sistemari segituz, ostiraletik aurrera bestetako alderdia hesitua izanen da, eta 12 euro ordaindu behar den eskumuturrekoa erakutsi beharko da hara sartzeko. Bi irekiera ekitaldi Pirenees ostatuaren gaineko leihotik 19.00etan hasiera emanen diote besta alternatiboei Patxa plazako gazteek. Besta «herrikoi, euskaldun eta feminista« antolatuz gainkontsmoan oinarrituriko beste eredu ofizialaren aitzinean besta egiteko molde alternatiboa nahi dutela eskaini azaldu zuten aurten garatuko duten programa aurkerteko egin zuten agerraldian. Udaleko balkoitik, aldiz, 22.00etan jaurtiko dituzte gakoak, hala Baionako Besteei irekiera ofiziala markatuz. Horren aitzin, egunean zehar hainbat ekitaldi eginen dituzte. Hala nola, Bestazaleen Lasterketa edota Munduko Biper Moleta Txapelketa. Berrikuntza gisara, «Behin izaten ziren bestak» ikusgarria eskaini zuten bart gauean. Hala, Tafallako erraldoiak, alde batetik, eta Baionako Orai Bat jiganteen konpartsa bestetik, auzolanean aritu ziren bestetako aperitifa gisara. Harmonie Bayonnaise orkestrari egokituko zitzaion musika jartzea eta Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteko eta Biarritzeko Maritzuli konpainiako dantzariek biziaraziko zuten koreografia. Kale animazioa eta zuzeneko musika lehenetsi dute Herriko Etxeak eta Jai Batzordeak era berean «gehiegizko burrunba» ekiditeko borondate irmoa agertu dutela.